Mobilizazio dinamika bati ekingo diote Gasteiz antzokia «lehenbailehen» abian jar dezaten

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak iragarri du elkarrizketak hasiko dituela udal taldeekin, eta mozio bat aurkeztuko duela udal bilkuran. Proiektua martxan jartzeko «borondatea» eta «ekiteko prestasuna» eskatu dizkiote udalari.

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren  gaurko agerraldia Ruiz de Bergara jauregiaren atarian. RAUL BOGAJO / FOKU
Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren gaurko agerraldia, Ruiz de Bergara jauregiaren atarian. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 8a
12:15
Entzun

Jatorri, belaunaldi eta sentsibilitate ezberdinetako euskaltzaleak Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunea hartuko duen Ruiz de Bergara jauregiaren atarian bildu dira gaur, agerraldi jendetsu batean. Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren izenean egin dute prentsaurrekoa Aiala Zaldibarrek eta Txema Ramirez de la Piscinak. Kezka agertu dute Gasteizko Udala proiektuaren inguruan erakusten ari den «utzikeriarekin» eta «borondate faltarekin», eta exijitu diote antzokia «lehenbailehen» abian jartzeko eta behin betiko errealitate bihurtzeko. Hori hala izan dadin, mobilizazio dinamika bat hasiko du plataformak: elkarrizketak abiatuko ditu udal talde politiko guztiekin, antzokia irekitzea galdegiteko mozio bat aurkeztuko du udal bilkuran, eta sarean martxan den sinadura bilketari bultzada emango dio, besteak beste.

Duela hamabi urte sortu zen Gasteiz kafe antzokiaren aldeko plataforma, Andre Maria Zuriaren plazan eginiko agerraldi publiko batean, eta haren lekukoa hartu dute orain Gasteiz antzokiaren aldeko plataformakoek. Orduan bezala, proiektuaren jiran bildutako euskaltzaleek antzokia martxan jartzeko eskatu dute plaza publikoan.

Gasteizko Udalak 2022an amaitu zituen Ruiz de Bergara jauregiaren eraikina zaharberritzeko lanak, baina oraindik itxita daude antzokiaren ateak. «Udalak arrazoi burokratiko eta administratiboak argudiatu ditu eraikina oraindik itxita mantentzeko», txarretsi dute plataformakoek.

«Ulertezin» irizten diote egoerari; «kafkiarra» guztiz. «Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita, eta euskaraz egitekoak ziren hainbat ikuskizun, amets galduen tiraderan sartuta». Izan ere, Lazarraga elkarteak 2015etik 2022ra kudeatu zuen Oihaneder Euskararen Etxearen «sormen faktoria» oparoa izan zen: bederatziehundik gora kultur jarduera antolatu zituen, eta guztira 66.868 erabiltzaile igaro ziren handik. «Hori dena galtzen ari da», ohartarazi dute.

Lazarraga elkartearen erantzukizuna?

Antzokiak itxita jarraitzearen erantzule bakarra Gasteizko Udala dela argi utzi dute. Are, kritikatu egin dute udalak Lazarraga elkarteari leporatu izana egoeraren erantzukizuna, hura izanik egitasmoa diseinatu, mamitu eta gorpuztu duena. Eta «bidegabetzat» jo dute udalak elkartearen bizkar uztea erantzukizun oro: «Ez da onargarria udalak bete ez dituen konpromisoen ardura eta horren ondorio ekonomikoak elkartearen bizkar gainean utzi nahi izatea».

«Ulertezina da egoera, kafkiarra. Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, eraikina itxita dago, eta euskaraz egitekoak ziren hainbat ikuskizun, amets galduen tiraderan sartuta».

TXEMA RAMIREZ DE LA PISCINA Gasteiz antzokiaren aldeko plataforma

Gogora ekarri dute Gasteizko euskalgintzak bi hamarkada daramatzala egitasmoa lantzen, «materia grisa, gogoa, kemena eta indarra jartzen», baina udala beti ibili dela atzetik, eta, gainera, «oso berandu». Horregatik, ahotsa ozendu dute, eta konponbideak eskatu dizkiote Gasteizko Udalari, uste baitute hark sortu duela arazoa. «Borondatea eta ekiteko prestasuna» eskatu dizkiote aterabide baterako.

Irtenbidearen gakoa gizarte eragileen eta instituzioen arteko elkarlanean dagoela sinetsita daude Gasteiz antzokiaren aldeko plataformakoak, baina helburu hori lortzeko «berdinen arteko harremana» eta «errespetua» ezinbesteko direla oroitarazi diote udal gobernuari.

Azpimarratu dute antzokia ezinbesteko proiektua dela hiriarentzat, euskararentzat eta sormenarentzat, eta haren alde lanean jarraitzera animatu dute gizartea, «euskal unibertsoak behar duen arnasgunea delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.