Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Krisia PPn

Moztutako lepotik burua

PPko buruzagitzaren «konfiantza galduta», Alfonso Alonsok dimisioa eman du. Amaia Fernandezek ordezkatuko du behin-behinean. Iturgaiz izango da lehendakarigai; hitz goxoak izan ditu Voxentzat

Alfonso Alonso, atzo, EAEko PPren zuzendaritzak eginiko batzarraren osteko agerraldian. DAVID AGUILAR / EFE.
jon olano
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
2010eko hamarkadan, Euskal Autonomia Erkidegoko PPk krisi bat hurrengoarekin kateatu du, bere burua topatu nahian ETAren indarkeriarik gabeko fasean eta boto kopuruaren apalaldian. Hamarraldian hiru presidente izan ditu alderdiak, eta, 2020-2030 aldia burua lehengo lepotik duela hasi du; Madrilgo zuzendaritzaren erretiluan. Atzo, Madrilgo buruzagiek Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia ezarri eta biharamunera, Alfonso Alonso PPko EAEko presidenteak dimisioa eman zuen, alderdiaren «konfiantza galduta». Amaia Fernandez idazkari nagusiak ordezkatuko du behin-behinean, alderdiak kongresu bat egin eta haren ordezkoa aukeratzen duen arte.

Azken asteetan harrotutako hautsak erabat nahastu ziren igandean; Pablo Casado PPko presidenteak Alonsori jakinarazi zion ez zela bera izango Jaurlaritzarako lehendakarigaia, Carlos Iturgaiz baizik. PP-Ciudadanos hauteskunde koalizioaren aurka eginda, Alonsok enbido jo zion Casadori, baina hark herenegun erakutsi zuen nork agintzen duen PPn. Madrilen babesa erabat galdu zuen Alonsok, eta dimisioaren bidea baino ez zitzaion geratzen; atzo eman zuen, EAEko zuzendaritzak Gasteizen eginiko bileran. «Alderdiarengatik triste» zegoela esanez heldu zen batzarrera, eta hunkituta agertu zen hedabideen aurrera bilkura amaitu eta gero: «Alderdiaren konfiantzarik ez dudanez, dimisioa aurkeztu dut». Erabakiak ez du «atzera-bueltarik», eta, dimisioa aurkeztuta, amaitutzat jo du bere jarduera publiko eta politikoa. Ahotsa urratuta mintzatu zen Alonso, eta eten egin behar izan zuen hitzaldia.

Batzarrera sartzerakoan, ordea, mintzatu ziren beste buruzagi batzuk ere. Raquel Gonzalez Bizkaiko presidenteak esan zuen Iturgaiz «aukeraketa bikaina» dela, «pisuzko gizona» delako eta «ideiak garbi» dituelako. Horregatik, Bizkaian «ilusio handiz» hartu dute haren izendapena. Casadoren sokakoa da Gonzalez, eta, El Mundo egunkariak argitaratu duenez, hura izan da ahots kritikoenetako bat Alonsoren posizioaren kontra.

Haatik, Iñaki Oiartzabal Arabako presidenteak esan du Alonso zela hautagairik onena, baina «leialtasun eta ardura osoz» tratatuko dutela Iturgaiz. Carmelo Barrio legebiltzarkideak, berriz, adierazi du Alonso «ordezkaezina» dela eta bera nahiz Iturgaiz «lehen mailako politikariak» direla: «Alderdiaren onerako egingo dugu lan».

Ciudadanosekiko koalizio bat taktikoki mesedegarria edo kaltegarria ote den eztabaidaz harago, iraganaren aldeko apustua lehenetsi du PPren Espainiako zuzendaritzak, Carlos Iturgaiz jarrita (Basauri, Bizkaia, 1965) Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai. Ez horrenbeste Iturgaiz 1996tik 2004ra bitartean PPren Euskal Autonomia Erkidegoko presidente eta 1998an Jaurlaritzarako lehendakarigai izan zelako, PPk hura jartzeko argudioek duela bi hamarkadako testuinguru politikoari egiten diotelako erreferentzia. «Iturgaiz konstituzionalismoaren eta askatasunaren erreferente politiko eta morala da», esan zuen igandean Teodoro Garcia Egea alderdiko idazkari nagusiak.

