«Ez dugu mehatxurik edo ultimatumik onartuko». Horixe erantzun dio Nafarroako hezkuntza publikoko gehiengo sindikalak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren azken eskaintzari. Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek gehiengoa dute mahai sektorialean (36 ordezkari, guztira), eta iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela, orain arte egin dituzten aldarrikapenak lortu arte. «Lotsagarritzat» jo dute Gimenoren eskaintza, iragarritako neurri asko «asmo hutsak» direla iritzita. Hezkuntzako sindikatuek orain arte erakutsitako batasuna, ordea, apurtzear egon liteke: Afapna, ANPE eta UGT elkarte minoritarioek (13 ordezkari ditu ANPEk, 12 Afapnak eta UGTk ez du kiderik mahai sektorialean) akordioa sinatu dute gaur eguerdian, Hezkuntza Departamentuan.
Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute gaur Iruñean, hurrengo mobilizazioen berri emateko. Esan dute Gimenok mahai gainean jarri dien dokumentuak ez dituela irakasleen aldarrikapenak «inolaz ere» asebetetzen: «Ratioen jaitsiera ez da hezkuntzako etapa guztietan aplikatuko, eta urrun geratzen da sindikatuok planteatutako proposamenetik». Gainera, uste dute Hezkuntza Departamentuak proposatutako beste neurri asko paper errea izanen direla, aurretik ez badira zehazten epeak eta finantzaketa. Diru kontuez ezer ez esatea ere aurpegiratu diote Gimenori: «Dokumentuan ez zaio inongo aipamenik egiten irakasleok azken urteotan galdutako erosahalmenari».
Edukiaz harago, baina Hezkuntza kontseilariaren formak ere txarretsi dituzte sindikatuek: «Oso larria iruditzen zaigu Gimenok eta Hezkuntza Departamentuak eginiko mehatxua eta ultimatuma». Izan ere, kontseilariak neurri horien aplikazioa lotu nahi izan zuen hezkuntza itun berri bat sinatzearekin: «Ez dugu ulertzen neurri batzuk adosteko bi akordio ezberdin sinatu behar izatea, are gutxiago itun posible berri horren edukia jakin gabe. Gimenok bost urte luze izan ditu sindikatuekin negoziatzeko, eta orain, mobilizazioak bultzatuta irekitako negoziazio prozesua itxi nahi du, korrika eta presaka, eskaintza lotsagarri batekin». Are: uste dute departamentuaren eskaintza «antidemokratikoa» dela, «gutxiengoaren nahiak» baizik ez baititu jasotzen.
Hori dela eta, protestei eutsiko diete Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek: abenduaren 19an, Nafarroako aurrekontuak eztabaidatuko dituzten egun berean, Nafarroako Parlamentuaren parean elkartuko dira irakasleak, 18:00etan. Urtarrilaren 30ean, berriz, beste greba egun batera deitu dituzte irakasleak, «ozen aldarrikatzeko ez dugula onartuko xantaiarik edo ultimatumik, eta benetako negoziazio prozesu bat bultzatzeko».
ANPE: «Aurrera egin dugu, baina ez guk nahi adina»
Sindikatuek eta Hezkuntza Departamentuak 12:00etan egin dute mahai sektorialeko bilkura. Han izan dira akordioa sinatu dutenak —ANPE, Afapna eta UGT— eta baita sinatu ez dutenak ere —Steilas, LAB, CCOO eta ELA—. Sinatzaileen artean, ANPE da adierazpenak egin dituen bakarra. Ohar bidez esan du «agortutzat» jotzen duela azken hilabeteetako mobilizazio aldia: «Honek ez du gehiagorako ematen. 2025eko aurrekontua ia itxita dago, gobernuari eusten dioten alderdiek blindatuta. Ez zaigu egokia iruditzen irakasleei esatea zerbait gehiago lor dezakegula orain».
ANPE irakaskuntza sindikatuaren ustez, akordioa ez da «izan zitekeen bezain ona», baina baditu «hobekuntzak», orain artekoarekin alderatuta: «Ratioen murrizketa lineala aplikatzen hastea, haur eta lehen hezkuntzako irakasleentzako errefortzu orduen kontsolidazioa, nahitaezko formakuntza orduen murrizketa, lan gainkarga burokratikoa murrizteko konpromisoa, eta abar». Sindikatuak txarretsi du, hala ere, akordioan ez dela jasotzen soldaten igoerarik: «Gai hori jorratuko dute Funtzio Publikoaren esparruan; hala ere, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartu du hezkuntzako sindikatuon proposamenak hara eramatera».
Sindikatuak onartu du nahiago lukeela «akordio hobe bat sinatu izana», baina une honetan, ez du beste aukerarik ikusten: «Aurrera egin dugu, baina ez guk nahi adina. Hala ere, aurrekontua ia itxita eta hobekuntzak galtzeko aukera ikusita, uste dugu irakasleentzat aukera onena dela akordio hau onartzea eta lanean hastea, hobekuntzak 2025eko irailaren 1etik aurrera aplika daitezen».
Akordioarekin bat egin ez duten sindikatuek, berriz, haserrea adierazi dute bileratik atera eta berehala. Hezkuntza Departamentuaren egoitzako eskaileretan eseri eta protestaka hasi dira: «Negozioa bai, mehatxurik ez» zioten kartelak erakutsi eta hezkuntza publikoaren aldeko leloak oihukatu dituzte.
kanpaldiei uko egitea, «zilegi»
Urtero, Nafarroako lehen hezkuntzako ikasleek bost eguneko kanpaldia egiten dute Pirinioan, mendi eskia praktikatzen. 'Aste zuria' esaten zaio Nafarroako Gobernuak sustatutako egonaldi horri. Aurten, baina, Iruñeko Mendillorri auzoko ikastetxe publiko batek uko egin dio aste horretan parte hartzeari, irakasleen lan gainkarga salatzeko protesta gisara. Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek babestu egin dute erabakia: «Irakasleok borondate onez egiten dugun lan gehigarriaren adibide garbia da: kanpaldietara joatea da eskola ordutegitik kanpo eta lan eremutik kanpo egiten den lana, eta ez gaude horretara behartuak. Hezkuntza Departamentuak ez du baloratzen era altruistan egiten dugun lan hori guztia; hortaz, zilegi da ezetz esatea», adierazi dute.