Hezkuntza. Unibertsitateko murrizketak. Iosu Zabala. Mondragon Unibertsitateko errektorea

«Mozketei eusten zaien neurrian, arazoa areagotzen ari da»

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Unibertsitate publikoei eragiten diete Espainiako Gobernuak hartutako erabakiek, baina publikoak ez diren unibertsitateek ere babestu dute agiria. Tartean dago Mondragon Unibertsitatea. Iosu Zabala errektoreak (Donostia, 1952) dio kezkagarria dela unibertsitate publikoen egoera. Publikoak ez direnen finantzaketari dagokionez ere pausoak eskatu ditu, nolanahi ere.

Gutun bat argitaratu duzue errektoreok elkarrekin. Zergatik orain? Zein da egoera?

Ez da oraingo auzia. Orain dela bi urte, dekretu bat egin zuten: hainbat mozketa egin dituzte, eta irakasle sartzeko mugak jarri. Bi urte beteko ditu dekretu horrek unibertsitate publikoetan. Kontuan hartu behar da oso desberdina dela nola eragiten dien publikoei eta guri. Ikerketa arloan, ordezkapenetan kezka handia dugu CRUEn, eta, egoera hori mantentzen den neurrian, areagotzen ari da arazoa. Iritsi da momentua, non erabaki dugun gutun hau kaleratzea.

Dekretuak eragiten dizue publiko ez zaretenei?

Kontuan eduki gure finantzaketa guk lortu behar dugula, geure erara. Ez gaude unibertsitate publikoek duten finantzaketa ereduan. Ez dugu zerikusirik. Dekretuak ez digu ez eragiten, ez eragiteari uzten. Orain, nahiz eta gu ez-publikoak izan, elkarrekin gaude hainbat gauzatan: errektoreen bileretan... Ikusten dugu zer arazo dauden unibertsitate publikoetan. Baina guk ez dugu aurrekonturik ministeriotik etortzen denik.

Deustuko Unibertsitateak agiri bat plazaratu du gutun honekin batera. Itunen sistemara joatea jarri du mahai gainean. Ados zaude zu ere?

Hori beste eztabaida bat da. Dudarik ez dago guk zerbitzu publiko bat ematen dugula. Ekimen sozialekoak gara, eta publikoari bideratutako zerbitzu bat ematen dugu. Ikastolek eta beste hainbat sarek duten itunpekotasuna ez da planteatzen unibertsitatean. Eztabaida interesgarria da. Ez gara unibertsitate elitista bat; ez gaude dirua egiteko. Alderantziz: zerbitzu publikoa gara, gizartearen beharrei erantzuten diegu. 60 urte baino gehiago daramatzagu hezkuntza arloan. Badago horrelako muga arraro bat: batxilergoan, lanbide heziketan eta abarretan dago itunpeko sarea, normaltasun osoz; unibertsitatea da halako gauza arraro bat, eta ez dago itunik.

Errektoreen agirian, Espainiako Gobernua aipatzen da bereziki. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, interpelazioa badago zuen partetik?

Euskal unibertsitate sistema eta unibertsitate plana hiru unibertsitateei ezartzen zaie, publikoei eta ez-publikoei. Alde horretatik, badugu egoera positibo bat, Espainian ez dagoena. Oro har, harreman onak ditugu. Elkarlanean ari gara toki guztietan. Orain, gure finantzaketa ez da nahi adinakoa. Baina bueltatzen gara horretara: itunpekoa eta ez-itunpekoa. Erroko arazo bat da hori. Egun batetik bestera ez da egingo. Helburu bezala oso ona litzateke. Hori kenduta, harremana ona da. Gobernua ari da ahalegina egiten. Aurrekontu arazoak baditugu, baina aurrera goaz.

Datorren unibertsitate plana ate-joka dator...

Lehenengo harremanetan ari gara. Hastekotan gabiltza. Gaur egun dauden arloak oso beharrezkoak dira guretzat. Ikusteko dago gobernutik ikuspegi berririk irtengo den. Aldaketa handirik ez dut espero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.