Ingurumenaren alde eta errauste planten eta zabortegien aurka, mosaiko «erraldoi» bat osatzera deitu du Gipuzkoa Zero Zabor plataformak. Haize errota «koloretsu» bat irudikatuko dute, errauste planta eraikitzeko proiektua bertan behera utzi eta zaborrik ez sortzeko politikak ezartzeko.
Donostiako Saguesen egingo dute mosaikoa, ekainaren 17an, eta Gipuzkoako hiriburuan bertan eman zuten atzo ekimenaren berri. Ainhoa Arrozpide elkarteko bozeramaileak jakinarazi zuenez, ekitaldi ugari antolatu dituzte egun horretarako 10:00etatik 12:00etara, eta eguerdian egingo dute mosaikoa. Irudia «koloretsua» izatea nahi dute, porlanarekin, errautsarekin eta zaborrarekin lotu duten gris kolorea amaitzeko: «Kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena. Hori da egingo dugun eskaintza eta aldarria».
Aire garbiak bira nazan izena jarri diote ekitaldiari. «Gure ekonomiak naturaren zikloak barnera ditzan eskatuko dugu errotaren mugimendu zirkularrarekin», azaldu zuen Arrozpidek. Gainera, nabarmendu zuen herritarren konpromisoa beharrezkoa dela mosaikoa osatzeko eta hondakinei irtenbide bat emateko: «Ezin dugu haizeak hostoak bezala, nora eramango gaituzten zain geratu».
Arrozpidez aparte, Zubietako, Segurako, Zarauzko eta Oñatiko herritar bana izan zen agerraldian. «Zabortegi kutsagarrien eta erraustearen mehatxu zuzena jasaten duten herrietako ordezkariak dira», Arrozpideren esanetan. Eledunaren arabera, inork ez du bere herrian nahi zabortegirik edo errauste plantarik, eta gogora ekarri zituen errauste planta jartzeko proposatu diren herrien kontrako erreakzioa. Besteak beste, Irun, Astigarraga, Usurbil, Oiartzun, Zubieta, Donostia, Lasarte eta Hernani aipatu zituen adibide modura. Arrozpidek erantsi zuen horrelako proiekturik nahi ote duten ez zaiela herritarrei galdetu. Bestalde, Olatzagutiko (Nafarroa) porlan fabrikan zaborrak erretzearen aurka ere herri ugari azaldu direla oroitarazi zuen.
«Naturarekiko oreka» defendatu zuen Arrozpidek, eta materialek balioa dutela aldarrikatu: «Ez dira zaborra». Hortaz, materialak zaborra bailiran erretzearen aurka egin zuen, eta materialak berrerabili eta hondakinak ahalik eta gehien murriztearen alde.
Mosaiko bat egitera deitu du Gipuzkoa Zero Zaborrek ingurumenaren alde
Ekonomiak naturaren zikloak barnera ditzala eskatuko du elkarteak ekainaren 17an egingo duen ekitaldian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu