Heriotza

Mixel Berhokoirigoin hil da

Gaixotasun larri baten ondorioz zendu da. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sustatzaile eta lehendakari izan zen, eta azken urteetan Bakegile ezagunetako bat.  → Berria jakin eta berahala zabaldu dira atsekabe mezuak → Berhokorigoinen ibilbidea, argazkitan. → Haren hitzetan, BERRIAn egindako elkarrizketen bilduma.

Berhokoirigoin, bakegileen ekitaldi batean. BOB EDME
2021eko maiatzaren 8a
11:06
Entzun

69 urterekin, gaur hil da Mixel Berhokoirigoin ekintzailea  (Gamarte, Nafarroa Beherea, 1952). Gamartekoa zen sortzez; laborarien semea izanik, laborarien munduan egin zituen militantziako urte gehienak. Gaixo zegoen.

ETAren armagabetze prozesuan jarrera aktiboa izan zuen, eta preso ere sartu zuten horregatik. 2016ko abenduaren 16an Luhusoko polizia operazioan atxilotu zutenetariko bat zen Berhokoirigoin. Harekin batera eraman zituzten preso Jean Noel Etxeberri Txetx, Beatrice Molle-Haran, Stephane Etxegarai eta Mixel Bergouignan. Egun batzuetara aske utzi zutenean, urratutako bidearekin panorama «aldatu» zela iragarri zuen. Eta halaxe izan zen, ekarri baitzuen urte batzuetara ETA armagabetzea, gizarte zibilaren eskutik.

Bi urte geroago, gogora ekarri zituzten egun horiek. 2018ko abuztuan kendu zizkien epaileak behin-behineko neurriak. Behin armagabetzea lortuta, euskal presoen afera konpodu nahian ari ziren bakegileak, buru belarri, eta haien artean zen Berhokoirigoin ere.

Nolanahi ere, ezaguna zen aurretik ere, hainbat urrats eginak baitzituen naziogintzan. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sustatzaileetako bat izan zen, eta hango lehendakari ere bai, hamar urtez. 2005etik 2015era.

Ipar Euskal Herrian laborari sindikatu bakarra zen garaian (FDSEA), Berhokoirigoin sindikatu horretan engaiatu zen, baina beste ikuspuntu batzuk defendatuz. FDSEA utzi eta ELB sindikatu berriaren sortzean parte hartu zuen, 1982an. Euskal Gazteria katolikoetan aritu zen, eta, ELBko eledunik ezagunena izateaz gain, Confederation Paysanneko idazkari nagusia ere izan zen, baita Via Campesinako partaide ere.

ELBrekin, Ipar Euskal Herriko laborantza sindikalaren paisaia erabat aldatzen hasi zen. Berhokoirigoinek FDSEAn sartu zenean defendatzen zituen printzipio beren alde jarraitu zuen ELBn, hala nola laborari txikien egoera hobetzearen alde, ekoizteko eskubideen banaketa zuzen baten alde, laborantza intentsiboaren aurka eta abar. Eta ELBren aldarrikapen garrantzitsuetariko bat izan da Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzea. «Ez da izanen egiturarik laborantzarentzat, ez bada Iparralde guziarendako», esan zion BERRIAri 2015eko elkarrizketa batean.

Orduan ere eman zizkion buruhausteak Parisek; Laborantza Ganbera sortu zenetik, Frantzia jazarri egin zitzaion, eta Berhoirigoin auzipetu, jarraian izan ziren Pirinio Atlantikoetako prefeten salaketak zirela medio. 2008ko irailean, Baionako prokuradoreak auzipetzea erabaki zuen. 2009ko martxoan, lehen aldiz errugabetzat jo zuten, eta 2010eko otsailean, beste epaiketa batean, behin betiko errugabetzat. Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortuz departamenduko egitura hautsi eta Frantziako erakundeak ordezkatu nahi izatea leporatu zion prokuradoreak. Epaileek ez zuten aintzat hartu estatuaren salaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.