Mobilizazioarekin estatuak mugitzera deitu du Herrira-k

Bi manifestazio «erraldoi» egin nahi dituzte: Baionan azaroaren 10ean, eta Bilbon urtarrilaren 12an

Amaia Esnal eta Jon Garai, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Bi mobilizazio, Bidasoaren bi aldeetan, bi estatu mugiarazteko. Helburua, bakarra: «Konponbidearen eta bakearen eraikuntzan aurrera egitea galarazten ari den espetxe politika aldatzea». Herrira mugimenduak adierazi duenez, azaroaren 10ean Baionan eta urtarrilaren 12an Bilbon egingo dituzten mobilizazioak helburu horren aldeko gizarte baten «adierazpen irmoa» izatea nahi dute. Iragarrita zegoen bezala, 15:30ean abiatuko da Baionakoa, Euskaldunen plazatik, Hurbildu bakera. Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean. 17:30erako jarri dute Bilbon ordua; Casillan izango da, eta datozen asteetan argituko dituzte leloa eta gainontzeko xehetasunak.

Herrira-ko kide Amaia Esnalen arabera, une garrantzitsua da Frantziari zein Espainiari espetxe politika aldatzeko eskatzeko. «Preso eta iheslarien egoera gainditzeko erronka historikoa derrigor pasatzen da Madrildik eta Paristik», gaineratu du. Aldaketa horretan, giza eskubideak errespetatzea jarri du lehen geltoki gisa; hau da, «salbuespen neurriak» bertan behera uztea.

«Gizartearen ordua»

Frantzia eta Espainia mugiarazi eta lehen geltoki horretara iristeko, ezinbestekoa da Euskal Herriko gizartearen parte hartzea, Esnalen esanetan. Horretarako, Herrira-ko kideak jakinarazi du hasiak direla antolatzen, herriz herri, Baionarako autobusak. Bilboko Herri Mobilizazio Orokorrari begira, berriz, kanpaina parte hartzailea jarri nahi dute abian, eta ekarpenak egitera deitu dituzte eragile nahiz norbanakoak. «Gizartearen unea da. Horregatik jarri nahi dugu erronka hau gizartearen eskuetan», esan du.

Frantziari dagokionez, berriz, François Hollanderen gobernu berriari mintzatu zaio Esnal, eta «eskaria» egin dio aurreko gobernuen ildotik aldendu eta «aro berrian aurrera egiten lagunduko duen espetxe politika berri bat» martxan jartzen hasteko. Herrira-ko kideak gogorarazi du 135 euskal preso daudela egun Frantzian —gehienak etxetik 1.000 kilometro ingurura daude—, eta salatu du Frantziak ere giza eskubideak urratzen jarraitzen duela. Sakabanaketa, bakartzea eta era horretako «egoera krudelak» eta bizi osorako zigorra jarri ditu adibideen artean.

Era berean, Esnalek salatu du Espainiak ere lehengoan jarraitzen duela: «PPren gobernuak bake prozesuaren aurrean iraganari eusteko horma bilakatu du espetxe politika». Politika hori «zeharo itxita» mantendu arren, Esnalek gogorarazi du aldaketarako eskaerak areagotu egin zaizkiola Espainiari; urte hasieran Bilbon izandako «manifestazio kolosala» —100.000 lagunetik gora izan ziren— eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurka kaleratutako ebazpena adibide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.