Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako mugak elkartzen diren tokitik metro gutxira, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustokian egin du prentsaurrekoa Eusko Ikaskuntzaren Gazte Agora egitasmoak. Tokia nahitara aukeratu dute: gazteen mugaz gaindiko elkarguneak sustatu nahi dituztelako, eta agerraldira joan diren ordezkariek ere badute zer esana. Bertan dira: Maialen Olabe Euskadiko Gazte Kontseiluko presidentea, Juan Gutierrez Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko presidentea eta Eusko Ikaskuntzako Gazte Agorako kide Xalbat Alzugarai, Ander Vizan eta Leire Zabala. Esku artean txosten mardul bat dute, hiru hizkuntzatan osatua —euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez—: Euskal Herriko gazteriak egungo egoeraren gainean egiten duen diagnostikoa osatu dute lau arlotan, eta hiru administrazioez gaindiko —EAE, Nafarroa eta Euskal Hirigune Elkargoa— foro bat ere iragarri dute udaberrirako.
Batzen gaituen norabidean dokumentua da atzo Irunen aurkeztutakoa. Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, hiru saio egin dituzte azken bi urteetan, Iruñean, Donostian eta Baionan, eta, guztira, 60tik gora gaztek parte hartu du dinamikan. Lau ardatzen gainean aritu dira gogoeta egiten: ongizate materiala, hizkuntza politikak, hezkuntzaeta gobernantza. Arlo horietan gazteen ikuspegitik dauden arazoak identifikatzen eta horiei aterabidea bilatzeko proposamenak egiten aritu dira, eta txosten batean bildu dituzte ondorioak; bai lurralde bakoitzaren analisia, eta baita hiru administrazioen pean egonagatik ere martxan jar daitezkeen neurriak.
Olabek aurkeztu du arlo sozioekonomikoarekin lotura duen atala: «Euroeskualdeko gazteek zailtasun handiak dituzte bizi proiektuak garatu ahal izateko». Zehazki, etxebizitzaren eta lan prekarioen auziari egin dio erreferentzia, eta nabarmendu du zazpi lurraldeetako gazteek identifikatzen dituztela bi faktore horiek ongizatea bermatzeko aldagai gisa. Horregatik, Gazte Agorak proposatu du mugaz gaindiko jarduera sozioekonomikoak bultzatzea, eta etxebizitzaren eta enpleguaren arazoari gazteen ikuspegi batetik heltzeko proposamenak lantzea. Besteak beste, gazteentzako etxebizitzak aipatu dituzte dokumentuan.
Alzugaraik, berriz, euskarari egin dio erreferentzia. Ohartarazi du euskararen egoera ez dela bera Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Euskal Hirigune Elkargoan, baina Euskal Herri osoan hartu beharko litzatekeela euskara «aberastasun» gisa. Horregatik, eskatu dute euskarari ikusgaitasuna emateko, eta ez ideologizatzeko hizkuntza. Neurri zehatzak ere proposatu dituzte: administrazio publikoan euskara sustatzea, euskarazko jarduerentzako diru laguntzak handitzea, eta hiru lurralde administrazioak barnebiltzen dituen erakundeak ere indartzea, euskara ardatz izango dutenak.
Olabek euskararen auziari hezkuntzarena gehitu dio. Lurralde administratibo bakoitzak bere hezkuntza sistema propioak eta berezitasunak ditu, baina zeinbait proposamen jarri ditu mahai gainean: «Erronka da aniztasuna eta hezkidetza hezkuntzan txertatzea. Horretarako, beharrezkoa da ikasleen parte hartzea eta, oro har, hezkuntzan ari diren eragileen elkarlana sustatzea».
Eta, ikasleen parte hartzeaz gain, gazteen parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena indartu behar dela ondorioztatu dute gobernantzaz aritzerakoan, Gutierrezek azaldu duenez, eta erakundeei eskatu diete horretarako baliabideak ipintzeko.
Topaketa udaberrian
Gazteei dei egin diete Gazte Agoran parte hartu eta udaberrian egin nahi duten mugaz gaindiko foroan parte hartzeko, «elkarrekin eraikitzen segitzeko».
Mugaz gaindiko gazte bilgunea
Eusko Ikaskuntzak Gazte Agora egitasmoaren ondorioak aurkeztu ditu, eta foro berri bat iragarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu