Pertsonen zirkulazio askea aldarrikatu dute hemezortzi gizon-emakume migrantek, Elkano Itsas Herria egitasmoak, Albaolak eta Euskal Itsas Museoak antolatutako ekinaldi batean. Bidasoa ibaia zeharkatu dute Juanita Larando izeneko patatxean, Irundik (Gipuzkoa) Hendaiara (Lapurdi).
SOS Arrazakeriak, Emaus fundazioak, Irungo Harrera Sareak eta Ndank Ndank elkarteak ere bat egin dute.
Izan ere, Elkano fundazioak Elkano Itsas Herria egitasmoa dauka abian; haren bidez, patatxean bisitatuko dituzte Euskal kostako zenbait herri, «euskal kostalde osoak partekatzen duen itsas kultura» zabaltzeko asmoz, irailaren 18ra bitartean.
Atzokoa izan zen uztaileko azken etapa, eta antolatzaileek azpimarratu dute «berezia» izan zela. «Orain dela 500 urte, espedizio haietan, globalizazioari hasiera eman zitzaion, eta aurrez aurre jarri ziren pertsona, lurralde eta kultura ezberdinak. Orain, 500 urte beranduago, ikusten dugu pertsonen zirkulazio librea ez dagoela bermatuta; beraz, azken etapa hau haiek egitea nahi izan dugu, hori aldarrikatzeko», adierazi du Ion Irurzun Elkano Itsas Herria egitasmoko kideak.
Patatxera igotzeko minutu gutxi falta zirela, zenbait afrikar biltzen hasiak ziren Irunen, Bidasoa ibaiaren ertzean. Haien artean zegoen Abdoulaye Gueye abokatua, esaterako: «Pertsona batzuk hiltzen ari badira herrialde batetik bestera igarotzen direlako soilik, zirkulazio librea aldarrikatzea egin dezakegun gutxienekoa da. Horrelako keinu sinbolikoez gain, beste gauza asko falta da egiteko oraindik». Ukrainako errefuxiatuei egin zaien harrera jarri zuen adibidetzat, eta azpimarratu zuen harrera bera egin beharko litzaiekeela afrikarrei, eta «munduko beste edozein pertsonari»: «Konponbideak badaude; baliabideak badauzkagu ukrainarrei bidali dizkiegun laguntzak bidaltzeko, afrikarrei muga pasatzen uzteak erraza izan beharko luke».
Jon Aranguren Irungo Harrera Sareko kidea ere bertan izan zen: «Azken hilabeteetan, migrante batek bere burua hil zuen ibai ertzean, beste bost itota hil dira, eta hiru trenak harrapatuta. Bi, hiru edo lau aldiz saiatzen dira pasatzen, eta atzera bueltatzen dituzte. Kontrol arrazista hauek sufrimendu handia eragiten diete migranteei».
Itsasontzira igotzen hasi ziren hemezortzi gizon-emakumeak, eta Elkano fundazioko Xabier Agotek argibideak eman zizkien arraun egiteko. Pixkanaka hasi ziren mugitzen; koordinatu gabe lehenik, denak batera gero. Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubira iritsi ziren minutu batzuen buruan; mugaren azpitik igaro ziren Bidasoa ibaian zehar arraun gorriekin bultza eginez.
Harrera beroa
Patatxea Hendaiara iritsi orduko, jende andana bilduta zegoen Hendaia Txingudi Klub Nautikoan, zain. Afrikarrak ontzitik jaisten hasi bezain laster hasi zen txalo zaparrada, eta Hendaiako alkate Kotte Ezenarrok ere ongietorria egin nahi izan zien. Hendaiako dantza taldeko kideek, arraunekin ongi etorria egin, eta aurreskua dantzatu zieten ekitaldiari hasiera emateko. Omar Thiorrek hartu zuen hitza, migratzaileen izenean: «Ez dugu utzi behar arrazen arteko aniztasuna goiko agintariek hondatu dezaten». Berriki izandako Melillako sarraskiari buruz ere jardun zen: «Guztiz etsita nago Espainiako presidenteak heriotza horiek txalotzeaz». Amets Arzallusek bertsotan bukatu zuen, horrela: «...Gu denok gauzka seinalatuak hemen dabilen auziak».