Mozala nola kendu

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.

Mozal legearen aurka egindako protesta bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Zazpi urte beteko ditu mozal legeak aurten, eta, ondo bidean, hura izango da egun ezagutzen den bezala egingo duen azken urtemuga. Espainiako Gobernuko bi alderdiek hasi dute Herritarren Segurtasunerako Legea aldatzeko bilera sorta, eta datozen asteetako elkarrizketek baldintzatuko dute erreformaren sakontasuna. EAJ, erreformarako lege proposamenaren egilea, «baikor» agertu da. EH Bilduk, berriz, «zuhurtziaz» jokatzeko premia adierazi du.

Ibilbide katramilatua izan du erreformarako lege proposamenak, baina iritsi da Barne Gaietarako Batzordearen txostena. Atzo egin zuten lehen bilkura, eta datorren asteko asteazkenean jarraituko dute proposamena eta hari aurkeztutako zuzenketak aztertzen; besteak beste, 51 zuzenketa bateratu aurkeztu zituzten PSOEk eta UP Unidas Podemosek, eta beste 57 EH Bilduk.

Gobernuko alderdiek hartu dute negoziazioen gidaritza, eta badirudi zuzenketek ez dutela arazorik eragingo, besteak beste, EAJrekin, Mas Paisekin eta Compromisekin akordioak egiteko, azken biek zuzenketa propioak ere aurkeztu dituzten arren. Jeltzaleen kasuan, Mikel Legarda diputatuak adierazi du alderdi hark helburu bikoitz batekin egingo duela lege proposamenaren alde. Batetik, «segurtasunaren eta eskubideen arteko oreka» berrezartzea, PPren legeak balantza mugiarazi ostean. Halere, uste du ezin dela lege aldaketa «polizien lana aztertzera mugatu». Bestetik, zigor zuzenbideari dagozkion aldaketak egitearen premia nabarmendu du; «gehiegizkotzat» jo baititu mozal legeak hainbat kasutan aurreikusten dituen zigorrak. Horrek, beraz, bat egingo luke PSOEk eta UPk zigor hezitzaileen eta errentaren araberako isun ekonomikoen alde aurkeztutako zuzenketarekin.

Horiek hala, Legardak uste du badela erreforma gauzatzeko gehiengo bat; Espainiako presidente Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen bera. Badira, baina, Espainiako Gobernuko alderdiei aldaketa sakonagoen premia adierazi dieten talde parlamentarioak. EH Bildu eta ERC dira horietako bi, eskubide sozialen aldeko erakunde ugariren eskaerekin bat eginda. Izan ere, koalizio subiranistako diputatu Jon Iñarrituk azaldu duenez, PSOEk eta UPk mahai gainean jarri duten aldaketa indargabetze bat dela esatea «gehiegi» da, ez baititu «eskubide eta askatasunei jarritako oztopoak» indargabetzen: «Egun PSOEk eta UPk planteatzen dutena makillaje hutsa da. Guk ez dugu mozal legea hobetu nahi, bertan behera utzi baizik».

Iñarrituk azaldu duenez, «artikuluz artikulu» negoziatzen ari dira gobernuko alderdiekin, eta uste du hainbat puntutan akordioak lortzeko moduan daudela. Halere, badira bi aldeak urruntzen dituzten beste hainbat afera. EH Bilduko diputatuak salatu du ez dela pausorik eman 36.6 eta 37.4 artikuluak, «isun gehien eragin dituztenak», indargabetzeko. Autoritateekiko desobedientziaren ingurukoa da lehena, eta haiekiko errespetu faltak tratatzen ditu bigarrenak. «Interpretazio zabal baterako ahalmena ematen diete agenteei, eta edozein momentutan isun bat jar dezakete», azaldu du. Kartzeletako funtzionarioak autoritate agente gisa aitortzearen aurka ere agertu da EH Bildu, espetxeek «eredu zibil baten» alde egin beharko luketelakoan.

ERCrekin bat egin dute beste hainbat puntutan ere. Gomazko piloten erabilera murrizteko protokoloak agindu dituzte PSOEk eta UPk. Indar independentisten esanetan, baina, beharrezkoa da horiek debekatzea. Zailagoa izango dute migratzaileen berehalako kanporatzeen afera mahai gainean jartzea. Haiek debekatzearen alde agertu dira bi talde parlamentarioak, baina gobernuko alderdiek Atzerritartasun Legea aztertzeko orduan tratatzea erabaki zuten azaroan, Barne Ministerioaren presioak zirela medio.

Halere, eskuin unionistak ez duez sustatuko edo ez onartuko mozal legearen inolako aldaketarik. PPk, Voxek, Ciudadanosek eta UPNk bat egin dute Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko sindikatu eta elkarteek lege erreformaren aurka egin dituzten protestekin. Haietan, PSOEk eta UPk proposatutako hainbat aldaketa kritikatu dituzte; besteak beste, agenteen ekintzak grabatzea eta zabaltzea baimentzea, manifestarien identifikaziorako eta atxiloketarako mugak ezartzea, eta atestatuen egiazkotasunari baldintzak jartzea. Halere, Legardaren ustez, horiek ez dute «polizien gehiengoaren iritzia» ordezkatzen; «are gutxiago» Ertzaintzaren kasuan.

Sakon eta presarik gabe

Espainiako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, gobernua osatzen duten alderdiek datozen asteetan onartu nahiko lukete lege proposamena batzordean, Kongresuko osoko bilkurara ahalik eta azkarrena iristeko, Gaztela eta Leongo hauteskundeen testuinguruan. Bestelakoa da, baina, EAJk eta EH Bilduk epeez duten iritzia. Legardaren esanetan, Barne Gaietarako Batzordeak lanak aurreratzeko urtarrila erabiltzeko erabakia boz horien aurrerapenaren berri izan aurretik hartu zen. Hala, azaldu du PSOEk eta UPk ez dutela halako presarik adierazi elkarrizketa mahaian: «Epe luzerako lege bat da, eta ez dago presaka ateratzeko beharrik. Kontuan izan, aurrera ateratzen ez bada, egungo legeak jarraituko duela». Iritzi berekoa da Iñarritu ere. Hark ere nahiago du gauzak ondo egin, presaka aritu baino: «Gaia sakonki eztabaidatzeko».

Legea Barne Gaietarako Batzordera iristeko bidea ere ez da presaka egin. 2015eko uztailean sartu zen indarrean mozal legea, herritarren eskubideen aldeko erakundeen protesta artean. Orduan, jada, «PPren aldebakarreko erreformaren» aurka egin zuen oposizioak, Legardak gogoratu duenez, eta testuinguru hartan aurkeztu zuen EAJk legea moldatzeko lehen proposamena. 2019an, ados jarri ziren hainbat alderdi, baina hauteskunde aurrerapenek bertan behera utzi zituzten saiakera hura eta hurrengoa.

Aurkeztutako hirugarren lege proposamena da, beraz, Barne Gaietarako Batzordearen txostenerako iritsi berri dena. Kostatu zaie, baina, hura bideratzeko azeleragailua zapaltzea. Izan ere, Espainiako Kongresuko Mahaiak 41 aldiz luzatu zuen proposamenari zuzenketak aurkezteko epea, Sanchezek urrian «gobernuaren lehentasunetako bat» zela adierazi arte, PSOEren Kongresu Federalean. Hala, legeak urte gehiago egin ditu sozialistak gobernuan direla PPren agintaldian baino, eta isun gehiago ere jarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.