Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Monterok indarra eskatu du Errenteriari eusteko

Espainiako Berdintasun ministroak botoa eskatu du EPrentzat, udalerri hori «eraldatzen» jarrai dezaten, «publikoaren indarrarekin»

Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroa eta Maite Gartzia EPren Errenteriako alkategaia. JUAN HERRERO / EFE.
xabier martin
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Berdintasun ministro Irene Montero Errenterian (Gipuzkoa) egon da «publikoaren indarraren» aldeko botoa eskatzen, Elkarrekin Podemosek indarra gal ez dezan Oiartzualdeko udalerri horretan, eta gobernatzen jarrai dezan, EH Bildu bazkide nagusiaren alboan. «Etxebizitza oso garestia duen lurralde bat da Euskadi, eta hezkuntzaren pribatizazio handienetakoa du», esan du Monterok. Hori dela eta, EPk indarrez jarraitzeko beharra ikusten du, «eraldatzeko ekimena ahuldu ez dadin Errenterian, eta beste udalerri askotan». Eusko Jaurlaritzari begira ere jarri da koalizio morearen garrantzia azaltzean, «Euskadin gobernu progresista bat» egotea ezinbestekotzat jotzen baitu, «Osakidetza zainduko bada, profesionalei lan baldintza onak emanda».

Montero ministroak azpimarra egin du arlo publikoaren ordezkaritzari dagokionez bere koalizioak duen garrantzian. «Euskadin, publikoa dena defendatzen duen indarra gara, eta prest gaude kostu politiko bat pagatzeko gure herritarren osasunaren bizkar aberasten ari direnak seinalatzeagatik».

EPren Errenteriako alkategai Maite Gartziak gogoratu du bere koalizioak lau urte daramatzala gobernatzen udalerri horretan, EH Bildurekin batera. «Ez da erraza izan, pandemia dela eta, baina ondorio argi bat dago: gobernatzen dugun tokietan hobeto bizi da jendea».

Lekuona Fabrika kulturgunean aritu da Espainiako Berdintasun ministroa, baina bere hitzaldiaren zati handi bat Espainiako politikagintzari eman dio; «edozein egunetan» PPk «Podemos ilegalizatzea» proposatuko duela ohartarazi du, eta Espainiako alderdi eskuindarra zokoratzeko eskatu die boto emaileei, «ustelkeria baita haien gobernatzeko modua».

Yolanda Diazen zain

Montero ez da kanpaina honetan Gipuzkoara etorriko den Unidas Podemoseko ministro bakarra izango. Ordu gutxian, Yolanda Diaz Lan ministroa Donostian egongo da, EPren aldeko ekitaldi batean. Hego Euskal Herria ez da plaza deserosoa Diazentzat eta Podemosentzat, bien arteko aferari dagokionez. Sumar proiektuak ez du eragin zauri handirik EPren barruan, Podemoseko agintari ohi batzuk Sumarren alde azaldu diren arren. Kontua da Diazek ez duela zertan banatu bere denbora ez Donostian ez Iruñean, aurreko astean erakutsi duen moduan, EPren eta beste koalizioren baten artean. Horixe gertatu da Madrilen eta Valentzian (Herrialde Katalanak), Mas Pais-Equo eta Compromis koalizioen parte hartzeak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.