Iaz ireki zen epea segurtasun indarren eta eskuin muturreko taldeen indarkeria jasan dutenek erreparaziorako eskaera egin zezaten. Prozedura konplexua da, eta lehen ebazpenak udaberri hasierarako espero dira, martxoaren amaierarako edo apirilerako. Hala baieztatu du Martin Zabalza biktima horien erreparaziorako batzordeko buruak, Nafarroako Parlamentuko batzordean egindako agerraldian. Lehen eskari horien artean, hamahiru tortura kasu daude, eta baliteke aurrerago gehiago izatea, eskaerak aurkezteko epea irekirik egongo baita beste hiru urtez. Zabalzak nabarmendu du tortura ez zela sistematikoa izan, baina kasu kopurua «nabarmena» dela. «Tortura indarkeria ariketa ilegitimoa izan zen, eta, ondorioz, bidegabea eta justifikaezina»
Memoria eta Bizikidetza Batzordean, Zabalzak adierazi du orain gutxira arte erakundeek alboratu egin dituztela biktima horiek. «Nire interbentzioaren helburua da mugarri bat jartzea orain arte ukatua izan den errealitate horren harira». 2019ko legearen babespean osatu zen 2022an erreparaziorako batzordea, eta, zortzi urtez eskuineko alderdiek traba ugari jarri badituzte ere, talde guztien tonua eskertu du. Hala, Zabalzaren esanetan, urte luzez «ikusezin izan diren biktima horientzat garai berri bat ireki da».
«Urte luzez ikusezin izan diren biktima horientzat garai berri bat ireki da».
MARTIN ZABALZA Motibazio Politikoko Biktimen Erreparaziorako Batzordeko burua
Batzordeburuak ez du jakinarazi karpeta bakoitzaren atzean zer izen dauden. Konfidentzialtasuna gorde da, eta espedienteak dirauen bitartean ezin dute zabaldu nork eskatu duen. Zabalzaren arabera, oraingoz proposatutako 41 kasu horien artean eraildako hamar pertsonarenak daude; tortura jasan dutenena dira hamahiru; eta ondorio psikologikoak eta fisikoak jasan dituztenenak hemezortzi. Kasuistika horren barruan sartzen dira, adibidez, manifestazioetan larri zauritutakoak. Eskaera egin ahal izateko, frankismotik honako garaia hartzen da aintzat.
Kasu bakoitza tramiterako onartu behar da lehenik, eta urrats jakin batzuk egin ondoren: hizlari bat, auzitegi medikuntzako aditu bat eta psikologiako beste bat izendatzen dira. Kasu bakoitza aztertzen dute, biktima edo haren senideak elkarrizketatu, eta, amaieran, proposamen bat helarazi batzordeari. Azkenik, batzordeburuak erreparazioari buruzko ebazpena kaleratuko du, Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetzako zuzendari gisa.
Hala, Zabalzak nabarmendu du zauriak sendatzea ere badela erreparazio prozesuaren helburua, tramite administratiboa izanik ere: «Indarkeriazko garai bat gainditu nahi dugu, baina biktimen eskutik joan nahi dugu, eta osa daitezen lagundu. Ez da soilik administrazioak biktima gisa aitortzeko eta erreparazioa gauzatzeko prozedura bat: nahi dugu biktimei balio diezaiela bidegabeki eta urte gehiegiz jasan behar izan duten mina gainditzeko. Hori da nire konpromisoa».
Biktimak bai, egileak ez
Zabalzak nabarmendu du batzordeak argi duela zer muga dituen eta zer ez dezakeen egin. 2022an, Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen motibazio politikoko biktimen legeak ezin zitzakeela kasu horien erantzuleak seinalatu. «Irmo errespetatzen ari gara mandatu konstituzional hori: biktimak aitor ditzakegu, bai, baina ez dugu esaten egileak nor diren».
Muga horren gainetik, Zabalzak azpimarratu du biktima orok duela egiarako eskubidea. Haren ustez, batzordearen lanaren bidez, batetik, «aitortzarako eremu berritzaile bat ireki da, giza eskubideen urraketen ukazio instituzionala gainditzeko»; bestetik, «zigor zuzenbidearen bidea itxita, erreparazioa bilatzeko beste bide bat da».
UPNko Iñaki Iriartek zalantzan jarri du biktimak aitortzeko prozedura, protokolo «egiaztagarri eta argi bat falta» delakoan, «bai eta kasuaren kontraparte gisa aritu daitekeen fiskal baten antzeko figura ere». Ez du ukatu, halaber, estatuaren indarkeria izan zela eta tortura kasuak egon zirela. «Ezin dut ez ikusi egin, estatuak huts egin baitzuen biktima horiei justizia egiteko orduan, eta krimen horiek ETArenak bezain higuingarriak dira. Haiek argitzeko orduan, ezin diot garrantzirik kendu».
PSNko Inma Juriok ontzat jo ditu adierazpen horiek, baina salatu UPNk agertutako zalantzek «joera politiko bat» islatzen dutela.
EH Bilduko Arantza Izurdiagak ere onetsi ditu Zabalzaren hitzak, eta batik bat aurrera begirako bide zaila izan dutelako eskertu du batzordearen lana: «Kasu bakoitza goitik behera ikuskatuko da». Torturari dagokionez, Izurdiagak esan du sistematikoa izan zela, «segurtasun indarrak zigorrik gabe aritzeko sistema bat behar zelako» eta horretarako inkomunikazioa eta Auzitegi Nazionala funtsezko izan zirelako. Zabalzak ez du bat egin ikuspegi horrekin: «Nazioarteko txostenek eta KREIk ez dute hori esaten, eta nik ere ez dut esango».
Izurdiagak eta Geroa Baiko Mikel Asiainek gobernuari eskatu diote egin dezala motibazioko politikoko biktimen aitortzarako ekitaldi instituzional eta politiko bat, errealitate hori gizarteratzeko. Zabalzak ontzat jo du ideia, baina ez du zehaztu noiz egingo luketen.