Mobilizaziora dei egin du Seaskak, irakasle postuen auzia gainditzeko

Miarritzen egingo dute protesta, datorren ostiralean. Frantziako Gobernuari dei egin diote ikastolen beharrei erantzun diezaien

Iazko maiatzean egin zuen lehen danborrada Seaskak, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Heldu den ikasturterako hitzarmena adostu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak, EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Seaskak, baina ikastolek ez dute izenpetuko irakasle postuak lortu arte. «30 postu behar ditugu. Gu hamahiru ordaintzeko prest gara, gehiago ez», ohartarazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Iragarri dute mobilizatzen segituko dutela Parisek jarrera aldatu artean. Manifestaziora deitu dituzte herritarrak, ekainaren 7rako, Miarritzen (Lapurdi). Bigarrenez, danborrada egingo dute, 15:30ean hasita, Frantziako Gobernuak mezua entzun dezan.

«Irakasle postu horiek lortzen ez baditugu, 30 ikasletik gorako gelak izanen ditugu. Hori ez da posible», salatu du Indok. Frantziako Gobernuari eskatu diote postuak diruztatzea edo irakasleak Seaskak ordaindu ahal izateko laguntza ekonomikoa ematea. Iazko ikasturterako, 25 irakasle postu eskatu zituen Seaskak, baina Parisek bost baizik ez zizkion onartu. Seaskak hamar irakasle postu ordaindu zituen bere sakelatik, eta EEPk beste bost hartu zituen bere gain negoziazioen ondotik. Indok dio azken bost postuak «irakasleek beren gain» hartu dituztela. «Hautsi-mautsiak egin behar izan dituzte».

Iragarri dute datorren ikasturterako berrehun ikasle gehiago izango dituztela, eta kopurua emendatuz joango dela ziurtatu dute. Eskari horri aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak baliabide gehiago behar ditu. Indok nabarmendu du aurten 365.000 euroko defizita izan dutela irakasle postuak beren gain hartu izanagatik. «Gurearen gisako egitura txiki batentzat, asko da». Egoerak hurrengo ikasturterako prestaketa lanak zailtzen dituela nabarmendu du Indok. «Eskola publikoetan otsailerako antolatzen dute hurrengo ikasturtea».

Aterabide orokor bat

Seaskako arduradunek adierazi dute egoerari konponbide orokor bat eman behar zaiola. «1994an, estatuarekin hitzarmena izenpetu genuen, eta lortu genuen gure irakasleak hark ordaintzea», oroitarazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. 2017an, Jean-Michel Blanquer ministroarekin elkartu zirenean, beste garai batera pasatzeko beharra azaleratu zioten. «Hiru eskaera nagusi egin genizkion: ikastola berrien eraikuntzak diruztatzeko dugun arazoari konponbide bat ematea, azterketak euskaraz egin ahal izatea eta ikastolen garapena laguntzea». Gorostiagak gogora ekarri du urte guzian egin dituztela mobilizazioak, eta jarraitzeko prest daudela ohartarazi du.

Alde horretatik, Seaskak gogorarazi du Emmanuel Macron Frantziako presidentea euskara hobeki laguntzearen alde mintzatu zela maiatzaren 18an, Miarritzera egin zuen bisitan. Abuztu amaieran Miarritzen egitekoa den G7koen goi bilera prestatzera etorri zen Macron Euskal Herrira. Hain justu, ikastolen elkarteak nabarmendu du estatuak hiru egunetan 30 milioi euro gastatuko dituela goi bilera horretarako. Alderaketa egin du Indok: «G7koa bost minutu laburtzea eskatzen dugu. Proportzionalki, hori da gure irakasle postuak ordaintzeko behar dugun dirua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.