Euskal Presoak

Miren Zabaleta: "Edonor duintasunez eta bakean agurtzea ez da delitua"

Miren Zabaleta, Oihana Garmendia, Antton Lopez 'Kubati' eta Olatz Dañobeitia, atxilotuta eduki ditu Guardia Zibilak ordu batzuetan. "Terrorismoa goratzea" leporatzen diete, eta Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenaldi ekitaldiarekin daude lotuta atxiloketak. Bideoa albistearen barruan.

Dañobeitia, Lopez eta Garmendia, Intxaurrondotik atera direnean. JON URBE, ARGAZKI PRESS
2018ko martxoaren 20a
07:05
Entzun

Goizean atxilotu eta arratsaldean aske utzi ditu lau lagunak Guardia Zibilak. Intxaurrondora eraman dituzte eta handik atera dira.

[youtube]https://youtu.be/pMT4HnMG3dc[/youtube]

Guardia Zibilak bere ekimenez atxilotu ditu, deklarazioa hartzeko. Antza denez, ez dago epaile baten agindurik. Abokatuak bihar jakingo du atxilotuak zein egoera zehatzetan dauden orain. Halaxe berretsi du Oihana Garmendiak aske utzi ostean, Euskadi Irratian egin diote elkarrizketan: "Auzitegi Nazionalera txostena bidaliko dutela esan digute, baina ez dakigu beste ezer".

"Errelatu bakarra inposatzeko ahaleginean" kokatu ditu atxiloketak Garmendiak, baina beraiek "bakearen alde" ari direla lanean eta halaxe jarraituko dutela ohartarazi du. Hori bai, Euskal Herrian sufrimendua oraindik egunero bizitzen dela salatu du, eta gogora ekarri du, adibidez, duela bi aste agurtu zutela Puerto III espetxean hil zen presoa: Xabier Rey. "Bada garaia sufrimendua amaitzeko", esan du.

Atxilotuei "terrorismoa goratzea" leporatzen diete. Polizia operazioa Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenezko ekitaldiarekin lotuta dago. Iazko azaroaren 26an egin zuten ekitaldia, Lazkaon (Gipuzkoa). Ezker abertzaleko hainbat ordezkari esanguratsuk parte hartu zuten ekitaldian.

Miren Zabaleta Sortuko Nafarroako arduradun politikoa Iruñean atxilotu dute, autoa hartzear zenean. Garmendia Kalera Kalera egitasmoko bozeramailea 07:00etan atxilotu dute, Gernika-Lumon (Bizkaia), medikuarengana abiatzekotan zela —zazpi hilabeteko haurdun dago—. Dañobeitia Bilboko San Frantzisko auzoan atxilotu dute. Guardia Zibilak etxean atxilotu du Lopez. Sortuk arduraz jokatzeko eskatu die beste alderdiei: "Bakearekin gaude, edo bakearen etsaiekin".

Zabaletak, aske utzi dutenean bi txio idatzi ditu, esanez, inor "duintasunez eta bakean" agurtzea ez dela delitua.

AVT biktimen elkarteak Gonzalez Peñalbari eskainitako ekitaldia debekatzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari, baina honek ez zuen halakorik egin. Aldiz, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari agindu zien ekitaldia zelatatzeko, terrorismo goratzerik edota biktimen umiliaziorik gertatzen zen ala ez behatzeko.

Ekitaldiaren ondoren, salaketa aurkeztu zuen Covite biktimen elkarteak, baina fiskaltzak ez zuen haintzat hartu, Gonzalen Peñalbak ETAn izan zuen ibilbidea goratzeko asmorik ez zegoela iritzita. Gaurko atxiloketek fiskaltza "agerian" utzi duela adierazi du biktima elkarteak, eta hark ez zuela dagokion ardura bete. Horrez gain, Covitek jakinarazi du, atzo, Zunbeltz Larrea euskal presoari Durangon eta Ondarroan (Bizkaia) egin zizkioten ongi etorri ekitaldiak ere salatuko dituela.

Euskal presoei espetxetik irtendakoan egin ohi zaizkien harrera ekitaldiak eztabaida politikoan eta mediatikoan direla atxilotu dituzte Zabaleta, Garmendia, Kubati eta Dañobeitia. Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño euskal presoen harrera ekitaldian agertu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko hainbat kide joan den otsailaren 18an, eta halako ekitaldietan ETAko kideak goratzen zirela salatu zuten. Igerategiri eta Otañori egin zitzaien harrera kritikatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere. Aste horretan bertan, eztabaida Eusko Legebiltzarrera eraman zuen PPk, eta legebiltzarrak "ETAko kideen omenaldiak" gaitzetsi zituen, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen botoekin.

BERRIAk Garmendiari eta Juan Mari Olano euskal preso eta iheslari ohiari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen 2016ko apirilaren 9an. Orduan nabarmendu zuten euskal preso eta iheslariak etxera itzultzeko baldintza sozial eta politikoak sortzea zutela helburu.

Antton Lopez Kubati-k euskal presoek legedia erabiltzearen aldeko jarrera adierazi zuen BERRIAn, iazko urriaren 8an argitaratutako elkarrizketan.

Garmendiaren atxiloketa salatzeko, elkarretaratzeegin dute, Gernika- Lumon. Merkurio plazan. Lekeition, berriz, Dañobeitiaren aldeko mobilizazioa egin dute ordu berean, Eskolapian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.