«Fronte popularrari» aurre

PPko zuzendaritzak eta Espainiako zenbait hedabidek gogora ekarri dute Iturgaizekin lortu zuela PPk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan duen emaitza onenetakoa; lehen aldiz, Eusko Legebiltzarreko bozetan bigarren indarra izatera heldu zen 1998an —hamasei legebiltzarkide lortu zituzten—; Lizarra-Garaziko akordioaren urteak ziren. 2001ean baino ez zuten gainditu emaitza hori —hemeretzi ordezkari—. Harrezkero, eta, batez ere bake eta normalizazio prozesuak aurrera egin ahala, PP babesa galduz joan da hauteskundez hauteskunde. Apirilaren 5eko hitzorduak esango du Iturgaizen aldeko apustuak mesede edo kalte egiten dion.

Iturgaiz bera ere atzera begira jarri da, haren izena plazaratu eta biharamunean eginiko diskurtsoek ere iraganeko kutsua dutelako. CEDAk 1930eko hamarkadan nola, eskuin espainiazalearen aldeko botoa batzea izango da Iturgaizen egitekoa, eta justu garai hartako hizkera baliatu zuen atzo Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, esanez «sozialistek, komunistek, separatistek eta batasunoek» osatzen duten «fronte popularraren» aurkako euskarri izan behar duela PPk.

Ildo horretan, PPren ildo ideologikoetan eta barne gatazketan kokatzeko ohi baino zailagoa da Iturgaiz. Mariano Rajoyk 2018ko uztailean PPko presidentetza uztean, Soraya Saenz de Santamariaren hautagaitza babestu zuen Rajoy ordezkatzeko prozesuan—Alonsok egin bezala—, eta ez Casado. Bigarrenak irabazi zuen, eta horrek ondorioak izan zituen Iturgaizen ibilbide politikoan; Europako Legebiltzarrerako iazko hauteskundeetan, Iturgaiz hamazazpigarren postuan jarri zuten, hautatua izateko aukerak zailduta. Alde egitea erabaki zuen orduan; «Politika uzten dut, eta ilusioz ekingo diot aro berri bati nire bizitzan. Banoa, Espainiaren batasuna PP nire alderdiaren siglen pean Europan eta Euskal Herrian defendatu izanaren harrotasunarekin», idatzi zuen sare sozialetan. 2019ko apirilaren 3a zen; ez da urtebete igaro.

Haatik, PPren eta Voxen arteko harremana izan da popularren artean eztabaida piztu duen gai nagusietako bat; Espainian nahiz Madrilgo eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendaritzen artean. Casadok eta haren sokakoek aliantzen jokoan sartu dute eskuin muturreko alderdia, eta Alonsoren taldeak ez du begi onez ikusi mugimendu hori. Aitzitik, Iturgaiz Voxekiko abegikor azaldu da azken orduetan: «Vox ez da etsai bat, arerio politiko bat baizik, eta elkarlanean ari gara hainbat lekutan; Andaluzian, Murtzian eta Madrilen, kasurako. Lankidetza hori oso ona eta beharrezkoa da», esan zuen atzo El País egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, eta erantsi: «Vox eskuineko alderdi bat da, gai batzuetan PPren eskuinean dagoena. Deigarria da eskuineko ultrez hitz egitea baina ez herrialde hau gobernatzen ari diren ezkerrekoez». Lekutan geratzen da 1993: «Euskotarrok Euskal Herria zazpi probintziak osatzen dutela uste dugu», esan zion orduan PPko EAEko idazkari nagusia zenak Argia-ri.

PPtik eskuinera dauden boto horiek erakartzeko adierazpenak egin ditu Iturgaizek azken orduetan, baina Voxek oharra egin die popularrei: eskuin muturreko alderdiak ez du koaliziorik egingo ezein indar politikorekin, «desadostasunak» dituelako PPrekin. Voxek aste honetan zehar jakinaraziko du nor aurkeztuko duen Jaurlaritzako lehendakarigai izateko. Santiago Abascal buru duen alderdiak espero du legebiltzarkideren bat lortzea Araban edo Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.