Mozal legea eta Sekretu Ofizialen Legea ukituko ditu Espainiako Gobernuak, «demokrazia biziberrizeko» planaren barruan

«Erakundeen gardentasuna bermatzeko» eta «desinformazioari aurre egiteko» neurri sorta onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Euskarazko, katalanezko eta galegozko hedabideentzako «babesa» jaso dute neurrien artean.

Espainiako Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldia, gaur. JAVIER LIZON / EFE
Espainiako Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldia, gaur. JAVIER LIZON / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 17a
19:00
Entzun

Hedabideen jabeak nor diren ezagutzeko erregistro bat, pluraltasuna bermatzeko eta medioen kontzentrazioa eragozteko araudi bat, administrazioaren eta kargu publikoen artean gardentasuna sustatzeko eta kontrolak zorrozteko neurriak, 1968ko Sekretu Ofizialen Legea eta mozal legea «moldatzeko» konpromisoa... Demokraziaren aldeko Ekintza Plana onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak, «gardentasun instituzionala bermatzeko», «adierazpen askatasunean sakontzeko» eta «desinformazioari aurre egiteko» neurri sorta.

Planean jasota daude Espainiako Gobernuak datozen hiru urteetan ezarri nahi dituen zenbait neurri, «hedabideei gardentasuna emateko xedez, Europako Batasunak ezarriak dituen irizpideen arabera». Justizia eta Presidentetza ministro Felix Bolañosen esanetan, gobernuak «besoz beso» lan eginen du talde parlamentarioekin, neurri horiek aplikatze aldera: «Demokraziaren garbitasuna indartu nahi dugu», azaldu du ministroak. Izan ere, planean jasotako neurrietako asko dira PSOEren gobernuari eusten dioten taldeek aspalditik eginiko eskaerak: besteak beste, Sekretu Ofizialen Legea moldatzea eta Zigor Kodean jasotako zenbait artikulu baliogabetzea.

Hain zuzen, Ministroen Kontseiluak gaur onartutako planaren arabera, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du Zigor Kodeko zenbait artikulu moldatzeko, «adierazpen askatasunaren eskubideari eragiten dioten heinean». Espainiako Koroaren aurkako irainak eta sentimendu erlijiosoen aurkako delituak sartuko lirateke puntu horretan, besteak beste. «Xedea da artikulu horien erredakzioa moldatzea, inguruko herrialdeetan dutenarekin homologatze aldera, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziari men eginez».

Bestalde, Euskal Herriko alderdien aspaldiko aldarria da Sekretu Ofizialen Legea moldatzea. Egun indarrean dena frankismo garaikoa da, eta Pedro Sanchezek berak behin baino gehiagotan iragarri du moldatuko duela.

Hizkuntza gutxituetako hedabideei babesa

Gaur onartutako neurri sortan jasota daude, bestalde, hedabideei lotutako zenbait puntu. Gehienek aipamen egiten diote hedabideen jabetza ezagutzeari, eta publizitate instituzionala kontrolatzeari, «gardentasuna, proportzionaltasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko irizpideak txertatzeko». Besteak beste, legez ezarri nahi dute administrazio publiko guztiek hedabideetan egiten duten inbertsioa. Erregistro publiko bat ere sortuko dute, hedabideen jabeak nortzuk diren eta zenbateko inbertsio publikoa jasotzen duten ezagutze aldera.

Atal horretan, bestalde, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du «gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialetan» ekoitzitako edo argitaratutako hedabideak «babesteko». Gobernuak aurkeztutako agirian, ordea, ez dago zehaztua nola babestuko dituzten hedabide horiek.

«Desinformazio kanpainen aurkako estrategia» ere ondu nahi du Pedro Sanchezen gobernuak. Zehazki, «ohorearen eta intimitatearen eskubideei buruzko legea» moldatu nahi dute, eta baita argitaratutako albisteak zuzentzeko eskubidea arautzen duena ere. Albiste faltsuak edo «nabarmenki lerratuak edo alderdikoiak diren horiek» zuzentzeko sistema hobetu nahi dute, horri lotutako kalte ordainak eta epeak zehaztuta.

'Mozal legea'-ren artikulu bat

Mozal legea ukitzeko asmoa ere agertu du Madrilek. Zehazki, lege horren 36. artikulua aldatu nahi dute: polizien eta segurtasun indarren irudiak hartzea zigortzen duena, alegia. Kultura ministro Ernest Urtasunek iragarri du negoziazioak abiatuko dituztela Espainiako Kongresuko gainerako talde parlamentarioekin, legea erreformatzeko beharrezkoa den «kontsentsua» lortzeko xedez. «Anomaliatzat» jo du isunak jasotzea Poliziaren jardunari buruz informatze hutsagatik, eta prest azaldu da hori aldatzeko: «Informazioaren esparruko zenbait profesionalek zigorrak jaso dituzte beren lana egiteagatik, Estatuko segurtasun indarren ekintzei buruz ari zirenean. Hori konpondu beharra dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.