Mitoei planto egiteko

Sexu indarkeriari aurre egiteko tresnez mintzatu dira Iruñean, 'Sexu indarkerien kontrako erresistentziak eta estrategia feministak' izenburupean. Uste faltsuei aurre egiteko beharrean jarri dute arreta.

Sexu indarkeriari buruzko jardunaldia, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sexu indarkeriari buruzko jardunaldia, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
Iruñea
2024ko urriaren 4a
17:00
Entzun

«Sexu indarkeria desmitifikatzeko gai izan behar dugu, eta gizonak interpelatuak sentitu daitezela». Erronka hori proposatu du gaur Iratxe Alvarez sexu indarkeriaren kontrako Iruñeko emakumeen plataformako kideak. Sexu indarkerien aurka landu beharreko estrategia feministez mintzatu da Alvarez, Tere Saez Lunes Lilas taldeko kidearekin eta Ana Burgos Bartzelonako Noctambul@s behatokiko kidearekin batera. Mugimendu feministan urte luzez jardundakoak dira hirurak, eta militantzia horretan ikasi eta ikusitakoak azaldu dituzte gaur. 

Iruñeko Baluarte jauregian elkartu dira hizlariak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako kongresuaren harira. Sexu indarkerien aurrean esku hartzea, erreparazioa eta estrategia feministak du izena saioak: atzo eta gaur hainbat eta hainbat kazetari, sortzaile eta militante elkartu dira bertan. Jardunaldietako azkeneko saioan elkartu dira Alvarez, Saez eta Burgos, Sexu indarkerien kontrako erresistentziak eta estrategia feministak izenburupean. 

Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak gidatu du saioa, eta egungo egoeraren diagnostikoa egiteko eskatu die hiru parte hartzaileei, nork bere ildotik. Saezen taldean, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin lan egiten dute, eta sentsibilizazio arloan ere bai. Erran du balioa eman behar zaiola mugimendu feministak orain arte lortutakoari, aurrerapausoak «ikaragarriak» izan direlako. 

Halere, uste du beharrezkoa dela sexu erasoen arloan dagoeneko existitzen diren legeak «garatzea», horiek betearazi eta aplikatzea. Haren ustez, mugimendu feministak du garapen horren ardura. Bertzela mintzatu da Alvarez: «Instituzioari dagokio ardura guztia. Eskubidea dugu doan eta modu duinean artatuak izateko». 

Izan ere, azaldu du sexu indarkeriaren biktima diren emakumeak «galduta» sentitzen direla, eta, horiek artatzeko baliabideak dauden arren, emakumeek ez dakitela nora joan. «Instituzioek diskurtso feminista ulertu behar dute, baina ez dugu nahi diskurtso feminista bereganatu eta deus ez egitea», borobildu du. 

Azalpen horren harira, bere ideia hobekiago argitu nahi izan du Saezek: «Esan nahi nuen guri dagokigula sexu indarkeriaren biktimen deiak hartzea, horiek artatzea». Berriz ere kontra egin dio Alvarezek: «Instituzioei dagokie zerbitzu duinak eskaintzea».

Gaua

Burgosek droga kontsumoari lotuta gertatzen diren sexu indarkeriak aztertzen ditu. Hark ere aitortu du legedian egon diren aurrerapausoak, baina uste du pedagogia beharrezkoa dela oraindik: «Sexu indarkeria kasu gehienak ez dira gauean gertatzen, besta giroan; eta gizartea ez da hori ulertzen ari». Zorrotz mintzatu da, iritzi baitu «kontrol eta diziplinatze estrategiak» gero eta gehiago erabiltzen ari direla; edarian droga detektatzeko tresnak, edo edalontziak estaltzekoak, erraterako. «Estrategia horiek betikotu egiten dute erasotzaile ezezagun eta maltzurraren irudia; kale ilun batean dagoela eraso egingo dizuna, eta ez dela ingurukoa», zehaztu du. Hau da, aurrerapausoa diruditen urrats horiek direla aurrera egiten uzten ez dutenak.

Horiek horrela, egungo erronkei buruz mintzatzeari ekin diote hiru emaztekiek. Saezek erran du mugimendu feministari esker emakumeek aurrera egin dutela, baina gizonak atzean gelditu direla. Eta hor dagoela erronketako bat. Alvarez ez dago ados: «Lana dugu egiteko, baina gizonek beraiek pentsa dezatela beraiei dagokiena; falta zena: zer egin dezaketen guk pentsatzea, eta haiei esatea». Bertze ideia bat ere nabarmendu du: «Gehiago arduratu beharko genuke segurtasun zerbitzuek egiten dutenaz emakumeak sexu erasoa salatzera joaten direnean; abokaturik eta psikologorik gabe egoten dira maiz». Azaldu du arazo hori hobetu dela azken urteotan, baina «gogorra» dela oraindik emakumeek komisarietan bizi dutena.

Eskaera argi bat egin du Saezek: «Espezialitateetan ez da itxaron zerrendarik egon behar; artatuak izateko eskubidea dugu». Txalo zaparrada luzea iritsi da eskaeraren ondotik. Burgosek, berriz, mugimendu feministak eskaintzen dituen zerbitzuen profesionalizazioa eskatu du; puntu moreena, erraterako. Izan ere, azaldu du horietan maiz gazteek «modu prekarioan» lan egiten dutela, eta azpimarratu horiek ere gogoan izan behar direla. Horrez gain, mitoen aurrean «oso adi» egoteko eskatu du, aurrea hartu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.