Campusa izango da, baina ez da izango eraikin bat, leku fisiko bat. «Kontzeptu berria da: mugarik edukiko ez duen campus bat». Euskadi-Akitania euroeskualderako unibertsitate campusa sortzea adostu dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak. Lankidetza bururaino eramateko bidea izango da, finean: elkarrekin eskainiko dituzte ikasketa batzuk, eta estudianteen arteko trukea ere handiagoa izango da, azken batean campus bat partekatuko baitute bi unibertsitateek. Ikerketa sendotzeko ere baliatu nahi dute proiektua. Europan erreferente izateko helburua du egitasmoak.
Proposamena pisu handikoa da Euskadi-Akitania euroeskualdearentzat, eta pisuzko ordezkaritza joan zen atzo Bordelera (Frantzia). Eusko Jaurlaritzatik, Iñigo Urkullu lehendakaria eta beste hainbat arduradun; Akitaniako Kontseilutik, Alain Rousset presidentea buru, dozena bat kide. Euroeskualdeko bi bazkideak, beraz.
Irakasleak eta ikertzaileak ere baziren. Sinposio bat dute atzo eta gaur Bordeleko Unibertsitatean, euroeskualdeko campusari buruz. 300 lagunetik gora bildu dira.
Ez da oraingoa bi unibertsitateen arteko lankidetza. Gaur bertako datuak emateko: sei master elkarrekin eskaintzen dituzte, 24 doktore tesi ari dira era partekatuan bideratzen, eta nazioarteko hamar ikerketa proiektutara batera aurkeztu dira. Bide hori sendotuko du campusak, azkenean.
Bikaintasunaren ildotik
Nazioarteko bikaintasun izendapena lortua dute bi unibertsitateek aurrez: EHUk, 2010ean, Euskampus proiektuarekin; Bordelekoak, 2011n, Idex Bordeaux planarekin. Programa horien bidez, unibertsitateek harreman sarea sendotu dute inguruko ikerketa zentroekin eta enpresa handiekin—Euskampusen daude, adibidez, Ikerbasque, CAF, Tecnalia...—, eta euroeskualdera eraman nahi dute orain jarduteko eredu hori: EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko erlazioa ez ezik, inguruko sarea ere lotu nahi dute.
Euskadi-Akitania euroeskualdearentzat «mugarria» izango da campusa sortzea, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen esanetan. Datu bat eman du: bi unibertsitateek 120.000 lagun dituzte —irakasle, ikasle eta administrazioko behargin—, eta campus berriak mugimendua sortuko lukeela. Elkarlanak orain arte fruitu onak ekarri dituela nabarmendu du Manuel Tunon de Lara Bordeleko Unibertsitateko buruak. Bide berean ari dira, Goirizelaiaren arabera: «Ikuspegi komuna dugu. Diskurtso bat partekatzen dugu».
Agintarien hitzaldiek, hala ere, ñabardura batzuk agertu dituzte. Urkulluk alde ekonomikoa aipatu du, baina beste ikuspegi batzuk ere agerian utziz: kulturala —«asko zor diote euskal kulturak eta hizkuntzak Bordeleri»— eta politikoa —«beste Europa bat posible dela erakutsi da akordioarekin»—. Rousset, aldiz, alde ekonomikoaz aritu da batez ere, enpresak saretzeaz eta lanpostuak sortzeaz. Aipamena hizkuntzei: «Ona litzateke Frantzian gaztelania gehiago ikastea, eta Espainian, frantsesa». Geroxeago: «Eta euskara ere bai».
Campusean euskarak izango du «aukera», Goirizelaiaren arabera: «Irakaskuntzan, materialetan, tesietan...». Azaldu du euskal ikasketen sail bat badagoela Bordeleko Unibertsitatean, eta hortik barrena bidera daitekeela gai hori.
Nafarroa falta
Eurocampusaren aurretik egindako bidearen errepasoan, 1994a aipatu dute: Akitania-Euskadi-Nafarroa akordioa egin zuten goi mailako hezkuntzarako. Gauzak aldatu dira harrezkero, ordea. Euroeskualdean sartzeari uko egin zion Nafarroak, eta NUP unibertsitate publikoak beste elkarlan bide batzuk hartu ditu —nazioarteko campus proiektua Zaragozako, Errioxako eta Lleidako unibertsitateekin batera egin zuen—. Orain ez da campusean sartuko.
Bitartean, Akitania-Euskadi euroeskualdeko proiektuak aurrera doazela berretsi du Urkulluk. Atzo bilera egin zuten Roussetek eta biek; besteak beste, garraiobideak izan zituzten hizpide —AHTa eta hurbileko trena—. Datorren hilean aurkeztuko dute euroeskualdeko 2020 arteko plana.
«Mugarik gabeko campusa»
Unibertsitate campus bat sortuko dute Akitania-Euskadi euroeskualderako.Ituna sinatu dute EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak.Eskaintza akademikoa eta mugikortasuna areagotuko dira, adibidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu