Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemosen lehendakarigai izanak, iragarri du EHUko irakasle lanetara itzuliko dela, apirileko bozetan Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe geratu ostean: «Hortik lanean jarraituko dut zuzenbidea justiziara hurbiltzeko, askatasuna eta berdintasuna, elkartasunak gidatuta, benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen pertsona guztientzat». Mezuan kritiko azaldu da bozetako porrotarekin ere: «Aurreikusitako porrota». Elkarrekin Podemosen eta Sumarren arteko banaketa egin du horren erantzule.
Apirilaren 21eko bozen osteko Eusko Legebiltzarra eratzeko prozesua martxan da, eta, beraz, Gorrotxategik gaurkoa du azken eguna legebiltzarkide gisa. Unea baliatu du sare sozialetan esperientzia horren inguruko «gogoeta batzuk» egiteko. Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak adierazi du «zintzotasuna eta ausardia» behar direla gertatutakoa aitortzeko, eta, apirileko bozetan, zehaztu du ezker konfederalaren batasunik ezak «hauteskunde porrotaren aldeko apustua» ekarri zuela: «Gizartearen zati handi bat merezitako ordezkaritza politikorik gabe uztearen arduragabekeria, parlamentuan bere eskaerak bideratzeari uko eginez».
Hala, uste du espazio politiko hori «berregin» egin behar dela, nahiz eta ez duen zehaztu prozesu hori nork osatu beharko duen: «Denborak esango du nork eta nola». Hori bai, ezinbestekotzat jo du «egia» ardatz hartzea: «Egiari aurrez aurre begiratu behar zaio, ekidistantziarik gabe; egiak zintzotasuna eta ausardia behar ditu gauzak diren bezala eta izan ziren bezala aitortzeko».
Era berean, Gorrotxategik eskerrak eman dizkie azken lau urteetan laguntza eskaini diotenei: «Pertsona horiek, beren filiazio politikoa alde batera utzita eta ezer espero gabe, beren konbikzioek gidatuta eta guztion onerako lan egiteko asmoz, beren jakintza eta denbora eman digute proposamen politiko zorrotzak eta beharrezkoak lantzeko». Hala, uste du badirela pertsona eta kolektibo ugari politikari «gizartea eraldatzeko tresna gisa» erreparatzen diotenak, eta «erakundeen utzikeriari aurre egiteko eta gobernu formula bideragarriak eta justuak eraikitzeko» lanean ari direnak. «Horiei guztiei esker, hobeto ezagutu ahal izan dugu Euskadi erreala, haren minak, erronkak, aukerak... eta egiaztatu ahal izan dugu asko dagoela egiteko eta, gainera, egin daitekeela».
Hamarkada bat
Miren Gorrotxategik 2015ean ekin zion bere ibilbide politikoari. Urte hartako abenduko Espainiako Gorteetarako bozetan, Senaturako Podemosen Bizkaiko zerrendaburua izan zen, eta bigarren indarra izanik, eserleku bat eskuratu zuen. Kargu horri eutsi zion 2016ko ekaineko bozetan ere. 2019ko apirileko hauteskundeetan, berriz, Espainiako Kongresurako hautagai izan zen; Bizkaiko zerrendako bigarrena. Lortu zuen eserleku bat, baina ez zion asko iraun, urte bereko azaroan egin baitziren berriz ere bozak. Orduan, ordezkari bakarra eskuratu zuen Unidas Podemosek.
Espainiako Gorteetatik kanpo geratu ostean, Podemosen zuzendaritzak haren alde egin zuen 2020ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan alderdiaren lehendakarigaia izateko. Gorrotxategik Rosa Martinez Ahal Dugu-ko zuzendaritzak proposatutako hautagaiari irabazi zizkion primarioak, Ahal Dugu-ren orduko zuzendaritzaren dimisioa eragin zuen prozesuan. Gorrotxategiren gidaritzapean, Elkarrekin Podemos-IUk sei ordezkari eskuratu zituen, 2016an baino bost gutxiago. Ahal Dugu-ko kideek Gorrotxategi aukeratu zuten berriro apirileko bozetan lehendakarigai izateko, baina Elkarrekin Podemosek ez zuen ordezkaritzarik eskuratu.