Begoña Pecharroman. Antropologoa

«Motel doana gidari txartzat jo ohi da»

Generoaren araberako lanaren banaketak badu eragin handia mugikortasunean, adibidez, azpiegituretan eta garraio publikoen ibilbideetan, Pecharromanek dioenez.

gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Mugikortasunaren eta bide segurtasunaren gaia hainbat ikuspegitatik azter daiteke, baina askotan generoaren aldagaia oharkabean pasatzen da. Eta badu garrantzia, Begoña Pecharromanek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1966) nabarmendu duenez, horren argitara askoz hobeto uler daitezkeelako ohitura edo arau bilakatutako zenbait jokabide. Gaia ikertu du Pecharromanek, eta bere gogoeten berri eman zuen atzo, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Emakundek antolatutako jardunaldietan.

Generoaren araberako lan banaketak badu islarik mugikortasunean?

Jakina. Eginkizun batzuk izateak, adibidez ume eta nagusiak zaintzeak, erabat baldintzatzen ditu egunero egin beharreko ibilbideak. Eta azpiegiturak ez daude pentsatuta horrelako zeregin ikusezinak egiten dituztenentzat. Arazo hori ez da soilki emakumeena; gero eta gizon gehiago ari da horrelako eginkizunak beren gain hartzen, eta arazo horrekin egingo dute topo.

Hitzaldian esan duzun moduan, produkzioa lehenesten da erreprodukzioaren kaltetan.

Hala da. Industrialde bat eraikitzen bada, ez izan ardurarik, hara iristeko bide guztiak izango ditu horrek. Baina beste behar batzuk betetzen dituzten guneak askotan ez daude hain ongi komunikaturik. Apurka-apurka aldatu den arren, autobusen ibilbideetan oso nabaria zen hori: ikuspegia izaten zen lantokiak lehenestea, eta eskolak, parkeak eta abar albo batera uzten ziren.

Datuek erakusten dute emakumeek gehiago erabiltzen dituztela garraio publikoak. Datu hori kontuan hartzen da zerbitzu horren diseinuan?

Esan bezala, produkzioaren ikuspegia gailentzen da. Ordutegiak, esaterako, horren arabera finkatzen dira: zerbitzua ugariagoa da lanera sartzeko edo lanetik irteteko orduetan. Eta, askotan, zerbitzu hori gehien erabiltzen dutenek dute arazo gehien erabili ahal izateko.

Zergatik dago hain emakume gutxi garraioaren sektorean lanean?

Guk egindako ikerketetan, askotan gizonezko kamioizaleek arbuio moduko bat erakusten zuten, pentsatzen zutelako emakumeak sartuz gero sektoreak balioa galduko zuela. Mugikortasun handiko lana izaki, horretan aritzen diren pertsonek distantzia luzeak egin behar dituzte, eta etxetik kanpo denbora luzea eman. Horrek zailtasun handiak dakartza zaintzan aritzeko. Berriro ere generoaren araberako lan banaketaren eskemak funtzionatzen du hor.

Batzuetan eztabaidatzen da gizonek emakumeek baino hobeto gidatzen ote duten edo alderantziz. Zuk, berriz, «ondo gidatzearen» kontzeptua bera jartzen duzu zalantzan.

Gure ikerketan horretaz galdetu genuen, eta emaitza izan zen askoren ustez ondo gidatzea dela azkar eta erlaxaturik joatea. Motel doanak gaizki gidatzen omen du enbarazu egiten duelako. Gainera, mutilen diskurtsoetan lehia eta parekideen arteko norgehiagoka ere agertzen zen askotan; beraiek onartzen zuten desberdin gidatzen zutela amarekin zihoazenean eta lagunekin zihoazenean.

Enpresa batzuek emakumeentzat egokiak omen diren autoak saltzen dituzte. Ba al dago horrelakorik, edo aurreiritzietan oinarritutako zerbait da?

Industriak eragin handia du mugikortasunaz dugun irudian, eta bide segurtasunaren alde gutxien egiten duen eragilea da. Publizitatean indarra, abiadura eta horrelako kontzeptuak erabili ohi dituzte; ez dut uste segurtasunak asko kezkatzen dituenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.