Bi urteko pandemiak aldez alde gurutzatu du gizarte osoaren bizimodua. Bizkortu egin ditu krisi ugari, eta azaleratu beste hainbat. Ireki ditu arrakalak, egin ditu zauriak, eta sortu ditu orbainak. Herritar denek sufritu dituzte osasun krisiaren ondorioak, baina kolektibo jakin batzuek bereziki pairatu dituzte izurriak berarekin ekarri dituen aldaketak: adingabeena da horietako bat. COVID-19aren izurriak kolokan jarri ditu haur, gazte eta nerabe askoren oreka emozionala eta buru osasuna. Ikerketa ugarik erakusten dute okerrera egin duela gazteen osasun mentalak azken bi urteotan. Izurria ez da izan faktore bakarra, baina aditu askok ez dute zalantzarik balantza alde batera desorekatzeko aldagai funtsezkoa izan dela.
Basurtuko Ospitalean dago Bizkaiko nerabeen ospitaleratze psikiatrikoko unitatea, eta hango profesionalek emandako datuek balio dute egoerari neurria hartzeko. Fedeafes elkarteak jaso zituen horietako batzuk Buruko osasun arazoak Haurtzaroan, Nerabezaroan eta Gazterian txostenean. Abenduan kaleratu zuen txostena, eta atal bat eskaini zion izurriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteriaren osasun mentalean izandako ondorioei. Bertan jasota dagoenez,COVID-19aren pandemiaren eraginez ia %50 handitu da unitate horretan arreta psikiatrikoa jaso duten nerabeen kopurua 2019arekin alderatuta. Elikadura jokabidearen nahasmenduren bat dutenen kasuak ere dezente gehiago direla ohartarazi dute, batez ere anorexia nerbiosoa dutenenak. Hala, 2020ko martxoan goraka hasi ziren gisa horretako nahasmenduak zituzten gazteen ospitaleratzeak, eta irailetik aurrera, «inoiz ikusi gabeko» ospitaleratze eskaerak izan ziren gaitzarekin lotuta. Bizkaiko datuei erreparatuta, 2020an aurreko urtean baino %153 gehiago izan ziren anorexia nerbiosoaren ondorioz arreta psikiatrikoa jasotzeko ospitaleratu zituzten nerabeak.
Basurtuko ospitaleko profesionalek emandako beste datu esanguratsu batzuk nabarmendu ditu Fedeafesek txostenean. Horra horietako bi. Bata: orain nerabe gehiago ospitaleratzen direla arreta psikiatrikoa jasotzeko, trauma osteko antsietate sintomak larriagotuta. Bestea: 2020tik gora doala «jokabide suizida edo autolitikoengatik» arreta psikiatrikoa jasotzeko erietxeratutako nerabeen kopurua.Adingabeen osasun mentalaren okertzea islatzen dute argitara eman diren ikerketa ia denek. Nafarroan ere kezkarako motibo da egoera. Osasunbidearen Buruko Osasun Zerbitzuaren datuen arabera, pandemiarekin «joera aldaketa» bat egon da: 2019arekin alderatuta, %18 egin dute gora osasun mentaleko zerbitzuetara lehen aldiz jo duten 29 urte azpiko gazteek.
Bi urte bete dira OME Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19 gaitza epidemia gisa izendatu zuenetik, eta erakundeak koronabirusaren ondorioen gainean egin berri duen txosten batek ere arreta jarri du osasun mentalean. OMEren arabera, izurriak «beldurra eta bakardadea» ekarri ditu, eta, ondorioz, depresio eta antsietate kasuak ugaritu egin dira.
Baina zer gertatu da adingabeen osasun mentalak hainbeste okertzeko? Zein arrazoi daude erroan? Nerabezaroan eta gaztaroan garatzen eta sendotzen da nagusiki adimen emozionala, eta izurriak bete-betean eragin du prozesu horretan, Natalia Alonso EHUko psikologia irakasleak nabarmendu duenez. Izan ere, bakartze orokor bat ekarri zien gazteei konfinamenduak, errotik eten ziren kideekiko harreman sozialak, eta, bertan behera gelditu zen heltze prozesuaren ardatz nagusienetakoa. «Nerabeek, oro har, emozio desatseginak izan dituzte pandemian, eta horrek lotura zuzena izan du bizi duten garaiarekin. Identitate pertsonalaren eta sozialaren eraikuntzarako ezinbestekoa dute etxetik irtetea, gurasoengandik urruntzea eta harremanak izatea, baina hori dena oso mugatua izan dute, aski baldintzatua». Eta muga gutxi behar den garai batean muga zorrotzekin bizi behar izateak ondorio zuzenak izan ditu gazteen emozioetan, Alonsok esplikatu duenez. Hala, beldurra, ezinegona, ondoeza edo antsietatea aise zabaldu dira gazteen artean, baina horiek nola kudeatu ez dute jakin askok, eta horrek buru osasunaren okertze bat ekarri du hainbat kasutan.
