'Mozal legearekin', 7.000 euroko isuna jarri diete hogei laguni Donostian

Eleak-ek mozio bat aurkeztuko du udalean, udaltzaingoak 'mozal legea' bete ez dezan. Ertzainen eta udaltzainen jarrera salatu dute

Iker Tubia.
2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kale parodia egiteagatik, pankarta politikoak paratzeagatik, herri harresian parte hartzeagatik, unibertsitateko areto bat okupatzeagatik eta aurretik jakinarazi gabe ekitaldi politikoak edo mobilizazioak antolatzeagatik. Horregatik, ertzainek eta udaltzainek hogei donostiarri isunak jarri dizkiete, mozal legea betez. Orotara, 7.000 euroko zigorra. Eleak mugimenduak gogor salatu ditu zigor horiek, eta gehiago etorriko direla ohartarazi du. «Oraindik ez dira iritsi Kortxoenekoak...».

Hori ikusirik, Donostiako Udalean mozioa aurkeztuko du eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak. Udalak mozal legearen aurkako adierazpena onartzea nahi dute, eta, horrekin batera, udaltzainek lege hori betetzeari uztea. Hain zuzen ere, Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren jarrera salatu du Eleak-ek: «Ez dute herri honen borondatea errespetatzen, ez dute instituzioetan nagusitu den irizpidea kontuan hartzen, eta Donostian mozal legea aplikatzen dute». Izan ere, Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak lege horren aurka azaldu dira. Bidenabar, hainbatetan zigortuei material politikoa lapurtu dietela salatu dute.

Mozioaz gainera, «lapurtutako dirua berreskuratzeko» edalontzi eta zapi solidarioak salduko dituzte abenduan. Gizarte osoari dei egin diote guztien eskubideak defenda ditzaten, «zigortuak direnen ideiekin bat etorri zein ez». Era berean, bidegabekeriei aurre egiteko desobedientzia tresna eraginkorra dela nabarmendu dute. «Gure eskubide zibil eta politikoak geuk irabaziko ditugu gure borrokaren bitartez, edo eskubiderik gabe geratuko gara betirako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.