«Mugarri bat» aurkeztu du Pedrosak: eskola publikoaren lehen plan estrategikoaren ardatzak

Plana oraindik guztiz ontzeko dago, baina lehengo astean amaitu zen testuaren inguruan egindako parte-hartze prozesua, eta izango dituen irizpide nagusiak aurkeztu ditu Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean.

Pedrosa Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Pedrosa, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2025eko apirilaren 7a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Eskola publikoarentzat etapa berri baten hasiera da», asmo handiz aurkeztu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko Lehen Plan Estrategikoaren irizpide nagusiak. «Historikoa» dela ere esan du. Eusko Legebiltzarrean hartu du hitza, Hezkuntza Batzordean. Jaurlaritzak berak, bere iturrien bidez, gaur plana aurkeztu dutela jakinarazi du. Agerraldian bertan sailburuak berak onartu du, ordea, oraindik ontzeko dagoela: ardatzak aurkeztu ditu. Plana lantzeko parte-hartze prozesua lehengo astean bukatu zuten; oso mamitsua izan dela adierazi du, eta, horregatik, berebiziko garrantzia eman nahi izan dio planaren irizpide nagusien aurkezpenari. Izan ere, eskola publikoaren geroa «kolektiboki» fintzeko lehen ahalegina izan dela azaldu du. Aditzera eman duenez, 500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute lanketan. 2028ra bitarteko helburuak zehaztuko dituzte planean. Behin findutakoan Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duela esan du: «dokumentu garatua» erakutsiko du orduan.

Pedrosaren arabera, plan estrategiko honek «balio erantsia» emango dio eskola publikoari. Planean hezkuntza sisteman ari diren eragileen begirada ugari «integratuko» direla argudiatu du: «Eraldatu nahi denean, barrutik egin behar da». Batez ere, «premia handiena dutenei» begirako eskola eredua indartzea nahi dute, era horretan denen premiei era egokiagoan erantzungo zaiela iritzita. «Plan honek urrutira begiratzen du», azaldu du. «Baina gertutik jarduteko aukera ematen du». Eskoletako eguneroko martxa aintzat hartuko duela esan du. «Izan ere, eskola eraldatzea, beste edozer gauzaren gainetik, ikastetxeetako eguneroko bizitza hobetzea da». 2023ko abenduan onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Legea, eta esan du plan hau funtsezkoa izango dela haren edukiak hezkuntza sisteman mamitzeko.

Hainbat erronka identifikatu dituzte, eta propio horiei begira aparteko bideak ireki nahi dira plan estrategikoan. Ikasle migratzaileen ugaritzea eta segregazio arriskua, gazteen arteko indarkeria, hezkidetza, aniztasunaren kudeaketa eta gazteen ongizate emozionala dira erronkak, besteak beste. Planak hamar ardatz estrategikoren inguruan antolatuko du eraldaketa, lau alderdi nagusitan banatuta.

Zehaztasunik ez

Gobernuan dauden taldeek esker onez hartu dituzte sailburuaren argibideak. Oposizioko legebiltzarkideak, ordea, kritiko mintzatu dira. Sumar taldearen izenean Jon Hernandezek hitz egin du. Planaren aurkezpena oso orokorra izan dela adierazi dio sailburuari: «Edukiak falta zaizkit». Hezkuntza Legea ontzeko prozesuan talde politiko ia guztiak batu zituen testu bat egon zela gogoratu du: hain justu ere, hezkuntza ituna onartu zuten EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Sailburuari leporatu dio han «jasotakoen» inguruan aurrerabide gutxi zehaztu izana; leku publikoak handitzeko zer egingo den, esaterako. Pedrosak parte-hartze prozesuari buruz esan dituenen inguruan ere zalantzak azaldu ditu. Oro har, eskola publikoaren aldeko konpromiso irmoagoa eskatu dio sailburuari: «Esan duzu eskola publikoa ardatzetako bat dela; guretzat ez luke ardatzetako bat izan behar, ardatza izan behar luke».

EH Bilduren izenean, Ikoitz Arrese mintzatu da. Orokorregi jardun izana egotzi dio hark ere Pedrosari: «Proposamen zehatzagoak falta zaizkigula iruditzen zait». Kritika egin du, propio, aurkezpena aurrez ez dietelako eman eta ezin izan dutelako aztertu. Hezkuntza itunean jasotakoak lehen lerrora ekarri nahi izan ditu Arresek ere, eta gogoratu du, besteak beste, Eskola Publikoaren Kontseilua oraindik sortzeko dagoela. «Hasi behar ez zen tokitik hasi da etxea». Erabakigarritzat dauzkaten beste hainbat auzi jakin ere propio planean aipatu gabe geratu direla salatu du. Bide horretan, itunpeko sistemari ematen zaizkion laguntzak ere ondo neurtu behar direla gogoratu du EH BIlduko ordezkariak: «Hain justu ere, Hezkuntza Legearen xedeetako bat da Euskal Eskola Zerbitzu Publikoa garatzea, eta hor diharduten eskolen jarduera irizpideak eta betebeharrak ondo fintzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.