Motxilaren zama kentzeko garaia

Sarek salatu du 'haur motxiladunek' jasaten dutela Espainiako Estatuak ezarritako urrunketa politikaren «aurpegirik ilunena»

Sarek deitutako haur motxiladunen aldeko mobilizazioa, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Musikaz, dantzaz, kolorez eta aldarrikapenez jositako kalejira- manifestazio jendetsua egin zuten atzo Donostian, Sarek deituta, gurasoak preso dituzten haurren egoera salatzeko. Hain zuzen, 105 umek dute gurasoetako bat edo biak espetxean, urrunduta; horietatik bost kartzelan daude haien ama edo gurasoekin. Lau Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta bat Madrilgo Aranjuezko kartzelan. «Haur motxiladunek bizi duten egoerara eta sufrikarioak amaitu behar ditugu», azpimarratu zuen Inaxio Oizarzabal Sareko bozeramaileak. Sara Majarenas euskal preso ohiak, berriz, nabarmendu zuen haur motxiladunek jasaten dutela Espainiako Estatuak ezarritako urruntze politikaren «aurpegi ilunena».

Haur horietako baten kasuak hartu zuen atzo protagonismo handiena: Xuarenak. Izan ere, haur jaioberriak kartzelan egoten dira 3 urte bete arte; orduan, gurasoengandik banantzen dituzte. Hori bera gertatuko zaio Xuari. 3 urte beteko ditu urtarrilaren 19an, eta Usurbilera (Gipuzkoa) joango da bizitzera, amonarenera, gurasoak Valentzian utzita. «Bere gurasoak ordu batzuk ikusteko asteburuero 1.200 kilometro egin beharko ditu. Denok dakigu horrek zer arazo ekartzen dituen», deitoratu zuen Oiarzabalek. Xua Gurasoekin Etxera plataforma sortu dute egoera salatzeko eta hirurek etxera itzuli behar dutela aldarrikatzeko.

Kalejira koloretsua

Hamabietan, Bulebarretik abiatu zen Xua protagonista izan zuen kalejira. Ttuntturroak izan ziren gidari, eta horiek erakutsi zuten bidea. Atzetik, hogei haur inguruk, motxila soinean, Xua Gurasoekin Etxera plataformaren ikurra marraztuta zuen oihal bat eraman zuten. Lagun izan zuten Porrotx pailazoa ere, koloreak astintzeko eskatuz. Orain Presoak lelopean egin zuten manifestazioa, eta atzetik jende ugarik osatu zuen bidea. Musikak alaitu zuen kalejira, eta «euskal presoak, etxera» oihuak entzun ahal izan ziren.

Alderdi Ederren amaitu zen kalejira, Donostiako udaletxearen aurrean. Bertan, prest zegoen oholtza bat, jarraian antolatutako ekitaldirako. Haurrekin batera igo zen hara Porrotx, eta Beñat Gaztelumendiren bertsoekin eman zioten hasiera. Gorputzak astindu eta ahotsak fintzeko tartea ere hartu zuten. «Badaukagu zer aldarrikatu, eta hemen gaude giza eskubideak aldarrikatu eta exijitzeko. Hala ere, umorea ez digute inoiz lapurtuko. Kaleak betetzera goaz, eta betetzen ari gara, etxean nahi ditugulako gure senide eta lagunak», adierazi zuen Porrotxek, eta segidan Epo itai ta ye abestia dantzatu zuten. Ekitaldia, berriz, Agur bat, lagun maite! kantarekin amaitu zuten.

Urtarrilaren 11n Bilboko eta Baionako kaleetan egingo den manifestazioetan parte hartzera deitu zuen Sarek. Baita urtarrilaren 19an, Xuaren urtebetetze egunean, Donostiako Atano pilotalekuan egingo den Motxilak gora ikuskizunera ere. «2020ahaur motxiladunen auziari aterabidea ematen diogun eta espetxe politika aldatuko dugun urtea izatea nahi dugu», adierazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.