Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Patxi Baztarrikak ez du segituko azken lau urteetako postuan. Dobaran Eusko Jaurlaritzan jarduna da, eta Euskara zuzendaria izan zen Bizkaian

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Berrikuntzak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan. Patxi Baztarrikak ez du jarraituko sailburuorde gisara, eta Miren Dobaranek hartuko du kargu hori, BERRIAk iturri ofizialetan baieztatu duenez. Sailburuordetzan bertan aritua da Dobaran, urtebetez, 2008an, Euskara Sustatzeko zuzendari gisa —Baztarrika sailburuorde zela, hain justu—; Bizkaiko Aldundira jo zuen handik, Euskara zuzendari modura. 2014ra arte egon zen kargu horretan. Euskara irakasle aritu da azken urteetan, eta aurretik euskara teknikari gisara ere jardun zen.

Sailburu berria du hizkuntza politikarako arloak Jaurlaritzan. Azken legealdian, hiru arlo bildu zituzten, Cristina Uriarte buru zela: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura. Orain, Uriartek Hezkuntzan segituko du, eta Bingen Zupiriak hartu du Hizkuntza Politika eta Kultura Saila. Hark egin ditu aldaketak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan.

Bi legealdi egin ditu postu horretan Baztarrikak. Aurrenekoa, 2005etik 2009ra, Miren Azkarate Kultura sailburu zela; bigarrena, 2012tik oraintxe arte, Uriarte sailburu zela. Andoaingo Udaleko euskara teknikaria da, eta euskarari buruzko hainbat lan egindakoa; besteak beste, Babeli gorazarre liburua (Alberdania, 2010). Kultura Saileko iturriek adierazi dute Baztarrikari «aitortu» diotela urteotan egindako lana, eta hori izango dutela «abiapuntu».

Euskarazko irakaskuntzan

Miren Dobaran (Berango, Bizkaia, 1970) izango da sailburuordea. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta itzultzaile ikasketak ere baditu. Euskararen arloan, irakasle gisa egin du ibilbide luzeena: euskara irakasle izan da Kirikiño ikastolan eta Lauro ikastolan —Haur Hezkuntzako zuzendaria izan da eskola horretan orain arte—. Helduen euskalduntzean ere aritu da; Getxoko euskaltegian jardun zen, eta Labayrun. Uribe Kostako euskara teknikari ere bai.

Arlo politikoari dagokionez, Berangoko alkate izan zen 2000 eta 2007 artean. Eudel udalen elkartean ere jardun zen, berdintasun politiken arduradun —esparru horretako ikasketak ere baditu—. Eusko Jaurlaritzara 2008an iritsi zen, baina aurki hartu zuen Bilborako bidea, Bizkaiko Diputaziora, Euskara zuzendari gisa, Josune Ariztondo Kultura diputatu zela. 2013an kargua utzi zuen. Irakaskuntzan aritu da orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.