Martin Zabalzak atzo adierazi zuen tortura kasuen kopurua «nabarmena» izan zela Nafarroan eta «garai berri bat» ireki dela motibazio politikoko ekintzen biktimentzat. Aitortzarako eta erreparaziorako batzordeko presidente eta Nafarroako Bake eta Bizikidetza zuzendariaren adierazpenok «urrats garrantzitsua» direla deritzote Egiari Zor fundazioak, Nafarroako Torturatuen Sareak eta hainbat biktimak. «Ezinbestekotzat jotzen dugu biktima guztiak aitortuak izatea, inolako bereizkeriarik eta asimetriarik gabe», adierazi du Aitziber Berruetak, Angel Berruetaren alabak —polizia batek hil zuen Angel Berrueta, 2003an—.
Berruetak eta Jorge Txokarro Torturatuen Sareko eledunak prentsaurrekoa egin dute 11:30ean, Iruñean, Zabalzaren bezperako agerraldiaren ondotik. Iazko apirilaren 5ean, adierazi zuten prest zeudela batzordearen aurrean aitortzarako eskaerak egiteko. Orain, hamar hilabete geroago, balioa eman diete Zabalzaren hitzei, eta espero dute «beste aurrerapauso bat» izatea.
«Egia osoa jakiteko eskubidea dugu. Luzaroegi ukatu zaigu egia. Gehiegi gara historia hurbileko zenbait garaitan estatuak eragindako motibazio politikoko indarkeria jasan dugunok».
AITZIBER BERRUETA Angel Berruetaren alaba
312 pertsona, prest
Gaur-gaurkoz, 41 kasu aurkeztu zaizkio batzordeari —hamar erailketa, hamahiru tortura kasu eta hemezortzi jazarpen kasu—. Aurreratu dute beste hamahiru kasu aurkeztu direla jada, eta torturatuen eskaera gehiago aurkeztuz joango direla aurrerantzean, «modu ordenatuan». Kazetari baten galderari erantzunez, Txokarrok baieztatu du oraingoz 312 pertsona daudela prest urrats hori egiteko.
Txokarrok eta Berruetak gogoratu dute orotarikoak direla 60 urtez jasandako indarkeriak. Poliziaren indarkeriaren eta gerra zikinaren ondorioz hildakoak, salbuespenezko espetxe politikaren eraginez hil direnak, bahiketak, desagerpenak, errepide kontroletako erasoak jasan dituztenak, tortura jasan dutenak, manifestazioetan pilotazko gomen ondorioz zauritutakoak... «Egia osoa jakiteko eskubidea dugu. Luzaroegi ukatu zaigu egia. Gehiegi gara historia hurbileko une desberdinetan estatuak eragindako motibazio politikoko indarkeria jasan dugunok», adierazi du Berruetak.
1.083 kasu gaurdaino
Torturari dagokionez, 1.068 kasu atzeman ziren KREI Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960tik gaurdaino egindako bi azterketetan . Torturatuen Sarea azken bi urteetan KREIrekin batera egiten ari den azterketak datua eguneratu du (1.083 kasu). Txokarrok argi du gehiago direla: «Ikerketa ez dago amaitua inondik ere. Behar den denboran, lan hori egiten jarraituko dugu, ahalik eta gehiena gerturatzeko torturaren errealitatera. Oraindik ezin dugu jakin honek zenbateko dimentsioa eta intentsitatea izan duen, lan asko baitago egiteko oraindik ere».
«Behar den denboran, azterlan hori egiten jarraituko dugu, ahalik eta gehiena gerturatzeko torturaren errealitatera. Oraindik ezin dugu jakin torturak zenbateko dimentsioa eta intentsitatea izan duen».
JORGE TXOKARRO Nafarroako Torturatuen Sareko kidea
Txokarrok nabarmendu du torturaren sisteman «segurtasun indarrek eta hainbat politikari, epaile, auzitegi mediku eta kazetarik» parte hartu zutela: «Hainbeste hamarkadatan praktika hau ukatzeak, korporatibismoak eta erabateko zigorgabetasunak sistematikoa izatea eragin dute». Kalifikatibo hori erabiltzeari uko egin zion Martin Zabalzak herenegun parlamentuan, baina ondorioztatu zuen ez zirela kasu bakanak ere. Ideia hori nabarmendu du Txokarrok ere: «Ez zen zenbait funtzionario publikok modu soltean egindako zerbait izan».
Horrek guztiak eragin du pertsona askok uzkur eta mesfidantzaz ikustea prozesua. «Beldurra dago gizartean sartuta; jende heldu asko dago. Ez dute parte hartu nahi, eta horrek zailtasun asko ematen dizkigu benetako errolda bat egiteko». Hala, dei egin dute erreparaziorako bide horretan parte hartzera. «Badakigu urrats pertsonala dela, banakakoa, baina badakigu, era berean, urrats horien baturak, aitorpen ofizialaren baturak, balio handiko erradiografia eskaini ahal duela kolektiboki».
Bulego berria
Txokarrok nabarmendu du biktimen eskutik joan nahi dutela, eta haiek laguntzeko eta aholkatzeko prest direla. Horretarako, Iruñean egoitza berri bat ireki dute, Amaia kaleko 2C atarian, lehen solairuan. Erradiografia zehatza eta erreparazio ofiziala jasotzeaz gain, garrantzia eman dio zauriak sendatzeko egitasmoari. «Orain buru-belarri gabiltza batzordean eskaerak egiten, eta hori bigarren fasean etorriko da. Biktimak aitortuta, erreparazioa etorriko da, eta ez da bakarrik arlo ekonomikokoa: osasun arlokoa ere bada. Lanketa horretan aintzat hartu beharko gaituzte».