Monterok esan du aukera dagoela Jaurlaritzan «lehen aldiz ezkerreko gobernu bat» osatzeko

Espainiako Berdintasun ministro ohia Elkarrekin Podemoseko emakumeekin bildu da Donostian. Miren Gorrotxategik esan du gobernu «feminista eta aurrerakoi» bat osatu nahi dutela.

Irene Montero-Miren Gorrotxategi
Irene Montero eta Miren Gorrotxategi, gaur, Donostian. JUAN HERRERO/ EFE
edurne begiristain
2024ko martxoaren 9a
13:10
Entzun

Irene Montero Espainiako Berdintasun ministro ohia eta Europako hauteskundeetarako Podemoseko hautagaia Donostian izan da gaur Elkarrekin Podemoseko emakumeekin egindako topaketa batean, eta han azpimarratu du garrantzitsua dela Elkarrekin Podemos «indartsu» egotea eta «eraldaketaren ahotsa» Eusko Legebiltzarrera eramaten jarraitzea, «Euskadin ezkerreko gobernu bat eraikitzeko» aukera egon dadin. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiarekin eta Pilar Garrido Podemos-Ahal Duguren koordinatzaile nagusiarekin batera parte hartu du ekitaldian.

Berdintasun ministro ohiak adierazi du datorren apirilaren 21ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek aukera izango dutela «lehen aldiz, ezkerreko gobernu bat lortzeko». Ohartarazi du Elkarrekin Podemos dela gobernu «progresista» eta «feminista» bat bermatuko duen alderdi bakarra, bai eta bakea erdigunean jarriko duen ezkerreko gobernu bat eratzea ahalbidetuko duena ere: «Beste indar aurrerakoi guztiak esaten ari dira beren botoek EAJ gobernatzen jarraitzeko balioko dutela, baina Elkarrekin Podemosek bakarrik bermatzen du Euskadin ezkerreko gobernu bat egotea».

Feminismoa eta bakea

Martxoaren 8ko mobilizazioei ere erreparatu die Monterok, eta azpimarratu atzo feminismoak «itxaropena» jarri zuela erdigunean, «eskuinak eta eskuin muturrak gizartearen zati bati ematen dion beldurraren aurrean, baita sektore aurrerakoi askok bultzatzen dute konformismoaren aurrean ere». Hala, ziur agertu da «konformismoa» eta «beldurra» direla dela aurrerakoien eta feministen etsai nagusia, eta horiei aurre egitera deitu ditu herritarrak.

Palestinako gerra gogoan hartu du ekitaldian, halaber, eta esan «Euskadi eta Espainia bake herriak» direla, eta Elkarrekin Podemos bakearekin engaiatuta dagoela. «Hauteskunde hauetan, euskal herritarrek aukera izango duzue bakea erdigunean jarriko duen ezkerreko gobernu bat izateko», ziurtatu du.

Feminismoaz mintzatu da Gorrotxategi ere, EAJren eta PSE-EEren aurka eginez: «EAJ feminismoaren hitzak erosten ari da, baina eduki guztiak praktikan hutsik uzteko. Ez delako feminista». Gogoratu du jeltzaleek ez zutela babestu nahi izan hilerokorako materiala doan banatzeko asmoz koalizio moreak proposatutako ekinaldia eta Emakunde Lehendakaritzatik atera zutela, eta PSE-EEk kanpainan gauza bat esaten duela eta hauteskundeak amaitu bezain laster «EAJrekin mimetizatu» egiten dela. Lan asko dago egiteko, Gorrotxategiren iritziz: «Gobernu feminista behar dugu, ezkerrekoa, zeregin horiei guztiei aurre egingo diena eta agintzen duena benetan egingo duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.