Modesto Manuel Azkonaren gorpuzkiak identifikatu ditu Gogora-k

Arabako Foru Aldundiko diputatua zela fusilatu zuten frankistek. Miranda Ebroko hilerrian zegoen lurperatuta, eta haren biloben DNAri esker lortu dute identifikatzea.

Frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldia, iazko irailean, Gasteizen. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldia, iazko irailean, Gasteizen. ARABAKO FORU ALDUNDIA
aitor biain
2024ko maiatzaren 31
15:35
Entzun

Gogora institutuak jakinarazi du Modesto Manuel Azkonaren gorpuzkiak identifikatu dituela. Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) Bayas hilerrian zegoen lurperatuta, eta haren biloben DNAri esker lortu dute identifikatzea. 1891ko otsailaren 24an jaio zen Azkona, Alesbesen (Nafarroa), eta Arabako Foru Aldundiko diputatua zela fusilatu zuten frankistek, 1936an.

Fronte Popular ezkerreko koalizioaren partaide zen Azkona, eta Arabako Foru Aldundiko Batzordeko kidea. Hain zuzen ere, batzorde hartako hamabost kideetatik bederatzi hil zituzten tropa frankistek 1936ko irailaren 18an. Horien artean zegoen, besteak beste, Teodoro Olarte Arabako Foru Aldundiko Kudeaketa Batzordeko lehendakaria zena. Bada, efemeride hori baliatuta, Arabako aldundiak egun horretan egiten du urtero frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldia.

Haren gorpuzkien bila aritu dira Azkonaren senideak, orduz gero. DNA lagina ere eman zuten Gogora institutuan, eta horri esker lortu dute orain haren gorpuzkiak identifikatzea. Hain zuzen ere, 1936ko gerran senideren bat desagertu zitzaien herritarrei DNA laginak emateko deia egin zien Eusko Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.