«Mugaz gaindiko mugikortasuna zabaltzeko» eskatu dute Urkulluk eta Roussetek

Gutun bat bidali dio Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean mugaz gaindiko mugikortasuna zabaltzeko». Gutun beraren kopia helarazi dio Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Edouard Philippe Frantziako Gobernuko lehen ministroari.

Irun eta Hendaia arteko muga, apirila erdian. GUILLAUME FAUVEAU
Berria
2020ko maiatzaren 28a
12:29
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko txandakako presidente gisa idatzi dio Iñigo Urkulluk Espainiako Gobernuko presidenteari, hiru gobernuen izenean, beren biztanleen mugaz gaindiko joan-etorri batzuk baimendu ditzala eskatzeko, besteak beste, «familiako, gizarte eta ekonomiako eta osasuneko harremanak tartean direnean». Jaurlaritzaren hitzetan, «helburua da gaur egun COVID-19aren ondorioz mugaren bi aldeen artean mugitzeko dagoen debekuaren salbuespenak zabaltzea». Gutun beraren kopia helarazi dio Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Edouard Philippe Frantziako lehen ministroari. Hain zuzen ere, prentsaurrekoa eginen du Philippek gaur 17:00etan, konfinamendutik ateratzeko neurri berriak iragartzeko.

Aipatutako gutunean, hiru arlotan eskatu dute mugaren zabaltzea: «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak (NAEN) edo antzeko izaeradun beste erakunde batek finantzatutako mugaz haraindiko proiektuak»; «mugatik hurbil bizi eta egunerokotasuna alde bietan egiten dutenak. Familiako, gizarte eta ekonomiako arrazoiak; ez, ordea, aisiagatiko kasuak»; «ohiko mugikortasuna osasun motiboengatik: kontsulta medikoak eta paramedikoak».

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, eskaera hori bera egingo du gaur arratsaldean Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Europako Batasunaren inguruko gaietarako konferentziaren bileran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.