TORTURA

Motibazio politikoko euskal presoen %55ek tortura pairatu zuten

Foro Sozialak emandako datuen arabera, egun Espainiako kartzeletan dauden 171 presoetatik 95 torturatu zituzten atxiloaldian. Horietatik 80 Jaurlaritzaren txostenean jasota daude. Foroak premiazkotzat jo du torturaren ondorio juridikoak «berrikustea».

Agus Hernan, Teresa Toda eta Aitzol Asla, txostenaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 25a
13:05
Entzun

Sistematikoa izan da tortura. Eta horretan oinarrituta daude kartzelan motibazio politikoko euskal preso ugari. Hori erakusten du, hala kuantitatiboki nola kualitatiboki, Foro Sozial Iraunkorrak sorturiko motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren Behatokiaren azken txostenak —gaur aurkeztu dute, Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan eginiko agerraldi batean—.

Datuak argigarriak dira, batetik: egun Espainiako kartzeletan dauden 171 euskal presoetatik 95k jasan zuten tortura atxilotu zituztenean. Alegia, presoen erdiek baino gehiagok: %55ek, zehazki. Horietatik 80 EHUko kriminologia institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat eginiko ikerketan bilduta daude. Foroak lan bat jarri du martxan preso horiekin, EPPKren mintzaideen bidez. Behatokiak txostenean jakinarazi duenez, hain zuzen, preso horietako «askok» Istanbulgo Protokoloa aplika ziezaietela eskatu zuten 2018an, horretarako espedienteak beteta. EPPKren bidez osatu du foroak tortura pairatu duten euskal presoen errolda ere.

Tratu txar horiek utziriko ondorio juridikoak daude, bertzetik. Xabier Atristainen kasua adibide: urtarrilaren 18an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen euskal presoak ez zuela inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatua aukeratzeko aukerarik izan, eta, beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi du behin-behinean, torturapean eginiko deklarazioak izan baitziren haren aurkako froga nagusia. Txostenean Zigor Reizabal Atristainen abokatuak azpimarratzen duenez, bertze preso anitz egon daitezke kasu berean, eta, beraz, foroak adierazi du «premiazkoa» dela «behatzea eta berrikustea» zein izan diren torturaren «ondorio juridikoak».

Horri lotuta, eskaera zehatzak egin ditu Foro Sozialak. Batetik, profesionalei kartzeletara sartzen utz diezaieten galdegin du, torturak pairatu dituzten euskal presoei Istanbulgo Protokoloa aplikatu ahal izateko. Bertzetik, gaiari buruzko txosten bat eskatu du foroak, «zehatz-mehatz eta zorrotz» aztertzeko «zein neurritan» oinarritu diren preso horien aurkako sententziak presoek eurek euren burua erruztatuta egindako deklarazioetan. Gaiari «ausardiaz» heltzeko eskea egin du foroak, nabarmenduta inkomunikazio aldian egindako diligentziek «garrantzi handia» dutela atxilotuen zigor prozeduran: «Akusazioa zehaztu dezakete, eta, gerora, haren aurkako zigorra ere bai».

Defentsarako eskubidea

Zigor Reizabal abokatuari elkarrizketa egiten dio foroak txostenaren lehen zatian, eta Atristaini buruzko sententzia xeheki aletzen du hark. Bertzeak bertze, oroitarazten du Atristaini inkomunikazioa aplikatzeko argudio «generikoak» erabili zituela hura agindu zuen magistratuak, eta sententziak nabarmentzen duela defentsarako eskubidea «hasieratik» eta «modu orokorrean» urratu zitzaiola euskal presoari. Ofiziozko abokatuaren lana ere mugatu izana salatzen du Estrasburgoren epaiak, hiru arrazoirengatik: ofiziozko abokatuak ezin izan zuelako kasuaren espedientea ikusi, ezin izan zelako atxilotuarekin modu konfidentzialean bildu, eta ezin izan zizkiolako abokatu bati dagozkion «asistentzia zerbitzuak» eman. Gainera, sententziak azpimarratzen du hasierako deklarazioak «eragin esanguratsua» izan zuela Atristainen aurkako zigor prozeduran.

Reizabalek uste du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren azken epaia Atristainen kasu zehatzetik harago doala: «Bistakoa da beste kasu batzuetan aplikagarria dela».

Estrasburgoren sententziak

Estrasburgoko auzitegiak 11 sententzia eman ditu Espainiaren aurka Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 3.artikulua urratzeagatik, izan haren alde materialean zein prozesalean. Torturari buruzkoa da hirugarren artikulua, hain zuzen, eta Foro Sozialaren txostenak Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako 11 sententziak aletzen ditu. Izan ere, bilakaera bat izan dute epaiek: lehendabiziko hiruek, 2010etik 2012ra emandakoek, ikerketa sakon baten falta salatzen dute; 2014ko bi epaiek harago jotzen dute, inkomunikazio aldia bera zalantzan jartzen baitute; eta 2015etik 2021era emandako hiru sententziak, azkenik, iradokitzen dute Estrasburgok Espainia zigortzen segituko duela inkomunikazioa bertan behera uzten ez duen artean —gaur egun indarrean da—. Tartean da, bertzalde, Igor Portu eta Mattin Sarasola euskal presoei buruzko sententzia ere, biei tratu txarrak eragin izana salatzen duena.

Atristainen sententzia urrunago doa, ordea, txostenean agertzen denez. Izan ere, inkomunikazioa bera du oinarrizko eskubide urraketatzat. Nolanahi ere, foroak salatu du Estrasburgok ontzat eman duela 2015ean Espainiako Prozedura Kriminalaren Legean egindako moldaketa, zeinaren arabera inkomunikazioa justifikatuta egon daitekeen horretarako baliozko arrazoiak emanez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.