Koronabirusa

Mugaren itxiera, auzitan

COVID-19ak eragindako itxialdian Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga hesteak «kalteak» eragin dituela argitara eman du euroeskualdeak ekainean egindako inkestak

Mikel Irujo, Marian Elorza eta Mathieu Berge, atzo, Hendaian egin zuten agerraldian. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga ixteak «kalteak» eragin ditu, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko ordezkarien hitzetan. Galdeketa egin dute mugaz gaindiko herritarren eta langileen bizipenak jasotzeko, eta hiru lurraldeetako 2.400 pertsona inguruk erantzun dute. Prentsaurrekoa egin zuten atzo Hendaian (Lapurdi) Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako kanpo aferetako idazkari nagusiak, Mathieu Berge Akitania Berriko kontseilariak eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko ordezkariak, inkestaren emaitzak aurkeztu eta ondorioak plazaratzeko.

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, Frantziak eta Espainiak Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga ixtea erabaki zuten martxoaren 17an, birusari aurre egiteko konfinamendu neurriak ezartzearekin batera. Ekainaren 21ean ireki zuten berriz, baina artean anitz mugatu zituzten joan-etorriak; baimen berezia zutenak baizik ez ziren alde batera edo bestera pasatzen ahal. Euroeskualdearen hitzetan, itxiera horrek «eragin negatiboa» izan du mugaz gaindiko herritarrengan eta langileengan.

Ekainaren 4an hasi zuen euroeskualdeak inkesta egiteko prozedura, eta herritarrek gutxi gorabehera bi asteko epea izan zuten erantzuteko. Mugaren itxierak izandako «eragina murrizteko jarraibideak eta ekintzak» identifikatzea izan da xedea. Erantzun duten gehienak 36-65 urte artekoak dira, unibertsitate ikasketak edo parekoak dituzte, eta muga hilabetean behin baino gehiagotan pasatzen dute. Horretarako, autoa erabiltzen dute nagusiki, eta gehienbat mugaren alde batetik bestera iragateko «arrazoi sozioekonomikoak» dira nagusi: hezkuntza, arrazoi pertsonalak, eta familiarekin zerikusia dutenak. Zehazki, erantzun dutenen artean, %79,1 erosketak egitera joaten dira, %59,7 arrazoi pertsonalengatik, %49,9 kirola egiteko edo aisialdiko jarduerak egiteko eta %39,2 kultur jarduerak egiteko.

Mugaz gaindiko herritarren artetik, %66,9ri «biziki edo asko» eragin die mugaren itxierak, eta %89,4k adierazi dute muga itxi zenean mugaz gaindiko jardueraren bat egiteari utzi behar izan ziola. Baina muga ireki ostean «oro har» berriro ekingo diote jarduerari, euroeskualdearen arabera, eta horrek «mugaz gaindiko jardueren sektoreetako baikortasuna» erakusten du.

Ekonomia arloan ere eragina izan du mugaren itxierak, eta mugaz gaindiko langileak dituzten enpresek ere egokitu behar izan dute. Gehien hartu diren neurriak telelana (%54,2), enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (%39,1) eta lanaldi murrizketak (%27,7) izan dira, baina kaleratzeak ere (%6,6) egon dira.

Kudeaketa arazoak ere sortu dira kasu batzuetan, Bergek azaldu duenez. Ipar Euskal Herrian, enpresa batek langileak langabezia partzialean ematea erabakitzen bazuen, enpresari eman diote kalte-ordaina hark langileari bideratzeko; Hego Euskal Herrian, langileari eman diote zuzenean. Hegoaldean lan egin, baina Iparraldean bizi diren batzuek zailtasunak izan dituzte zegokien saria eskuratzeko. «Euroeskualdeak bitartekari lana egin du kasu horietan».

Inkestaz gain, 1.400 testigantza ere jaso ditu euroeskualdeak, herritarrek jasan dituzten oztopo nagusiak identifikatzeko. Herri eta eskualde batzuetako biztanleen kasuan, batetik bestera ibiltzeko askatasunaren galtzea oztopoa izan da bertan ez zeuzkaten oinarrizko ondasun edo zerbitzu batzuk erabili ahal izateko. Muga ixteak eragindako auto ilara luzeek ere funtsezko jarduerak zaildu dizkie, eta batzuetan ezinezko bihurtu. Frantziako eta Espainiako Gobernuen irizpide desberdintasunak ere deitoratu dituzte, mugako kontroletan aurkeztu beharreko dokumentuen adibidea emanez: «Hartu diren neurriak estatu mailakoak izan dira, kontuan hartu gabe lurraldearen errealitate sozial eta ekonomikoa», deitoratu du Bergek.

Euroeskualdearen ondorioa argia da: «Europako Batasuneko estatu kideek Schengen eremuaren barruan Europako herritarren mugikortasunari ezarritako murrizketek eta kontrolek askatasunak etetea eragin dute», adierazi dute.

Gogoeta politikoa

Euroeskualdearen inkestari erantzun diotenen gehienek uste dute «ezinbestekoa» dela mugaz gaindiko lankidetza, «mugaz gaindiko herritarren eguneroko bizitza hobetzeko». Herritar horiei «ikusgaitasun handiagoa emateko beharrizana» azpimarratu dute, eta izaera hori indartzeko beharra ere aipatu dute, «askatasun handiagoz zirkulatu ahal izateko eta administrazio dokumentazioaren aldetik mugapen gutxiago izateko».

Bergeren hitzetan, «gogoeta politiko bat» beharrezkoa da, ohartu baitira mugaz gaindikoaren koadro juridikoak zer muga dituen. «Gure helburua da erronka izatea politika publikoetan». Elorzaren hitzetan, Europa osoan egin behar da lan. «Euroeskualdeen formula juridikoa Europako Batasunak sortu zuen, mugaz gaindiko elkarlana bultzatzeko. Europaren ametsa mugak ezabatzea izan da». Konfinamendu garaian, nahiz eta mugak itxi, «salbuespenak» onartu izan direla azpimarratu du. Egoerak okertzera joko balu, eta muga ixtea erabakiko balute, salbuespen horiek «eskualde mailakoak» izateko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.