Mirentxin gidarien taldeak bukatutzat eman du bere bidea: «Badirudi guretzat azken bidaia heldu dela, eta gure desiorik sakon eta indartsuena helarazi nahi dizuegu, gurearen bukaera heldu den bezala, zuentzat ere azken bidaia laster hel dadin», idatzi dute gutun batean, euskal presoen senideei zuzenduta. Izan ere, jada ez dago euskal presorik Espainiako Estatuko urruneneko espetxeetan —Frantziako Estatuan oraindik urrun daude bortz emakume preso—, eta, beraz, bere jardunari bukaera ematea erabaki du taldeak. Gutun batekin itxi dute bidea, bereziki senideei eskerrak emanez: «Urte hauetan guztietan argi izan dugu guretzat protagonista nagusiak presoen senide eta lagunak izan zaretela, eta, bereziki, seme-alaba, senar-emazte zein gurasoak».
Elkartasun taldeak gogoratu duenez, Mirentxin gidarietan parte hartu izan dutenek «elkartasuna era aktiboan» gauzatzea erabaki zuten, senideek pairatzen zuten «egoera gogorra» goxatzeko, baina nabarmendu dute hori ezinen zuketela egin seniderik gabe: «Zuen duintasuna eta kemena ezinbestekoak izan dira guretzat gau ilunenei aurre egin ahal izateko edota bazkaldu ondorengo eguzki distirek eragin diguten logalea alde batera uzteko».
Gidariek gogoan izan dute, halaber, senideek nola «zaindu» dituzten: etxean egindako tortillak, bizkotxoak, kafeak... eta bidaietako hizketaldiak konpartituaz. «Zuekin izandako solasaldi luze bezain sakonak betirako izango ditugu oroimenean, bidaia luzeek hizketaldi luzeak egiteko tartea eskaintzen baitziguten: kartzela barruko egoeraz, marrazki bizidunez, eskola edo laneko kontuez, kirolaz, parrandaz, musikaz edo baita istorio pertsonalez ere». Mirentxineko kideen hitzetan, «konplizitate bat sortu da kilometroz kilometro», eta «benetan bete» ditu senideentzako «lagungarria» izan den «bitarteko bat sortu eta mantendu» ahal izateak. Euskal presoak etxera ekartzeko desioz bukatu dute gutuna: «Etxean nahi ditugu, zuen alboan».