Motxilan gorde dute maskara

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan atzotik ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea. Gehienek «gustura» erantzi dute, maskara jantzita segitu duenik ere badagoen arren.

Tolosako Laskorain ikastolako ikasleak maskararik gabe, atzo. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Tolosa
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bizikletak aparkatuta ilaran, azken ikasleak korrika eta presaka... Tolosako Laskorain ikastolako (Gipuzkoa) atariari erreparatuta, goiz normal bat zirudien atzokoak, baina barruan bazen nobedaderik: Aste Santuko oporretatik itzulita, maskararik gabeko lehen eguna izan zen Hego Euskal Herriko ikasleentzat, bi ikasturteren ondoren.

Behin barrura sartuta, Lehen Hezkuntzako gelen pasilloak balio du egoeraren ideia bat egiteko. Kristaletatik ikus daiteke aldaketa: irakasle eta ikasle gehienak maskararik gabe ari dira, tartean-tartean jantzita daukan bat agertzen bada ere.

LH6 D kartela kanpoan, eta 26 ikasle eta irakaslea barruan. Bostek daramate maskara. Derrigortasuna bertan behera gelditzea nola hartu duten galdetuta, harrabotsa. Oihu bat nagusi: «Gustura!». Bati baino gehiagori «arraroa» ere egiten zaio: «Bi urte segidan maskararekin egonda, pixka bat arraroa da». Badazalantzati egon denik: «Hasieran hausnartu egin behar da, baina gero...». Baita kendu ez duenik ere: «Niri esan didate kentzeko, baina jarri egin dut». Pixkanaka egokitu eta maskararik gabe ikasten ikasi beharko dute. Hala ebatzi du ume batek: «Koronabirusa ahazten hasi behar dugu».

LH6ko ikasgelatik aterata, hantxe dago Arantxa —ez du abizenik eman—. Ikasleekin batera, irakasleek sumatuko dute alderik handiena, eta Arantxa horietako bat da. Ikasle batzuk ezagutzen hasi beharko duelakoan dago: «Gaur ezagutuko ditut ikasleak. Maskararekin batez ere neskak ezin izan ditut bereizi: denek ile luzea dute, marra erdian...».

Maskara eskolak emateko garaian eragozpena izan dela esan du: «Irakasleok denentzat hitz egin behar dugu, eta ahotsa kendu-edo egiten dizu». Ikasleei maskara gainetik kentzeko gogoa ikusi die, baina ez irakasleei adinakoa: «Gu baino hobeto moldatzen dira; irakasleentzat izango da askatasun handiagoa».

Arantxa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ibiltzen da irakasle, eta uste du zenbaitentzat ez dela erraza izango maskara eranztea, nerabeek duten «berezko lotsagatik»: «Nerabeek badute berezko lotsa bat: pikorrak ateratzen zaizkie, bibotea, aldatzen ari dira... Ezkutuan eramateak ematen du lasaitasuna. Bati baino gehiagori kostatuko zaio». Irakasleak berak ere ez daki ziur zer egin: «Gela osoari hizketan ari naizenean ez dut jarriko, baina talde lanean eta oso hurbil ditudanean igual bai —ez dakit seguru—, 60 urtetik gorakoa naizelako». Badu arrazoia: «Orain arte ez dut harrapatu COVIDa, eta ez dut nahi orain harrapatzea».

Lehengora bueltatzen

Zuzendaritzei ere arindua ekarriko die protokolo aldaketak. Aurreratzean Hego Euskal Herriko ikasleek eta irakasleek ez dute maskararik jantzi beharko, zaurgarriei soilik gomendatu diete erabiltzeko. Beste urrats bat ere egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hainbat taldetako ikasleek nahasteko aukera izango dute.

Laskoraingo zuzendari Iñaki Olaetxeak protokolo berrian hiru abantaila nagusi ikusten ditu. Batetik, maskararen derrigortasuna kentzea bera, «beharrezko erabakia» bi urte «luzeren» ostean. Ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa erraztuko duelakoan dago, eta erosotasuna ere irabaziko dutela iruditzen zaio: «Azkenean, ikasleek gela barruan bost ordu pasatzen dituzte egunero, eta bost ordu maskararekin asko da, nahiz eta gela ondo aireztatuta eduki». Bestetik, taldeak nahasteko aukera edukitzea: «Burbuilak desagertzeak izugarri erraztuko du antolaketa, eta onura asko ekarriko dizkie ikasleei». Izan ere, azaldu duenez, eraldaketa pedagogikoan murgilduta daude, baina COVID-19a oztopo izan da: «Ikasleen artean nahasketa handia zegoen COVIDaren aurretik. COVIDak ekarri du lehengo garaira itzultzea, burbuilak ez zirelako elkarrekin harremanetan egon». Azkenik, familiak ikastolara bueltatzea: «Proiektuetan eta beste hamaika gauzatan asko parte hartzen dute, eta berriro ikastolako ateak irekitzen dira». Ateak zabalik izango dituzte herriko eragileek ere: «Hementxe zahar egoitza bat daukagu, eta gure ikasleak astero joaten ziren, bertakoekin lanketa batzuk egitera. Espero dezagun bi urteren ondoren berriro proiektu horri eustea».

Igarotakoa ahaztu gabe, aurrera begira jarrita dago Olaetxea: «Gelen aireztapena, eskuen garbiketa... Protokoloak esaten duena beteko dugu, baina maskara eta burbuilak kenduta, guri %75 kendu digute. Itzuli gara orain dela bi urteko egoerara. Hori zen helburua; beraz, aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.