Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugako zortzi pasabide itxi dituzte gaur goizean. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hartutako neurriak, haserrea eta ezin ulertua eragin ditu hautetsi eta herritar andanarengan. Iritzia galdetuta, prefeturara jotzeko agindu zuen atzo Euskal Hirigune Elkargoko komunikazio zerbitzuak; gaur, «zigortutako» herritar eta langileentzat «soluzioak» aurkitzera deitu du agiri batean.
«Erabaki hau, indartu nahi dugun mugaz gaindiko lankidetzaren oinarri diren euskal lurraldeetako biztanleen eta aktoreen eguneroko trukeen aurka doa. [Frantziako] Estatuari eskatzen diot elkar aditze bat abia dezala gai honi buruz, bertako biztanleei eta langileei erantzun pragmatikoak emateko. Euskal Hirigune Elkargoak osoki parte hartuko du lan honetan», adierazi du Joseba Erremundegik.
Gaur goizean itxi dituzte aipatutako pasabideak. Lizarrieta eta Lizuniaga lepoetako argazkiak zabaldu dituzte zenbait erabiltzailek sarean: plastikozko hesi batzuk ezarri dituzte errepide gainean, «itxitako bidea» dioen seinalearekin. Goiz bukaerarako, Lizuniagako hesiak baztertu eta normal-normal pasatzen hasiak ziren bertatik. Baina, arratsalde hasierarako, Frantziako militarrak ezarri dira bi lepoetako mugak ixten.
Zaindaririk ez dagoenez, norbaitek Lizuniagako bidea ireki du eta ibilgailuak nahi bezala pasatzen dira berriz... pic.twitter.com/yPfdBjQI8L
— Franck Dolosor (@FranckDolosor) January 14, 2021
Urtarrilaren 14tik aitzina, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hala erabakirik, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko pasabide hauek itxiko dira:
Sara (Lapurdi). Lizuniagako lepoa; Lizarietako lepoa; Sarako bidea (Berruet bentaren heinean).
Hendaia (Lapurdi). Merkantzien zubia; Hendaia eta Hondarribia (Gipuzkoa) lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria.
Baigorri (Nafarroa Beherea). Izpegiko lepoa.
Aldude (Nafarroa Beherea). Aldudeko ibarreko pasabidea.
Larraine (Zuberoa). Iturzaetako lepoa.