Mozal legea

'Mozal legea' erreformatzeko zuzenketak adostu dituzte PSOEk eta UPk

Asteazkenean aurkeztuko dituzte, horiek EAJrekin aztertu ostean. Manifestarien eskubideetan jarri dute begirada; bat-bateko protesten aurkako neurriak indargabetuko dituzte, eta atxilotuak atxikitzeko epeak murriztuko.

'Mozal legearen' aurkako protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 8a
13:35
Entzun

Unidas Podemoseko parlamentari Enrique Santiagok aurreratu zuen aurreko astean, eta PSOEko iturriek baieztatu dute orain: Espainiako Gobernuko bi alderdiek akordio bat erdietsi dute zuzenketa bateratuak aurkezteko mozal legea erreformatzeko EAJren proposamenari. Manifestarien eskubideei eta polizien gehiegikeria posibleei egiten diete erreferentzia gehienek: hala nola Poliziak ezingo du inor bi ordu baino gehiagoz atxiki, indar polizialen ekintzen irudiak hartzea baimenduko da, eta gomazko piloten erabilera mugatu. Testua asteazkenean aurkeztuko dute beranduenez, orduan amaituko baita Espainiako Kongresuko Mahaiak zuzenketak jartzeko ezarritako epea. Aurrez, baina, jeltzaleekin tratatuko dute gaia, adostasun zabalago bat lortzeko asmoz.

Espainiako Gobernuko bi alderdiek jakinarazi dutenez, erreforma berriak aldaketa nabarmenak ezarriko dizkio PPren legeari. El País egunkariak argitaratu duenez, Gorteekiko Harremanetarako Estatu idazkari Rafael Simancasek eta Santiagok zuzendutako negoziazioen emaitzen artean dago manifestariak polizia etxeetan atxikitzeko denbora tartea murriztea: sei ordutik bira. Hala, «ezohiko kasuetara» mugatuko da sei orduko epea, eta, kasu guztietan ere, atxilotua askatzean, atzematen den leku berera eraman beharko dute bueltan. Poliziek mugak izango dituzte herritarren gorputzak arakatzeko ere, debekatuta izango baitute beste batzuen aurrean haiek osoki edo partzialki biluztea.

Erreformak Poliziaren jardunari jarri nahi dizkion mugen artean dago istiluen aurkako materialaren erabilera murriztea ere; besteak beste, gomazko pilotena. Autoritateek, beraz, «protokolo zehatzak» garatu beharko dituzte herritarrentzat kalte fisiko txikienak eragin ditzaketen materialen erabilera lehenesteko.

Era berean, indar polizialen ekintzen irudiak hartzea baimenduko du erreformak. Afera horri dagokionez, presio egin dute Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko hainbat sindikatuk, eta Barne Ministerioak, agenteen eskubideak urratu ditzakeelakoan. Hala, Santiagok aurreratu moduan, agenteen eta haien familien segurtasun pertsonala eta intimitatea arriskuan jar dezaketen irudien erabilerak arau-hauste larri izaten jarraituko du.

Aurrez jakinarazi gabeko mobilizazioei dagokienez, berriz, ez da haien aurkako neurririk hartuko, haietan ez bada indarkeria edo desordena publikoko deliturik atzematen. Modu horretan, gobernuak berehalako erantzun herritarra eragiten duten gertaeren aurrean mobilizatzeko eskubidea bermatu nahi du.

Aurreko astean Santiagok aurreratu zuen manifestariei ezarritako zigor posibleetan zigor hezitzaileak lehenetsiko direla, eta, isun ekonomikoen kasuan, bakoitzaren errentaren araberakoak izango direla. El País-ek argitaratu duenez, zuzenketak murrizketa hauek ezarriko ditu: isunaren %50eko murrizketa gutxiengo soldataren %150 baino gutxiago irabazten dutenentzat, eta %25ekoa haren %150-250 kobratzen dutenentzat.

Polizien testigantzek afera judizial batean izan dezaketen pisua ere mugatu nahi dute zuzenketekin. Polizia atestatuaren egiazkotasun presuntzioa mantenduko dute, baina, betiere, hura «koherentea, logikoa eta arrazoizkoa» bada. Unidas Podemosek indar egin du afera horretan, koalizioko diputatu ohi Alberto Rodriguezek bere kargua galdu baitu oraintsu, Espainiako Auzitegi Gorenak polizia bati kolpe bat eman izana leporatu ostean, agentearen hitza izanik froga bakarra.

Bestelako zuzenketak ere adostu dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek: hala nola drogekin atzemateak arau-hauste larri izateari utziko dio, eta arina izango da aurrerantzean, betiere trafikora bideratuta ez badago. Nortasun agirien diseinu berrietan, berriz, hizkuntza koofizialak ere txertatuko dituzte.

Prozesu luzea

Sei urte dira PPren gehiengo osoak Herritarren Segurtasunerako Legea onartu eta martxan jarri zuenetik, eta urte eta erdi baino gehiago EAJk legea moldatzeko proposamena martxak jarri zuenetik, hirugarrenez —2019ko hauteskunde aurrerapenek bota zituzten atzera beste biak—. Pandemiak lehenik eta PSOEren interes faltak gero, 40 aldiz atzeratu dute zuzenketa partzialak aurkezteko epea, baina Espainiako presidente Pedro Sanchezek afera gobernuaren lehentasunen artean jarri izanak —sozialisten kongresu federalean egin zuen— gobernukideen arteko negoziazioa berpiztu zuen.

Barne Ministerioaren presioak tarteko, elkarrizketa horietan adostu zuten migratzaileen berehalako kanporatzeak gai zerrendatik kanpo uztea, eta afera Atzerritartasun Legearen inguruko eztabaidan aztertzea. Izan ere, afera hori izan da bi aldeen arteko talka nagusia. Unidas Podemosek haiek debekatu nahi ditu, baina PSOEk eta, batez ere, Barne Ministerioak argudiatu dute Konstituzio Auzitegiak babestu egiten dituela. Horiek hala, Unidas Podemosek ez du baztertu bere kabuz beste hainbat zuzenketa aurkeztea.

Behin adostasunak finkatuta, Barne gaietarako Batzordeak aztertuko ditu testua eta zuzenketak. Han, gobernuko kideek gainerako alderdiekin adostu nahi dituzte zuzenketen nondik norakoak, gehiengoa eskuratzeko asmoz. Hala, helburu dute erreforma proposamena urtea amaitu aurretik iristea Espainiako Kongresura, han onar dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.