Jose Palazon Osma. Prodein GKEko zuzendaria

«Muga bat ireki dutenean, inoiz ez da ezer txarrik gertatu»

Melilla Europako mugen «laborategia» izan dela hausnartu du Palazonek. Gaur egun Europan eraikitzen ari diren hesiak Melillan 1990eko hamarkadan jarri zutenaren ondorengoak direla nabarmendu du.

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Melillako (Espainia) adingabeen egoerari aurre egiteko sortu zuten Prodein elkartea, 1990eko hamarkadaren amaieran. «Hor sortu genuen, baina aurretik ari ginen lanean», azaldu du Jose Palazon Osma Prodeineko zuzendariak (Cartagena, Espainia, 1955). Ordutik egindako lanak Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso zuen, herenegun. Palazonek Rene Cassin saria jaso zuen Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.

Prodein elkarteak hogei urte ditu. Bilakaerarik antzeman duzue epe horretan administrazioen jarrera eta politiketan?

Politikarien jarrerak okerrera egin du, gero eta gehiago. Gero eta atzerakoiagoa da. Melilla gero eta hiri itxiagoa bihurtzen ari da. Hesiak daude inguruan. Horrek sortzen duen sentsazioa da eraso egin behar dizutela; hesien beste aldean dagoen hori txarra dela, eta ez zaiola sartzen utzi behar. Horrek sentimendu batzuk eragiten ditu herritarren artean, eta administrazioa horietaz baliatzen da.

Nola baliatzen dute hori?

Melillako presidenteak esaten du muga mantendu behar dela, indartu. Are gehiago, hitz egiten du Melillak iparraldera begiratu behar duela. Iparraldera? Melilla suizidiora begira jarriko da horrela jarraituz gero. Logikoena litzateke zabalik dagoen hiria izatea, batez ere hegoaldera begira. Hantxe ditu bizilagun gertuenak.

Melilla izan da Europako muga politiken saialdiak egiteko lekua?

Gaur egun, Europako mendebaldean eraikitzen ari diren hesi guztiak Melillan 1999. urtetik eraiki zutenaren ondorengoak dira. Lehena Melillakoa izan zen. Hesi horietan, Marokoko Poliziak ezarritako metodoak baliatzen dituzte. Greziako irlek Melillari emandako funtzioa dute: heltzen diren migranteek ez dute penintsulara pasatzerik, poliziaren baimenarekin ez bada. Europako herrialdeek hesiaren beste aldean daudenekin hitzarmenak dituzte, Espainiak Marokorekin duen bezala. Melilla laborategi bat da, eta ondorioak zabalduz joan dira.

Eta zer espero daiteke hemendik urte batzuetara?

Ez dugu denboran urrun joan beharko. Urte gutxian, Europak ez du migratzailerik onartuko, ez ekonomikotzat jotzen dituzten horiek, ezta asiloa eskatzen dutenak ere. Europan sartzeko baliatu dituzten herrialdeetara itzuliko dira: Maroko, Libia... Herrialde horietan migratzaileak hartzeko zentroak egongo dira. Beraz, iheslari horiek atzean utzi nahi zituzten gobernuak arduratuko dira iheslariak zaintzeaz.

Urteetan salatu dituzue sartu bezain laster eta identifikatu gabe Marokora itzultzen ziren migratzaileen kasuak. Zertan da egoera gaur egun?

Espainian, auzibideak artxibatu zituzten. Baina zergatik artxibatu ziren auzibideak? Espainiak korrika eta presaka onartutako mozal legean txertatutako puntu baten ondorioz. Artikulu horri ez dagokio lege horretan egotea. Ordea, premiazkoa zuten onartzea, onartu eta gutxira Guardia Zibileko komandante baten aurkako epaiketa zegoelako, Melillan migratzaileak itzultzeagatik.

