Karmen Galdeano. Egiari Zor

«Modu positibo batean egin nahi dugu gure ekarpena»

'Errazten' agiria aurkeztu du Egiari Zor fundazioak; Galdeanok dioenez, prest dira «entzun nahi duten guztiekin» partekatzeko.

DAVID AGUILA / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Joan den igandean, Errazten. Berriro inoiz ez izeneko agiria aurkeztu zuen estatuen indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak. Bizikidetzan lagungarri izango den «ekarpen positiboa» egin nahi izan dute estatuen indarkeriaren biktimek, eta hala nabarmendu zuten Donostiako Miramar jauregian egindako ekitaldian.

Asmo hori jarri du agerianEgiari Zor fundazioko kide Karmen Galdeanok ere (Algorta, Bizkaia, 1966). 1985ean GALekDonibane Lohizunen (Lapurdi) hildako Xabier Galdeano kazetari eta Egin egunkariko administrazio kontseiluko kidearen alaba da Karmen.

Zergatik jarri diozue Errazten izenburua agiriari?

Gure ekarpena modu positiboan egin nahi genuelako. Azken hilabete hauetan, memoriarekin gora eta behera ari gara, eta guk hortik kanpo ikusten dugu geure burua. Gure lekukotasuna mahai gainean jartzeko prest gaude, egiaren benetako mapa bat sortzeko. Hori izango litzateke gure ekarpena: Euskal Herrian gertatu den oinazearen zati garrantzitsu bat adieraztea, benetako kontakizun edo egia sortzen laguntzeko.

Indarkeria behin betiko desagerrarazteko «oinarri politikoak» jartzearen garrantzia nabarmendu zenuten aurkezpenean. Zer esan nahi duzue horrekin?

Behin eta berriro entzun behar dugu hemen ez dela gatazka politikorik egon. Guk gure kontakizun objektiboak jarriko ditugu, baina berriro horrelakorik gerta ez dadin oinarri politikoak ipini beharko dira. Guk eta gainerako biktimek ere sekulako esfortzua egin arren, oinarri politiko finko bat adosten ez bada, agian errepikatzeko aukera hori zabalik geldi daiteke, eta guk hori ez dugu nahi; ez dugu nahi guk jasandako guztia beste inork sufritzea.

Oraindik indarrean dauden indarkeria mota guztiak bertan behera uzteko eskatzen duzue. Zeintzuk dira indarkeria horiek?

Argi ikusten dugu alde bateko indarkeria eten egin dela, ez dagoela hildakorik, baina presoen inguruan dagoen errepresio eta mina hor dago oraindik: jarraitzen dute presoen bakartze egoerek, sakabanaketak; senide eta lagunok jarraitzen dugu astero kilometroak eta kilometroak egiten eta abar. Hori guztia ondorio zuzena da, eta bukatu egin behar da. Jarraitzen dute epaiketa politikoek Auzitegi Nazionalean, eta, edonoiz, hainbat eta hainbat herriko taberna lapurtu egingo dituzte. Horrek guztiak etena behar du.

Biktimak mailakatu egiten direla esaten duzue. Bigarren mailako biktima sentitzen zarete?

Sentitu baino gehiago, bigarren mailako biktimak gara. Hori, biktimatzat onartu gaituztenen kasuan, batzuei ez baitie ezta hori ere aitortzen. Ez gara existitzen. Batzuk existitzen gara, onartzera behartuta egon direlako, eta beti sekulako oztopoak gaindituz, baina ez dugu inolako errekonozimendurik eduki. Oso erraza da gaitzespen orokorrak egitea, baina inork ez du erantzukizuna bere gain hartu. Nire kasuan, esaterako, nork hartuko ditu bere gain GALen erantzukizun politikoak?

Nola ikusten duzue instituzioek antolatu duten Memoriaren Eguna?

Ezin dugu ukatu pausoak ematen ari direla, baina gehienak norabide berean doaz. Gu ez gara identifikaturik sentitzen Memoriaren Egunarekin. Gehienok ez dugu gonbidapenik ere jaso inongo ekitalditara joateko. Oraindik bide luzea gelditzen zaigu; egia asko jarri beharko dira mahai gainean gure arteko bizikidetza hori naturaltasunez egin ahal izateko.

Memoriaren Egunaren harira, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua ere abian jarriko dute. Zer espero duzue erakunde horretatik?

Egiari Zor fundazioari ez diote ekitaldira joateko gonbidapenik bidali, gutako batzuek modu pertsonalean jaso badugu ere. Dena den, guk pauso guztiak txalotzen ditugu, eta hor parte hartu nahi dugu eta gure ekarpena egin, ea guztion artean lortzen dugun urraketa guztiak azaleratzea.

Nolako urratsak egingo dituzue aurrerantzean agiri honekin?

Entzun nahi gaituzten eragile guztiekin biltzeko prest gaude. Oraindik pauso asko eman behar dira, baina gure ekarpen txikia egiteko prest gaude, ekarpen hori jasotzeko prest dagoen edozeinekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.