Motelago haziko da EAEko ekonomia, baina ez da krisirik gertatuko, Confebasken ustez

Hazkundeak «goia» jo duela eta finantzen merkatuko ziurgabetasuna traba dela ohartarazi du patronalak

2007ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Goia» jo du ekonomiak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Confebaskek azaldu du %4 haziko dela aurten -aurreikusi baino bi hamarren gehiago-, baina motelago ibiliko dela 2008an: eraikuntza lanen eta barne kontsumoaren jaitsieragatik, eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hipoteken krisiagatik, nagusiki. Patronalak, dena den, ez du kalte handirik espero. «Ez da gainbehera. Ekonomiak ez du atzera egingo. Gora joko du, mantsoago», Confebaskeko idazkari nagusi Jose Guillermo Zubiaren arabera.

Lehengo seihilekoko datuak goraipatu ditu. «Uste baino hobeto ibili da ekonomia. Inflazioa %2,3ra jaitsi da, enpresek %8 gehiago inbertitu dute ekipamendu-ondasunetan, zerbitzuek azkenaldiko sasoi onari eutsi diote, eta langabezia tasak behera segitu du». Hazkundea, era horretan, %4tik gorakoa izan da urtarriletik uztailera. Baina udak aurrera egin ahal, lainotu egin da hodeiertza. Arrisku handiko etxebizitza maileguen krisiak ziurgabetasuna hedatu du finantzen merkatuetan.

Krisi horrek ez ei du eraginik izango Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Ez behintzat aurten. «Hurrengo urtean, auskalo. Oraindik goizegi da hori jakiteko». Ziurgabetasunak munduko ekonomiaren hazkundea baldintzatuko duela ohartarazi du Zubiak, dena den. Euskal ugazabek jasan ditzaketen kalteez aritu da: «Euroak gora segituko du, gogortu egingo dira finantzazioa lortzeko baldintzak, eta arazoak sor daitezke proiektu berriak bultzatzeko».

Enpresek oraingoz «ondo» eutsi diote txanponen gora-beherei eta sosak lortzeko zailtasunei. Egoerak, ordea, okerrera egin dezake. Ez bakarrik nazioarteko testuinguru nahasiagatik.



INDUSTRIA SENDO . Etxe barruko aldagai ekonomikoez ere arduratu beharra dagoela azpimarratu du Confebaskeko idazkari nagusiak. Eraikuntza, adibidez, mantsoago haziko da. Ekonomiaren motor izan da azken urteotan, eta dezenteko pisua izaten jarraituko du, baina pisu gutxiago. «Eraikuntzaren lekukoa industriak hartzea espero dugu». Eta industriak gora eginez gero, esportazioak ere handitu egingo ei dira. «Nahiz eta lehengai metalikoen eta energiaren faktura garestitu».

Industriarako lehengaien prezioarekin ez ezik, Confesbaskek kezka dauka elikagaien garestitzearekin. «Sano igo dira oinarrizko jakin askoren prezioak, eta igoera horrek atzera eragingo dio premiazkoak ez diren beste produktu askoren kontsumoari». Interes tasen gorakadak ere familien kontsumoa gutxitu duela dio. «Badirudi, ordea, ez dela igoera handi gehiago egongo».

Aurreikuspen gazi-gozoak egin ditu Zubiak. Bai nazioarteko finantzen merkatuaz, bai Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ekonomiaren hazkundeaz, bai enpleguaren bilakaeraz. Zehaztu du, zuzen esanda, 20.000 bat lanpostu sortuko direla aurten hiru herrialdeetan. Uztaileko eta abuztuko langabezia datuak uste baino txarragoak izan direla nabarmendu du, nolanahi ere. «Datu horiek udako eguraldi txarraren ondorio diren, ala gerora begirako joera bat islatzen duten jakin behar dugu».

Lan merkaturen haritik, arriskuen prebentzioaz ere hitz egin du patronaleko buruak. Dioenez, istripu kopurua %7 jaitsi da urtarriletik hona. «Baina argi dago arazoak bere horretan iraungo duela,hildakoen kopurua ere murriztu ezean». Eta heriotzak gutxitzeko,Confesbakeko buruak ezinbestekoa iritzi dio ugazaben eta langileen elkarlanari.



«Sano igo dira jaki askoren prezioak, eta gutxitu egingo da oinarrizkoak ez diren produktuen kontsumoa»

«Espero dugu industriak hartzea eraikuntzaren lekukoa, lehengai metalikoak eta energia garestitu arren»

jose guillermo zubia
Confebask-eko idazkari nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.