Moto istripuak, maldan gora

Udan azken urteetan baino jende gehiago hil zen Euskal Herrian moto ezbeharren kari; ezbehar gehientsuak Gipuzkoan izan ziren. Motozaleek salatu dute errepideak ez daudela ondo.

Iaz Donostian gertatutako moto istripu bat. GORKA RUBIO / FOKU
Iaz Donostian gertatutako moto istripu bat. GORKA RUBIO / FOKU
inaki rubio
2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Geroz eta gehiago dira motoa hartzen dutenak eta, halabeharrez, baita moto istripuetan hiltzen direnak ere. Oro har, trafiko ezbeharretan hildakoen kopuruak behera egin du azken hamarkadetan, baina motoan hildakoenak, aldiz, gora, eta joera hori betikotzen ari dela ohartarazi dute adituek. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, auto istripuetan hildakoen kopuruak %19 egin du behera azken hamar urteetan, baina motoan hildakoen kopurua %30 handitu da denbora tarte berean. ETSC Garraio Segurtasuneko Europako Batzordearen arabera, 45.000 motozale hil dira azken hamarkadan Europa osoan. Oinezkoekin eta txirrindulariekin batera, motozaleak dira zaurgarrienak errepidean. Izan ere, kolektibo horren eskakizun kasik historikoa da errepideen jabeek neurri eraginkorrak hartzea motozaleen segurtasuna bermatzeko, baina, kolektibo horretako kideen ustez, agintariek ez dute erantzukizuna beren gain hartzen.

Euskal Herria ez da salbuespena. Auto istripuak dira oraindik hildako gehien eragiten dituztenak —32 izan ziren iaz—, baina kolektiborik zaurgarrienetako kide asko hiltzen dira errepideetan, bereziki motozaleak: 21 hil ziren iaz, trafiko ezbehar guztietan hildakoen ia herenak. 2022. urtearekin alderatuta, pixka bat egin zuen behera ezbehar horien kopuruak; haatik, aurtengo datuek goranzko joera berretsi dute: 2024a hasi zenetik, 19 lagun hil dira Euskal Herrian moto ezbeharren kari.

«Babes hesiak oso arriskutsuak dira; halakoak joz gero, arriskua dago gorputz atalen bat erauzteko»

GUSTAVO CATALANMotozalea

Datuak lurraldeka aztertuz gero, EAEk ditu kezkagarrienak: hamalau motozale hil dira urte hasieratik, 2023 osoan baino hiru gehiago. Bederatzi moto gidari hil dira Gipuzkoan, bi Bizkaian eta hiru Araban. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, erdira apaldu da hildakoen kopurua: Nafarroan, bi motozale hil dira aurten, eta, Iparraldean, hiru. Udan, halaber, inoiz baino jende gehiago hil zen Euskal Herrian moto ezbeharretan; gehientsuenak, Gipuzkoan. RACVN Hego Euskal Herriko Automobil Klubaren arabera, ezbeharretan hildako moto gidari gehienek ezaugarri jakin batzuk izaten dituzte: adin ertaineko gizonak dira, 500 zentimetro kubiko baino gehiagoko moto bat izaten dute, eta hiriarteko bide batetik irtenda izaten dute ezbeharra. Eragileak askotarikoak dira, ordea.

Moto gehiago

Istripuak Stop taldeko kide da Marga Arroyo, eta, haren ustez, moto gehiago daudelako ugaritu dira ezbeharrak: «Erosoagoa da motoa, azkarrago joaten zara, eta merkeagoa da depositua betetzea; erabilera ere dibertsifikatu egin da». Gustavo Catalan altsasuarra motozalea da, eta azaldu du motoen zabalkundea orain dela hogei urte hasi zela: «Orduan, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak baimendu egin zuen autoa gidatzeko B baimena zuen orok 125 zentimetro kubikoko motoa erabiltzea, eta jende pila bat hasi zen motoetan».

Juan Rodriguezek Gasteizko kontzesionario batean egiten du lan, eta, haren ustez, autoei murrizketak ezartzeak —hala nola emisio gutxiko eremuek— eragina izan dezakete motoen zabalkundean: «Dena den, salmenten goraldia pandemiaz geroztik sumatu dugu bereziki». Preseski, motoen kopurua igo egin da azken urteetan, eta, Catalanen arabera, baliteke horrek ere zerikusia izatea ezbeharren ugaritzearekin: «Eskuterren erabilera handitu da gehien». Haatik, RACVN erakundeak 2023an emandako datuen arabera, 2022an ibilgailu guztien %10 ziren motoak, eta trafiko istripuetan hildako motozaleak, berriz, %27. Beraz, moto gehiago izatea ez da ezbehar gehiago izateko arrazoi bakarra.