Europara jo zenuten.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak arrazoia eman zigun. Jorge Fernandez Diazek [orduko Barne ministroak] helegitea aurkeztu zuen. PSOEk esan zuen ez zuela helegiterik jarriko, oposizioan zegoela. Behin gobernuan, ordea, Fernando Grande-Marlaska ministroak bide horretan aurrera egin du; argudio gehiago eman ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia baliogabetu dezaten. Hori argitu bitartean PSOEren gobernuak migratzaileak itzultzen jarraitzen du, aurretik PPk egin zuen bezala.

PSOEk kontzertina xaflak kentzearen alde egin zuen. Zein da horien egoera Melillan?

Ondo dago kentzea, baina Melillan oso gutxi geratzen dira. Bere garaian asko kendu zituzten, herritarren presioaren ondorioz. Baina Espainiako aldekoak kendu ahala Marokon jarri zituzten: ez kontzertina bat, kontzertina hesi bat baizik.

Irunera (Gipuzkoa) heltzen ari diren migratzaile askok paper bat dute, non idatzita baitago Espainia utzi behar dutela. Legezkoa da hori?

Melillan ematen diete penintsulara pasatu ahal izateko. Etorkinak behin-behinean hartzeko zentroa beteta dagoenean,gobernuak baimentzen du hainbat ateratzea. Ateratzeko poliziak agiri bat sinarazten die: borondatezko kanporatzeko agindu bat. Sinatzaileek esaten dute penintsulara doazela hegazkin edo itsasontzi bat hartzeko, haien sorterrira itzul daitezen. Gazte horiek, ordea, iparralderako bidaiarekin jarraitzen saiatu ohi dira.

Zer motatako harrera politika egingo zenuke zuk?

Ohiko politikak egingo nituzke, eta harrera politikak ezohikoak dira. Pertsona guztiei pasaporte bat emango nieke. Ondoren, mugak zabaldu beharko lirateke, jendea sar dadin pasaportea eta bisarekin. Hiru hilabeterako nahi duela? Hiru hilabeterako eman. Epe horretan lana bilatuko du, eta, ez badu topatzen, joango da. Melillan hori gertatzen zen. Jendea sartzen zen, eta gero etxera itzultzen zen, bizitzera. Egun, ez. Sartzen dena saiatzen da bertan geratzen, hesi bat dagoelako.

Mugak irekitzea egungo politiken kontrakotzat jo daiteke.

Muga bat ireki dutenean, inoiz ez da ezer txarrik gertatu. Inoiz ez. Gerta daitekeen okerrena da 40 milioi turista heltzea, eta hori ez omen da txarra.

Prodeinek hesian gertatzen diren giza eskubideen urraketak irudietan islatu ditu: argazkiak, bideoak...

Eta esango nuke dauden bakarrak direla. Ez dira behar bezain ezagunak, tamalez. Oro har, jendeak jaso ohi duen informazioak ematen du migrazio prozesuaren irudi okerra. Esaten da migratzaileak biolentoak direla, eta ez da hala. Kontrakoa da: pazientzia barra-barra dute. Jende olde bat dela diote, eta hori ere ez da egia. Urtean, 3.000 migratzaile beltz sartzen dira hortik, baina 7.000 migratzaile zuri inguru sartzen dira pasabide araututik. Espainiara heltzen diren 47 milioi turisten aldean, hori ez da ezer.

Zer esan nahi du Prodeinentzat eta zuretzat Rene Cassin saria jasotzeak?

Garrantzitsua da. Batetik, saria bera oso garrantzitsua da. Bestetik, gaur egun Melillako administrazioaren jazarpena sufritzen ari gara. Gure lana desegin nahi dute. Salaketak jartzen dituzte gure aurka. Sari honek babesa adierazten digu, nolabait, baita gure lanari aitortza egin ere.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean jaso zenuen. Zer iritzi duzu egun horri buruz?

Halako ospakizunetan egoteko eguna da, eta gero kalera ateratzeko eta borrokarekin jarraitzeko. Tira, inoiz ez baduzu ezer egiten, agian gaurko eguna ez da ospatzekoa. Baina egunero giza eskubideen alde lan egiten baduzu, baita egun horretan ere, ospatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.