Aurrera ateratzea ezinezko zela aldez aurretik jakinik ere, monarkia babesteko adierazpen bat aurkeztu du PPk. Aho batez onartu beharra zegoen, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak kontra egin dute, eta PSN abstenitu egin da.
Aurkeztutako testuaren arabera, «monarkia aitortu behar da iraganaren, orainaren eta etorkizunaren parte gisa, baita Espainiako kultur nortasunaren parte gisa ere».
PPk aurkeztu du testua, eta UPNk eta Voxek bat egin dute. «Berriro egin dute. Ez dira gai monarkia errespetatzeko ezta adierazpen batean ere», aurpegiratu die UPNko Leticia San Martinek sozialistei. «Gero eta gauza gutxiagok bereizten dituzte PSN eta EH Bildu. Hau da egungo PSN».
PSNko Ramon Alzorrizen arabera, PPren helburua zen «monarkia goratzea». Haren ustez, baina, monarkiari PPk berak egiten dio kalte gehien, hura auzitan jartzen baitu. «PP itun konstituzionala hausten ari da, eta Nafarroa Konstituzioarekin lotzen duen puntua ere kolokan jartzen du, Nafarroak eskumenak bere gain hartzearen kontra eginda», arrazoitu du, trafiko eskumenaren inguruan Foru Hobekuntzaren erreformaren aurka bozkatu baitzuten PPko parlamentariek.
Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, koalizioko kideak «errepublikaren aldekoak» dira. «Estatua antolatzeko eredu gisa errepublikaren alde egiten dugu apustu». Azkonaren arabera, PPk adierazpenaren edukiarekin bat egingo balu, erreferendum batera deitu beharko luke, herritarren iritzia galdetzeko.
PPk arrazoitu du ostegunean mozio bat onartu zela Nafarroako Parlamentuan balio errepublikanoen alde. Javier Garcia parlamentariaren esanetan, testu horretan aipatzen zen egungo monarkia «ustela» dela eta gain behera dagoela. Hala, parlamentuan Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari galdetuko diote ea ados dagoen adierazpen horiekin.
Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren arabera, aurkeztutako adierazpen instituzionala «lotsagarria» da, Espainiako batasunaren ikurtzat hartzen delako monarkia. «Galdetu nahiko nioke PPri ea lehen edo bigarren errepublika Espainiaren aurkakotzat jotzen duen». Herrialde horren ideia bakar bat bultzatzea leporatzen dio.