Emozioak kudeatzeko ezintasun horren ondorioak orain ari dira modu gordinagoan islatzen, pandemiak bi urte bete dituen honetan eta eskoletan presentzialtasuna erabat berreskuratu denean. «Sozializazio arazoak, eremu kognitiboarekin lotutakoak, antsietatea, depresioa... Aurreko urteetan baino kasu askoz gehiago ari dira azaleratzen». Kasu horietako asko artatzen ari dira osasun profesionalak. BERRIAk kontsultatu dituen psikologoak bat datoz: gazteen osasun mentalaren okertze orokor bat gertatu da azken bi urteotan, eta igo egin da kontsultara doazen gazteen kopurua, nabarmen.
Ainara Galarza Iruñeko Argibide fundazioko psikologo klinikoa da, eta gazteen buru osasunean eskarmentu zabala du. Hark dioenez, pandemiaz geroztik gehiago dira kontsultara doazen gazteak: «Gazte gehiagok jotzen dute gugana buruko nahasmendu edo gaitz batekin lehen kontsulta egitera, eta lehendik psikiatra edo psikologoaren kontsultan zirenek ere laguntza gehiago eskatu dute, okerrago daudelako». Ideia bera azpimarratu du Natalia Gomez-Rubiera psikologo eta psikopedagogoak: «Duela urte batzuk pentsaezina zena gertatzen da orain: nerabeek beraiek egiten dute psikologora joateko eskaera».
Galarzak ez du dudarik pandemia aldagai garrantzitsua izan dela gazte eta nerabeen buru osasunaren okertzean. Kontatu duenez, konfinatze zorrotzaren garaian, etxean itxita egon behar izateak eta harreman sozialak eteteak gatazka anitz eragin zituen familia askotan, batez ere lehendik ere familiako kideren batekin arazoren bat zuten sendietan, eta horrek denakpisu handia izan zuen orain modu gordinean azaleratzen ari diren gaitzak garatzeko. «Nabaritu dugu elikadurarekin lotutako nahasmenduen igoera bat: kasu berri gehiago atzeman ditugu, eta baita lehendik diagnostikatuta zeudenen okertze bat ere», azaldu du. Halaber, autolesio kasu gehiago ere artatu dituzte Argibide fundazioko kontsultan: «Larriminari aurre egiteko mekanismo bat da gazte askorentzat».
Gomez-Rubierak ere uste du izurriak ezarritako neurri zorrotzak gaitz askoren iturburu izan direla: «Itxialdiak berak antsietate eta estres handia eragin zien gazteei, eta garaiz esku hartu ez zen kasuetan patologia psikologiko larriagoak garatu dira». Psikologoaren iritziz, «kezkagarria» da pandemia gazteen buruko osasunean uzten ari den arrastoa, baina ohartarazi du izurriak lehendik zeuden arazo psikologikoak azkartu eta azaleratu besterik ez dituela egin. «COVID-19a edalontzia bete duen tanta izan da, zerbait gaizki doala esateko seinale bat».
Ikastetxeetan, adi
Eskoletan aritzen diren profesional ugarik ere alarma piztu dute. Sugoi Etxarri psikologoak orientatzaile gisa dihardu Erronkariko (Nafarroa) eskolan, eta, dioenez, gazteen osasun mentalaren okertze bat sumatzen ari dira, batez ere nerabeen artean. «Larritzeko» moduko egoerak ikusten ari dira, bereziki, depresioarekin eta antsietatearekin bateragarriak diren sintomatologiak. Pandemiak azaleratu, azkartu eta areagotu egin ditu gaitz horiek denak, baina gehienak ez ditu izurriak sortu, lehendik zeuden, Etxarrik ohartarazi duenez: «Lehenagotik kolokan zeuden pertsona horiek putzura erorarazi ditu pandemiak».
Ideia bera azpimarratu du Pierre Lanusse-Cazale psikologoak. Nerabeekin egiten du lan Baionan eta Bidarten (Lapurdi), nerabeak hartzen dituzten zentro berezietan. Hark azaldu du pandemia «kolpe handi bat» izan dela segitzen dituen nerabeentzat. Eragin ikusgarri bat antzeman du artatzen dituen nerabeen artean —eta eragin bera ikusi dute lan egiten duen zentro sozialeko gizarte langileek ere—: nerabeek antsietate krisi askoz gehiago egiten dituzte. «Aldea nabarmena da. Ez da datu zorrotzik, baina uste dut albo ondoriotzat jo genezakeela. Koronabirusaren pandemiak nerabeen geroa ilundu du, zailtasunak dituzte gerora begira jartzeko, eta horrek sekulako antsietatea eragiten die».
Hazteko beharrezkoak dituzten erreferentzia asko erori izana gakoa da adingabeei gertatzen ari zaiena ulertzeko, Lanusse-Cazaleren arabera: «Beraien bizitzako zutabe handi bat erori da, eta izugarrizko zailtasunak dituzte hori berriz eraikitzeko».
Haur eta gazteen osasun mentala pandemian
MOTXILA AREAGO ZAMATU ZAIE
Pandemiak kalte egin die haur, gazte eta nerabe askoren oreka emozionalari eta buru osasunari: lehendik zeuden gaitz batzuk gehitu egin ditu, eta patologia berriak azaleratu. Adituek ohartarazi dute gora egin dutela elikadura nahasmenduek, autolesioek eta depresio kasuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu