Juanjo Allur. Siadecoko arduraduna

«Modernizatu egin behar dira ikerketa soziolinguistikoak»

Mende erdiko ibilbidea osatu du Siadeco ikerketa elkarteak. Aitzindari izan da euskararen egoerari buruzko hainbat ikerketa egiten, eta orain ere hor dihardu. Aldaketak egin beharraz mintzo da Allur arduraduna.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ospakizun ekitaldia egin zuten ostiralean, baina atzo beste egun bat zuten, ohiko laneguna. 50 urteko bidean, beste egun bat. Mende erdi bete du Siadeco ikerketa elkarteak. Euskarari buruzko ikerketa ugariren abiapuntu izan da: kaleko erabilera neurtzeko metodologia sortu zuen, baita lehen ikerketa soziolinguistikoak egin ere. Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoa erakundeek bideratzen dute orain, baina Siadecok egin ohi du landa lana esparru gehienetan. Beste ikerketa ugaritan ere badabil taldea. Talaia horretatik begiratuta mintzo da Siadecoko arduraduna, Juanjo Allur (Legorreta, Gipuzkoa, 1971).

Mende erdia bete du Siadeco ikerketa elkarteak. Zer egoeratan heldu zarete urteurrenera?

Orain 50 urteko izpirituarekin. Siadecok hasieratik izan du euskararekiko eta euskal kulturarekiko kezka. Garai hartan ez zegoen erroldarik, daturik, eta herriz herri hasi behar izan zuen horretan Siadecok. Euskararen ezagutzari eta jarrerari buruzko datuak jaso zituen, nahiz eta sozioekonomiaren edo hirigintzaren arlokoak izan lehen lanak. Gaur egun ere jarraitzen dugu beste arlo batzuekin batera soziolinguistikan. Urteotan gizartea asko aldatu da, baina ez dakit hainbeste aldatu ote den soziolinguistikan aldaketa horri erantzuten dioten ikerketak egiteko modua. Hor aldaketa batzuk egingo lituzke Siadecok.

Zertan, adibidez?

Inkesta soziolinguistikoan zer eta nola galdetu, eta datuak nola ustiatu. Berrikuntza interesgarriak egin daitezke, eta beharrezkoak momentu honetan. Edo euskararekiko jarrerak neurtzen direnean, interesgarria litzateke beste hizkuntza batzuekiko jarrerak ere ezagutzea, horrek informazio osoagoa ematen duelako. Planifikazioari dagokionez, tokian tokikoak oso inportanteak dira.

Urteurreneko ekitaldian bereziki gogoan hartu zenituzten Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx eta Iñaki Larrañaga. Zergatik?

Euskal Herrian ekarpen izugarria egin dutelako. Larrañagak soziolinguistika kontzeptua bera ekarri zuen Euskal Herrira, eta haren gidaritzapean lan aitzindariak egin ziren Siadecon; besteak beste, herriz herriko azterketa soziolinguistikoak. Horien bueltan giro bat sortu zen herritarren eta eragileen artean, eta sentiberatze prozesu bat. Hori galdu egin da hein batean. Azterketa haien ondorioz sortu ziren herrietako euskara zerbitzuak. Arlo profesionalaz gain, nabarmentzekoak dira Larrañagaren giza balioak ere.

Txepetxek, berriz, teoria propio bat garatu du hizkuntzaren biziaz eta biziaren hizkuntzaz, eta binomio oso emankorra izan da Siadecoren eta Txepetxen artekoa. Elkarren osagarri egindako bide horrek ekarri du teoria bat garatzea, praktikan jartzea, egokitzea, eta gaurkotasun handia daukaten zenbait ekarpen egitea. Txepetxi ez zaio behar adinako aitortzarik egin: ez mundu ofizialak, eta mundu ez-ofizialeko batzuek ere ez. Ur emari handiko iturria izan da eta da guretzat.

Soziolinguistika izan da Siadecoren ardatzetako bat, baina beste arlo batzuetan ere aritzen zarete. Zer ardatz duzue orain?

Bi ardatz nagusi ditugu: sozioekonomia eta soziolinguistika. Batetik besterako begirada oso garrantzitsua da: bai sozioekonomiarako, bai soziolinguistikarako. Sozioekonomian, bitarteko erabat naturala dugu euskara: enpresetako bideragarritasun planetarako, merkataritza biziberritzeko planetarako... Orain hogei urte ere esaten genuen marketin eta kudeaketa planetan sartu behar zela hizkuntza normalizazioa, eta esaten ziguten hori beste arlo bat zela. Hogei urte geroago ikusi da kudeaketa planetan egon behar duela hizkuntza planak. Hizkuntza normalizazioko planak eta diagnostikoak ezin dira modu bakartuan planteatu eta egikaritu.

Ikerketa soziolinguistikoen esparrua nola sumatzen duzu?

Eguneratu eta berritu beharrean. Zeharkakotasuna garrantzitsua da horretarako, eta normalizazio planek transbertsalak izan behar dute, baita diagnostikoa egitean ere. Hizkuntza adierazle estandarretan oinarritutako datu asko maneiatzen dira, baina, zeharkakotasun horren bidetik, beste begirada batzuk kontuan hartu behar dira hizkuntza politika eraginkorragoak diseinatzeko, egikaritzeko eta ebaluatzeko.

Euskararen arloan behar bezalako pisua ematen zaio ikerketari, edo askotan iritziak dira oinarri?

Datuei buruz ari bagara, ohiko adierazle horiei buruz, estatistikak egiten dira maiztasun batekin, asko sozializatzen dira, eta zer esan franko ematen dute. Alde horretatik, ematen zaio garrantzia. Orain, horiek osatu beharra ikusten dudan neurrian, ikertu beharrekoa eta modua berritu eta modernizatu beharra, esan nezake behar adinako garrantzirik ez zaiola ematen. Akatsa da herrien tamainaren eta hizkuntza ezagupenaren arabera sortutako tipologiak zaku berean sartuta hizkuntza politika berdinak aplikatzea. Gustatuko litzaidake Siadecok orain 40 urte egindako azterketa soziolinguistikoak hartzea, eta gaurko egoerarekin konparatzeko aukera izatea. Inportantea da tokian tokiko ikerketak ere egitea.

Erabilerari buruz badago kezka: ezagutza gora, baina erabilera geldialdian. Larrañagak eta Txepetxek esandakoak gogoan, espero izatekoa zen egoera hori?

Hori jasoa dago Txepetxen, Larrañagaren eta Siadecoren orain 30 urteko txostenetan. Esperotako agertokira iritsi gara. Kontua da batzuek espero genuen agertokira iritsi arte zain geratu behar ote zen orain beste zerbait egin beharra dagoela esaten hasteko.

Eta zer egin?

Ez dagokit niri hori esatea. Administrazioak badauka zer egin franko; gauza batzuetan asmatu du, eta beste batzuetan, ez. Iruditzen zait batzuetan etsigarria izan daitekeela udaletako euskara zerbitzuetan ari direnen tokia, eta hor beharrezkoa dela arnasberritze bat, motibazio bat; askotan bulegoko lanean harrapatuta ikusten ditut, eta ez dutela kaleko lanik egiten. Hizkuntza normalizazioko teknikari baten zereginek eguneratzen joan behar dute, ezin gara lehengoan geratu. Gizartea aldatu egin da, eta herri eragileen aktibazioa esaten denean, aldaketa handiak eskatzen ditu horrek. Zailtasunak eta mugak handiak dira, baina asmatu behar dira hor formula berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.