Zinemagintzako eragile bati emango diote 2025ean Donostiako Urrezko Danborra. Hain zuzen, udalak gaur jakinarazi du Moriarti produkzio etxeari emango diotela saria, ekoiztetxeak egindako ibilbide «luze eta laudatuagatik». Euskal zinema «estatuko eta nazioarteko zinemaren erreferente gisa» jarri izana eskertu nahi diote. 98 hautagaitzaren artean izan da aukeratua, eta, adierazi dutenez, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez hartu du erabakia.
Jon Garaño Moriartiko kideak aitortu du «ezustekoa» izan dela hautapena, baina eskertuta agertu da aitortzagatik. Garaño, Xabier Berzosa, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Asier Acha zinemagileek osatzen dute egun lantaldea.
2021ean sortu zuten Moriarti zinema produkzio-etxea, Donostian, eta hainbat ekoizpen ondu ditu ordutik, molde ezberdinetakoak: film luzeak, film laburrak, dokumentalak eta telesail bat. Horien artean, badaude ospea eta sona hartu duten lanak ere: Handia, Loreak eta La trinchera infinita filmak, Cristobal Balenciaga telesaila eta Lucio dokumentala, esaterako. Marco izan da ekoitzitako azken pelikula.
Aitortza aldetik ere, sari ugari poltsikoratu ditu jada. Besteak beste, hamabi Goya sari eta 31 izendapen; Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko bi hautagaitza; Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren sari berezia, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria eta Fipresci saria; filmik onenaren Forque saria; EFA sari bat; Platino sari bat; eta film onenaren Sant Jordi saria.
Urrezko Danborra San Sebastian egunean, hau da, urtarrilaren 20an emango diote ekoiztetxeari, udaletxeko batzar aretoan.