Hamaika eragile

Ezer baino lehen, istripuak eta ezbeharrak bereizi nahi izan ditu Marga Arroyok: «Ez dira gauza bera: ezbeharrak aurreikusi eta eragotzi daitezke; istripuak, aldiz, ez; gure esku ez dauden faktoreek eragiten dituzte». Hain zuzen ere, RACVN erakundearen arabera, ezbehar gehienak gizakiak eragindakoak dira, eta, beraz, bada modua halakoak eragozteko. Erakunde horren arabera, hainbat dira motozaleak baldintzatzen dituzten arriskuak; ohikoenak, alkohola eta drogak, gehiegizko abiadura eta kaskoa ez erabiltzea. Loiola Madera Soraluzeko (Gipuzkoa) Solozabal autoeskolako irakaslea da, eta, haren ustez, faktore horiek are arriskutsuagoak dira moto gidarien kasuan: «Motoak ez du txasisik; gu geu gara kolpe leungailua, eta baliteke behin susto bat hartu eta huraxe izatea azkena».

Baina badira beste hainbat eragile, Arroyoren irudiko: «Oso garrantzitsua da nahikoa atseden hartzea: gidatzeko zentzumen guztiak dira beharrezkoak». Maderaren arabera, berriz, esperientzia faltak ere eragiten ditu ezbeharrak: «Egunerokoan ikasten dugu gidatzen, autoeskola utzi eta gero».

Errepide «kaskarrak»

«Baina prebentzio neurri guztiak harturik ere, badira gure esku ez dauden arriskuak», esan du Arroyok. Esaterako, errepideak «penagarri» egotea: «Ez da posible norbait hiltzea bihurgune bat gaizki dagoelako». Orobat, Arroyok salatu du errepideak ez daudela motozaleen segurtasuna bermatzeko eginak, auto gidarienak bermatzeko baizik. Hain justu, babes hesiak moldatzea da motozaleen eskaera nagusietako bat, Catalanen aburuz: «Oso arriskutsuak dira; halakoak joz gero arriskua dago gorputz atalen bat erauzteko». Motozalearen ustez, ordea, errepideen arduradunek gehiago pentsatzen dute dirua aurreztean, motozaleen ongizatean baino.

Eguraldia ere bada eragile esanguratsua, Euskal Herria leku hezea eta euritsua dela kontuan hartuta, Arroyok esan duenez: «Zoladura bustia tranpa hilgarri bat da motozaleentzat». Bada, Catalanek dio badagoela modua horrek eragindako ezbeharrak eragozteko, baina borondatea falta dela: «Hori ez dago gure esku, baina errepideen jabeek zorua moldatu dezakete labainkorra ez izateko, eta toki askotan ez dute egiten». Haizeak ere baldintzatu egiten du ibilgailuaren segurtasuna, motozalearen arabera: «Errepidean arriskutsua izan daitekeen edozein gauza, are arriskutsuagoa da moto gidariontzat».

«Ez du inolako zentzurik motoan ibiltzen jakin gabe A1 baimena eskuratzeak»

MARGA ARROYOIstripuak Stop taldeko kidea

Halaber, lurrean pintaturik dauden seinaleen arriskuaz ohartarazi du Catalanek: «Euria egiten duenean, horien gainetik pasatzea oliotan ibiltzearen parekoa da». Euskal Herriko orografia ere bada bertze baldintzatzaileetako bat, Arroyoren aburuz: «Bihurgune asko daude, maldak, mendateak… Gipuzkoa halakoa da, eta horrek eragina izango zuen, ziurrenik, ezbeharren areagotzean».

Baina motozaleak ez daude bakarrik errepidean, eta gainerako erabiltzaileei kontuz ibiltzeko eskatu die Catalanek: «Ez gara oso ikusgarriak errepidean: autoek ez gaituzte ikusten». Eta auto gidari batzuen portaera deitoratu du: «Bizpahirutan bota dute lagun bat mototik, biribilgune batean lehenago sartu nahian: indartsuenaren legea da nagusi errepidean».

Neurriak

Egoera horrek neurriak hartzera behartu ditu agintariak. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak, esaterako, hainbat aginpide eman ditu, eta datorren urtean jarriko dituzte martxan. Besteak beste, motoak gidatzeko A1 baimena eskuratzeko trebakuntza zehatza eskatuko dute. Izan ere, gaur-gaurkoz, autoa gidatzeko B baimena edukita posible da A1 baimena eskuratzea eta 125 zentimetro kubiko arteko motoak gidatzea. Arroyori ongi iruditzen zaio horiek gidatzeko trebakuntza exijitzea: «Ez du inolako zentzurik motoan ibiltzen jakin gabe A1 baimena eskuratzeak». Catalanen aburuz, berandu ohartu dira. «Merkatua zabaldu eta moto gehiago saltzeko egin zuten hori», esan du.

«Azterketa egiteko, ikasleak behartuta daude ekipamendu homologatua izatera; bestela, ezin dute egin»

LOIOLA MADERAAutoeskolako irakaslea

Aginpide horrek bestelako neurriak ere biltzen ditu: buru osoa estaltzen duen kaskoa eramatera behartuko dituzte motozaleak hiriarteko bideetan. Eskularruak erabiltzea ere ezinbestekoa izanen da. Catalan, ordea, ez da fio neurriez: «Adabaki bat baino ez dira; hainbeste gauza daude konpontzeko…». Horren atzean erabaki ekonomikoak daudela ondorioztatu du: «Uste dut isunen bitartez dirua ateratzeko aitzakia bat dela». Gainera, eskularruek edota motoa gidatzeko jantziek Europako Batasunak homologatuak izan beharko dute. «Praka eta eskularru onak baina homologatu gabeak erabiliz gero, isuna jarriko dizute; arazoa konpondu nahi badute, konpon ditzatela errepideak». Oraingoz, soilik kaskoa erabiltzera daude beharturik, motozalearen esanetan.

Autoeskoletan, halere, gorputza babesteko arropa aproposak janztea exijitzen diete jada motozaleei, Maderak esan duenez: «Azterketa egiteko, ikasleak behartuta daude ekipamendu homologatua izatera; bestela, ezin dute egin». Baina esan du askok trikimailuetara jotzen dutela: «Materiala alokatu egiten dute, azterketa egiteko; badakit garestia dela, baina inbertsio bat dela esaten diet, garestiagoa baita hiltzea».

Prebentzioa eta kontzientziazioa

«Zer egin dezakegu, beraz, moto gidarien segurtasuna bermatzeko?», galdetu du Maderak. Haren ustez, pedagogia da gakoa: «Herritarrak kontzientziatzeko eduki berriak sortu beharko lituzkete trafikoko agintariek». Marga Arroyok kontzientziazioa du ardatz, eta autoeskoletara joan ohi da bere esperientzia kontatzera: «Duela hamabi urte, semea galdu nuen auto istripu batean, eta, ondorioz, egunero-egunero zer bizi dudan kontatzen diet». Arroyok koplarik gabe hitz egiten du: «Oso bortitza naiz; nahi dut ondorioak zeintzuk diren jakitea». Hain justu, Espainiako Gobernuak derrigorrezko egin nahi du kontzientziazio metodo hori, gidabaimenaren puntuak berreskuratzeko ikastaroak eguneratzeko prozesuaren barruan. «Psikologoen rola ere indartuko dute, besteak beste», esan du Arroyok. Neurri horiek azaroaren 4an jarriko dituzte martxan, Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, Jar zaitez nire gurpiletan ikastaroa egin zuen irailean ezbehar horiek prebenitzeko eta gidariak sentsibilizatzeko. Arroyoren ustez, ongi dago halakoak egitea, baina neurri sakonagoak jartzeko eskatu du. «Errepideen jabeek gehiago inbertitu beharko lukete bideak eta erabiltzaileak zaintzeko». Gustavo Catalanendako ere, ezinbestekoa da errepideak ongi zaintzea: «Erabat utzirik daude errepideak; ez gaituzte kontuan hartzen». Izan ere, harentzat bizimodu bat da motoan ibiltzea bera. Arroyok arduraz jokatzeko deia egin du: «Motoak erabiltzeko eta gozatzeko daude, baina kontuz ibili behar da: Joan, itzuli eta bizi, horixe daIstripuak Stop taldeko leloa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.