Goizeko bederatzietan elkartu da Labi aholku batzordea, izurria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontrolatzeko neurriak hartzen dituena. Mahai gainean izan du atzo Labiren beraren batzorde teknikoak egindako txostena, eta, horretan oinarrituta, indarrean dauden neurri murriztaileen inguruan erabaki du. Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi berri duenez, indarrean dagoen dekretuan aldaketak egingo dituzte, mugakide diren udalerrien arteko mugimenduak baimentzeko. Mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira jarduera sozioekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Udalerrien itxiera perimetralari eutsiko bazaio ere, baimenduta egongo da udalerrien artean mugitzea kasu hauetan: lehiaketa profesionala edo erdi profesionala egiten duten taldeen entrenamenduetarako eta lehiaketetarako; eremu gorrian ez dauden udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira, halaber, kirolari federatuen lehiaketa eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako, eta gimnasio, kirol klub edo kiroldegietako ikastaro edo jardueretan parte hartzeko.
Epaileen erabakiari helegiterik ez
Lehendakariak jakinarazi du Jaurlaritzak ez diola helegiterik jarriko EAEko Auzitegi Nagusiak ostalaritzaren itxieraren aurka hartutako erabakiari. «Alferrikakoa izango litzateke helegitea aurkeztea sala berberean, epaile berberak izanda, eta txosten gehigarririk aurkezteko aukerarik gabe», argudiatu du Urkulluk. Eremu gorriko udalerrietan ostalaritza ixtea erabaki egokia dela adierazi du lehendakariak, baina gaineratu du helegite bat aurkezteak ez lukeela «eraginkortasunik» izango. Halaber, iragarri du Jaurlaritzak ez duela errefusatuko Luis Angel Garrido epailea, nahiz eta Jaurlaritzak uste duen epaileak «irizpide epidemiologikoaren» eta «pandemiaren ebidentzien» aurka egin duela.