«Miresteak on egiten digu». Irati Jimenezek BERRIAn idatzitako artikulu batean jasotako esaldia Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren figurak sorrarazten dion sentimendua adierazteko nahira eraman du gaur Markos Zapiain filosofoak.Txillardegi hizkuntzalari liburuaren aurkezpenean izan da, Donostian. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana. Xabier Mendiguren Elkarreko editorearekin batera mintzatu da liburua aurkezteko agerraldian. Bi atal ditu obrak. Lehenengoa hizkuntzatasunaren inguruan ardaztuta dago, hainbat pentsalariren gogoetak hizpide hartuta. Bigarrengoak euskararen gainean Txillardegik esandakoak ditu hizpide, tartean haren ideia nagusi eta ezagunenetarikoa: euskararen geroa bermatzeko estatu bat izatea ezinbestekoa dela aldarrikatzera eraman zuen horixe.
Datorren astean beteko da Txillardegiren heriotzaren urtemuga: 2012ko urtarrilaren 14an hil zen. Hura gogoratzeko omenaldia egingo dute asteburu honetan Donostian, eta hari gorazarre egiteko giro horretan txertatu nahi izan dute obra honen argitalpena. Zapiainek berak Txillardegiren «talentua» goraipatu du gaur, haren lanerako gaitasuna, eta ezagutzan sakontzeko izan zuen era «poliedrikoa». Matematikan zituen ezagutza apartak nabarmendu ditu besteak beste, zientziaren irizpideen barruan jarduteko zuen abilidadea, eta ideiarik konplexuenak ere arauen bidez adierazteko egiten zuen ahalegina. Musikari gisara zuen iaiotasuna ere goraipatu du. «Haren obran sartzea ipotx bat erraldoi baten sorbaldetan jartzea da».
Liburuan ere jasota dago gaur Zapiainek agerian utzi duen miresmen hori, Txillardegiren lanen oparotasuna gogoan hartuta: «Soziolinguistika matematikoaren inguruan Txillardegik idatzitako liburuak ekuazio, taula eta hizkuntza matematikoz josiak daude». Baina bestelako lanak ere egin zituen, eta hortxe dago Zapiainen ustez miresmenerako motiboetako bat: «Gezurra dirudi pertsona berak idatzi izana Putzu eta Soziolinguistika matematikoa». Txillardegiren nobeletako bat da Putzu, 1999koa. Soziolinguistika matematikoa 1994an argitaratu zuen.
Txillardegi hizkuntzalari lanak abiaburu du Txillardegiren pentsamendua batxilergoko ikasleengana hurbilarazteko aurrez hainbat irakaslek egindako lanketa bat. Administrazioak horretarako eskea eginda, Zapiain bera izan zen lanketa horretan jardun zutenetako bat. Ikastetxeetarako prestatuz joan zen lan horren harira, blog batean hainbat testu argitaratu zituen aurrena, eta horiek izan dira, hain justu ere, liburuaren ernamuina. Jatorrizko asmoa «ikasle eta irakasleentzako» propio prestatutako testuak idaztea zenez, ideiak argi mamitzeko ahalegina egin duela nabarmendu du. «Izan ere, zailak dira askotan berak aipatzen dituen autoreak, batez ere Lacan». Liburuan aztertuta daude Benjamin Lee Whorf eta Claude Levi-Strauss ere, besteak beste.
Bi zati
Liburuaren lehen atalaren izenburua Hizkuntzatasuna da. Txillardegik berak asmatutako hitz bat dela esan du Zapiainek. «Eta uste dut hizkuntzatasunari dagokionez kontzeptu funtsezkoa dela estrukturagile inkontzientearena». Zer funtzio duen azaltzen ahalegindu da: «Guk gizakiok, berez, mundura gatozenean, kaos bat topatzen dugu, eta mapak behar ditugu, ordena, antolamendua, eta gure baitan badago estrukturagile inkontziente bat guztia bihurtzen duena zeinu hizkuntza». Autore askok landutako ideia da, hainbat ikuspegitatik, eta Txillardegiren pentsamendua bera inarrosi zuen: hain justu ere, Zapiainen ustez, nabarmengarria da dena arau horren arabera antolatuta egoteak «bizidun guztiekiko» nolako «ahurridetasuna» sentitzera eraman zuen Txillardegi.
«Proposatu zuen euskal estatua sortzea, baina ez edozein estatu, baizik eta estatu bat bere tresna guztiak ipiniko dituena euskararen alde»
MARKOS ZAPIAIN'Txilardegi hizkuntzalari' liburuaren egilea
Liburuaren bigarren partea, funtsean, Zapiainen arabera, Txillardegiren biografia da, «euskara ardatz» hartuta egindakoa. Eta haren ideia ezagunenetarikoa hantxe dago jasota. «Ikusi zuen bizirik irauten duten hizkuntzak direla estatu bat dutenak, eta orduan proposatu zuen euskal estatua sortzea, baina ez edozein estatu, baizik eta estatu bat bere tresna guztiak ipiniko dituena euskararen alde». Tesi horren alde egite aldera Txillardegik beste hainbat hizkuntza gutxituren gainean egin zituen ikerketak eta gogoetak jasota daude, besteak beste, liburuaren bigarren atal horretan; gaelikoa eta hebreera daude aztertuta, adibidez.
Tankerako obrak egiteko orduan lana asko «errazten» dela adierazita, Jakinen digitalizazioari esker egun eskura dauden testuen ugaritasuna eta eskuragarritasuna nabarmendu du Zapiainek, esker oneko. Tartean ahaztutako autore askoren lanak irakurtzeak sorrarazten duen zirrara nabarmendu du, eta hor ikerketa gehiago egiten joateko ateak irekitzen segitzeak duen garrantzia: «Ez Irulegiko Eskua aztertuta bakarrik, obra horiek aztertuta ere argi gelditzen da iraganak ezusteko gehiago ematen dituela etorkizunak baino».