MON810 transgenikoa baimendu du Frantziako Estatu Kontseiluak

MON810-en debekuaren luzapena berriz planteatzeko nahikaria plazaratu dute Laborantza eta Ingurumen ministroekMonsantoren poza eta transgenikoen aurkarien haserrea eragin du erabakiak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Monsantoren MON810 transgenikoaren landaketa baimentzea onartu zuen herenegun Frantziako Estatu Kontseiluak. Berehala, erabakiarekin ez direla ados plazaratu zuten, ordea, Stephane Le Foll eta Philippe Martin Laborantza eta Ingurumen ministroek, eta MON810 debekatzeko neurri berriei buruz gogoetatzeko konpromisoa erakutsi. Ondoko ereite sasoia aitzin, hots, 2014ko martxoa-apirila aitzin, erabaki bat hartuko dutela hitzeman dute.

MON810 genetikoki eraldatutako organismoaren (GEO) ekoizpena 2008az geroz zuen Frantziako Gobernuak debekaturik, zuhurtzia printzipioan oinarriturik. Luzapena deuseztatzeko erabakia hartu zuen, ordea, herenegun estatu kontseiluak. «Europako Justizia Gortearen jurisprudentziari segi, estatu batek horrelako neurri bat [ekoizpenaren debekuaren luzapena] har dezake soilik behar gorria denean eta jendeen, abereen eta ingurumenaren osasuna lanjerrean ezartzeko arrisku handia denean», estatu kontseiluaren azalpenei segi. Instituzio horren arabera, ez da, beraz, nahiko arrisku edota beharrik debekua mantentzeko.

MON810 artoaren jabe Monsanto multinazionalaren pozaeta transgenikoen aurkarien kexu gorria piztu zuen berriak. Desobedientzia zibilari berriro lotzeko prest daudela jakinarazi zuen atzo Jose Bove GEOen aurkako borrokalari eta eurodiputatuak. Frantziako Laborantza ministroak ere zuen erabakia deitoratu: «Estatu kontseilua ez da erabakitzailea; ez du hark erraten genetikoki eraldaturiko organismoak debekatzen ahal ditugun edo ez».

Arto ekoizleen hiru elkartek zuten iazko martxoan estatu kontseilura jo, luzapena ezeztatzeko eskatzeko. Elkarte horiek etaFNSEA sindikatuak Jean-Marc Ayrault lehen ministroari gutun bat bidali zioten iragan astean, eta GEOei buruzko eztabaida bat galdetu. MON810 berriz debekaturik baldin bada erabakia errespetatuko dutela esan zuten, eta nabarmendu, haatik, beste transgeniko batzuk baimentzearen garrantzia.

Hego Euskal Herrian badira

MON810 da Europan landatu transgeniko bakarra. Europako Batasunari doakionez, Austrian, Hungarian, Grezian, Errumanian, Bulgarian eta Luxenburgon dute MON810 debekaturik. Europako GEO ekoizpenaren %80 Portugalen eta Espainian kokatzen da. Hego Euskal Herrian ere badira. MON810 izan ezik beste GEOguztiei buruz Europan egin landatze eskaerak bertan behera uzten zituela jakinarazi zuen uztailaren 18an Monsantok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.