Hasi dira lehenengo erreakzioak 13/13 auziko epaiaren inguruan. Bizkaian, mobilizazioak egin dituzte Larrabetzun eta Bilbon, eta bihar ere manifestazioa egingo dute Bizkaiko hiriburuan, 19:00etan, Arriagatik abiatuta.
Sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, Sortuk «onartezintzat» jo du «presoen eskubideen aldeko lana zigortzea».
«Berriz min hau», azaldu du Sortuk bere mezuan. «Espainiako Auzitegi Nazionaletik espetxe zigorrak, presoen eskubideen alde lan egiteagatik. Onartezina! Euskal Herrian bakearen aldeko urratsak egiten ditugun bitartean, espainiar estoldetatik errepresioa, ukazioa eta sufrimendua».
LABek, berriz, «elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko oztopotzat» jo du epaia. Sindikatuaren ustez, «urraketaz betetako prozesua» izan da: «Tratu txar eta eraso sexualen testigantzak entzun dizkiegu auzipetuei, inkomunikazio aldiko tortura salaketak, etengabeko irregulartasunak, babesgabetasuna eta eskubide urraketak bizi izan dituzte, eta bis in idem printzipioa bera ere urratu izan zaie».
LABen iritziz, «euskal herritar guztien eskubideak bermatzea» ezinbestekoa da elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko, eta oraingo epaia «benetako oztopo» da ahalegin horren aurka.
Etxerat elkarteak ere elkartasuna agertu die zigortutakoei eta haien lagun eta senitartekoei: «Espetxeak hustu eta bizikidetza eraiki nahi dugun honetan, epaia zentzugabekeria da». Presoen senide eta lagunen elkartearen iritziz, epaiarekin «presoen alde egindako jarduera» zigortu nahi dute: «Euskal herritarren aurkako salbuespen penitentziario eta juridikoari eutsi nahi dio Auzitegi honek, egun, inolako zentzurik ez duen logika baten pean», adierazi du Etxerat-ek.
Sare Herritarrak Joseba Azkarraga bozeramailearen bideo baten bitartez jakinarazi du epaiaren inguruko iritzia. Azkarragaren iritziz, ebazpena «bidegabekeria judizial multzo baten azken atala» da, eta gogorarazi du aurkeztutako frogak «modu zalantzazkoan» eskuratu zirela, zigortuetako batzuek hasieratik torturak salatu zituztelako. «Berriro ere, Dena da ETA tesia indarrean jarri dute, eta abokatu batzuen lan profesionala zigortu nahi izan dute ETAren aitzakiapean; hori onartezina da zuzenbide estatu demokratiko batean», erantsi du Azkarragak.