Miren Etxebestek eta Ricardo Bakerok euren hautagaitzak aurkeztu dituzte EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritza gidatzeko barne prozesurako. Etxebeste Elkarrekin koalizioaren eleduna da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta BaKero Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari koalizio berean. Bi horiek soilik ez, Unai Alijas militanteak ere aurkeztu du bere burua prozesurako.
Astea hastearekin ekin dio Ahal Dugu-k Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuzendaritza organoa berritzeko prozesuari. Ordutik atzo gauerdira arteko tartea izan zuten militanteek euren hautagaitzak aurkezteko, eta Etxebeste, Bakero eta Alijas izan dira Pilar Garrido egungo koordinatzaile nagusiak utziko duen hutsunea betetzeko urratsa egin dutenak.
Etxebeste Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna da. 2018an egin zuen jauzia politikagintzara, Irun jaioterrian (Gipuzkoa). Ahal Dugu-ren idazkari izendatu zuten han, eta, 2019ko udal hauteskundeen ostean, zinegotzi kargua hartu zuen; udal gobernuan, Berdintasun eta Euskara zinegotzi izan zen. Iaz, baina, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko Elkarrekin koalizioaren hautagaia izan zen foru hauteskundeetan, eta batzar nagusietako eleduna da ordutik.
Bakero, berriz, gizarte hezitzailea da lanbidez, baina hura ere politikagintzan ari da azken urteetan. Egun, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide da. Ahal Dugu-ren sorreratik aritu da alderdian, eta 2015ean eta 2019an espazio politiko horrek aurkeztutako zerrendako hautagai izan zen Sestaoko (Bizkaia) udal hauteskundeen, baina ez zuen eserlekurik eskuratu. 2021ean, Ahal Dugu-ren Bizkaiko zirkuluetako koordinatzaile izendatu zuten, eta EAEko batzorde exekutiboko kide. Iaz, berriz, Bizkaiko Batzar Nagusietarako bozetarako zerrendan aurkeztu zen, eta ordutik batzarkide da, eta batzarreko mahaiko kide.
Behin hautagaitzak baieztatuta, bigarren fase bati ekingo diote hautagaiek. Hurrengo egunetan, alderdikideen bermeak eskuratu beharko dituzte, eta azaroaren 29an jakinaraziko dute nortzuk izan diren gutxieneko langa gainditzeko gai. Behin hori eginda, abenduaren 2rako erregistratu beharko dituzte zerrendak, eta berme batzordeen galbahea igarota, abenduaren 7an emango da behin betiko hautagai zerrenden berri.
Zuzendaritza eskuratzeko lehia bada, hautagaitzek kanpaina egiteko aukera izango dute abenduaren 8tik 13ra bitarte. Eta tarte berean, 9tik 13ra, bozketa egingo da, modu telematikoan. Hala, abenduaren 14an argituko da zein izango den zuzendaritza talde berria.