Mobilizatzen segitzeko deia egin du Egin Dezagun Bidea mugimenduak

Euskal presoen aferak gobernuei «gainezka» egin diela uste du, eta gaiari buruz hitz egitera behartuak sentitu direla

Manu Ugartemendia, Amaia Esnal eta Ramon Labaien, atzo, Donostiako prentsaurrekoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Egin Dezagun Bidea mugimenduarentzat abiapuntua izan zen Bilbon euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 7an egindako manifestazio handia. Herritarrentzat ere abiapuntua izan behar duela uste dute mugimenduko kideek, eta, horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute. «Bidea egiten jarraitzeko, giltzarri inportantea da mobilizatzen jarraitzea». Aurreneko aukerahilaren 27an izango dela azpimarratu dute, hileko azken ostirala izanik herri eta auzoetan mobilizazioak egingo baitira. «Aldaketaren giltza herritarren esku dago».

Egin Dezagun Bidearen iritzian, ez dago dudarik: «Herritarrak gobernuen eta agintari politikoen aurretik doaz». Amaia Esnalek eta Manu Ugartemendiak atzo Donostian emandako prentsaurrekoan esan zutenez, Bilboko manifestazioan argi gelditu zen herritar gehienekpausoak emateko eskatzen dietela gobernuei, besteak beste, «preso politikoen aurka mantentzen diren muturreko neurri krudelak berehala kentzeko». Egoera berriak sustatzeko gaitasuna dute herritarrek, Esnalek prentsaurrekoan esan duenez, eta horrek herri eskakizunei erantzutera behartu ditu gobernuak.

Izan ere, manifestazioan Bilboko kaleek egin zuten bezala, gobernuei presoen auziak ere «gainezka» egin diela uste dute mugimenduko kideek, eta horregatik saihetsezina egin zaiela espetxe politika aldatzeko eman beharreko pausoez hitz egitea.

Bi gauza lortu dira Bilboko mobilizazioaren ondorioz, Egin Dezagun Bidea mugimenduaren iritzian: espetxe politika heldulekurik gabe eta defendaezin agertzea, batetik; eta gizartean adostasun handia lortzea, bestetik. «Euskal Herriko jendartearen gehiengo nabarmen baten borondatea, euskal preso politikoen eskubideen errespetutik hasita, kartzela politikaren konponbide irizpideetara mugitu eta gatazkaren konponbidean urratsak egitearekin batera, preso eta iheslarien itzulera bideratzea da», esan zuten Esnalek eta Ugartemendiak.

Nolanahi ere, adostasun handiagoak ere lortu nahi dituzte, eta horretarako lanean jarraituko dute. «Gaur posible izan ez diren adostasunak etorkizunean posible izango direla pentsatzen dugu, horren alde lan egiten jarraituz gero». Eragileekin bitartekari lan handia egin dute orain arte, eta aurrerantzean ere horretan jarraituko dutela diote, haien konpromisoa «modu eraginkorrean antolatzeko».

Aurrerantzean eginkizun gehiago ere badituzte. Egin Dezagun Bidea mugimendua bera antolatu nahi dute, alde batetik. Herri eta auzoetan gero eta bilgune gehiago sortzen ari dira, eta haiek guztiek gogoeta egingo dute, «sortu den dinamika zabal hau nola egituratu zehazteko, eta garapena izan dezan behar dituen tresnez hornitzeko».

Aldaketarako giltza euskal herritarrengan ez ezik Madrilen ere badagoela azpimarratu zuen, bestalde, Ramon Labaienek prentsaurrekoan hitza hartuta. «Bi sarrailako atea da hau», esan zuen.

Euskal Herriko egoera eta Irlandakoa askotan alderatu diren arren Espainiako Gobernua eta Britainia Handikoa ezin direla parekatu uste du. Ingelesak «pragmatikoak» direla azpimarratu du, eta, beraien kartak jokatu izan dituzten arren, negoziatzeko prest egon direla. Espainiak, aldiz, inoiz ez du jakin negoziatzen, Labaienen irudiko; «horregatik galdu zituen Amerika guztiak».

Manifestazioan parte hartu ezbaina Madrilen, isilpean, presoen eskubideen alde lan instituzionala egiten ari denik ere badagoela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.