Frantziako Gobernuak, «terrorismoaren kontra» egitea aitzakia hartuta, Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugako zortzi pasabide hetsi zituen urtarrilean. Herritarrek protesta andana egin zituzten pasabide horietan, eta lekuko hautetsiek ere egoera salatu zuten. Euskal Hirigune Elkargoko Jean Rene Etxegarai lehendakariak gutun bat helarazi zion Eric Spitz prefetari iragan astean, mugak irekitzeko. Bada, hetsiak diren zortzi pasabideetatik hiru irekiko ditu prefetak, larunbat honetatik goiti: Sarako (Lapurdi) bidekoa, eta Lizuniagako eta Lizarrietako lepoetakoak. Sarako herrian daude bi pasabide horiek ere, Nafarroarekin mugan. Sud Ouest egunkariari baieztatu dio informazioa prefetak, arratsaldean.
Izan ere, martxoaren 10ean Atlantikoko Europa Hegoaldeko Erregioen Konferentzian parte hartu zuten Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, eta, bertan, Sergio Perez Garcia Nafarroako Kanpo Ekintzetarako zuzendari nagusiak mugen itxiera malgutzeko galdegin zion Eric Spitz prefetari. Perezen esanetan, mugako zortzi pasabide itxi izanak «eragozpen ugari» eragin dizkie inguruko biztanleei: «Lan edo familia arrazoiengatik lurralde batetik bestera ibili behar dutenen mugimendua oztopatzen du, eta martxan diren lankidetza proiektuen garapena zaildu». Hori dela eta, «salbuespenak» ezartzeko eskatu zion gobernuko ordezkariak prefetari.
Beste pasabideek, ordea, itxirik segituko dute, oraingoz. Zehazki, honako bide hauek: Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria, Hendaiako merkantzia zubia, Izpegiko lepoa, Aldudeko ibarra eta Iturzaetako lepoa.