Hemendik aitzina ez dute Pfizer txertorik jarriko Ipar Euskal Herriko txertaketa guneetan. Hori da Eskualdeko Osasun Agentziak iragarri duena. Argudiatu du Moderna txertoaren kontserbaziorako baldintzak egokiagoak direla txertaketa guneen antolaketarako; honezkero, Pfizer txertoaren dosiak osasun profesional independenteen bulegoetan jartzen ahalko dira bakarrik. Neurriak 30 urtetik beherakoei eragiten die gehienbat, ez baitute Moderna txertorik hartzen ahal.
Eskualdeko Osasun Agentziak, halere, zehaztu du Pfizer txertoaren dosi bat jartzeko ordua jadanik hartua duten herritarrek «erreserbak ahitu arte» jartzen ahalko dutela, txertaketa guneetan. Dena den, eskatu dute hemendik aitzina Moderna txertoa jartzeko orduak bakarrik hartzeko.
Ipar Euskal Herrian, 18 urtetik gorako herritar guztiek jar dezakete indartze dosia, azken dosia hartu eta bost hilabetera. Urtarrilaren 15etik goiti, osasun ziurtagiria baliogabetuko zaie indartze dosia jartzen ez duten herritarrei; gehienez ere, azkena jarri eta zazpi hilabeteko epea izanen du ziurtagiriak baliozkoa izaten segitzeko.