Muga meatze proiektuari hamar alegazio aurkeztu dizkio gobernuak

Egitasmoa «gertutik» zainduko dutela esan du kontseilariak.Ezkerreko taldeek kezka adierazi dute sismikotasunaz eta parte hartzeaz

Ion Orzaiz.
Iruñea
2015eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak «gertutik» zaindu nahi du Zangoza inguruko meatze proiektuen garapena, «segurtasunaren eta ingurumenaren alorretan baldintza guztiak betetzen direla bermatze aldera». Hori adierazi zuen atzo Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek, legebiltzarrean eginiko agerraldian.

Elizalderen esanetan, gobernuak «hamar alegazio» aurkeztu dizkio Muga izeneko potasa meategiari; ingurumenaren babesari dagozkionak, gehienak. Hala ere, proiektuaren gaineko eskuduntza Espainiako Industria Ministerioarena dela azaldu du kontseilariak: «Muga egitasmoak bi komunitateri eragiten die: Aragoiri eta Nafarroari. Hortaz, ministerioarena da erantzukizun nagusia; hala ere, Nafarroako Gobernuak txosten bat ondu behar du, enpresak ustiapen lizentzia jaso aurretik».

Meatzea egiteko lanetan akuiferoetara egin litezkeen isuri toxikoak, hondakinak, elektrizitate sareak inguruko faunari eragin diezaiokeen kaltea, lurraren higatzea, airearen kutsadura eta paisaiaren gaineko eragina aipatu zituen Elizaldek atzoko agerraldian. Alor horien gainean egin dituzte alegazioak. «Isurien inguruan, adibidez, enpresak dio ez dela halakorik gertatuko, baina teoria hutsean oinarritzen dira; guk proba gehiago egiteko eskatu diegu».

Alegazioak aurkeztu ostean —oro har, 500 inguru dira; gehienak norbanakoek egindakoak—, lau hilabeteko epea zabaldu du ministerioak, proiektuaren sustatzaile Geoalcali enpresak zuzenketak egin eta azalpenak eman ditzan. «Bilerak izan ditugu enpresarekin, eta esan digute guk planteatutako kezkak eta zalantzak aztertzen ari direla», adierazi zuen kontseilariak.

Elizalderen azalpenak entzunda, pozik azaldu ziren UPN, PSN eta PP. Meatze proiektua «garapen ekonomikorako aukera paregabea» izan daitekeela nabarmendu zuten Mari Carmen Segura (UPN) eta Ana Beltran (PP) legebiltzarkideek. Ezkerreko alderdien analisia, berriz, ez zen hain baikorra izan. EH Bilduko Maiorga Ramirezek «kezka» adierazi zuen, potasa meategia Esako urtegiaren aldamenean egin nahi dutelako: «Urtegiak eragindako sismikotasuna ageriko fenomeno bat da, eta zalantza ugari sortzen dizkigu ondoan meatze bat egiteak izan dezakeen eraginak». Ahal Dugu-ko ordezkari Eduardo Santosek, berriz, parte-hartze prozesua zalantzan jarri zuen: «Guztionak diren natur baliabideak ustiatzen badira, parte hartzea bermatu beharko litzateke, alternatiba guztiak mahai gainean daudenean, eta ez proiektua onartua dagoenean».

Geoalcalik 2016ko maiatzean ekin nahi die Muga proiektuaren lanei, baina inguruko beste hiru eremutan ere zundaketak egiteko baimena eskatu dio Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak